kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Zuri-beltzeko argazkiak / Arantxa Urretabizkaia / Pamiela, 2014

Grisez tindatutako mihisea Hasier Rekondo / Berria, 2015-01-18

Ez dira gurean oso ohikoak iragan mendeko 50eko hamarkadaren gaineko literatur lanak, ez frankismoak sortutako gerrak eragindakoak adina bederen. Arantxa Urretabizkaiak (Donostia, 1947) estilo xumez eta gardenez eman du Zuri-beltzeko argazkiak bere azken liburuan (Pamiela, 2014) belaunaldi oso bat grisez tindatu zuen hamarkadaren nondik norakoa. Arrazoia izan eta galtzaile suertatu zirenen kronika izan nahi du liburuak. “Galtzailearen lotsa, agian, beldurra, noski, hilketa izugarri baten ondoren bizirik atera denaren beldur aipaezina, ametsetan azaltzen diren horietakoa”.

Oroimen pertsonalak kazetariaren hoztasunaz eta zirujau trebatuaren teknikaz emanez, Urretabizkaiak asko zaintzen du memoriaren apar-markak ez dezala “auto-fikzioaren” edota “moralkeriaren” esparru emozionala zeharkatu. Jaiotzatik hasi eta 1960. urtera arteko oroimenaren zirrikituetan arakatu du idazle donostiarrak. Haurtzaroaren gai erredundantea aukeratu izanagatik, liburuak badu oroimen pertsonalaz haratago joateko beharrizan nabaria. Bada, ez da kasualitatez aukeratua lehen atala: Notario batek egiaztatuko lukeena. Gure oraina erabat baldintzatu duen hamarkada historikoaren testigantza, notario baino gehiago, antropologo-lanetan ere aritu dela esango nuke: oroimenak apetaz lagatako argazkiak errebelatu dituen antropologoa. Aipatu lehen atal horretan, Donostiako Txomin Enea auzoan jaiotako idazlearen bizitzako pertsonaia nagusien soslaiak ematen zaizkigu: gerra ostean heriotza-zigorra eta kartzela pairatu zuen aita Patxiren figura, familiako “auzitegi-gorena”, argigarria da oso kartzelako esperientzia lazgarriaz bizitzeaz gain langabezia jasan behar izan zuen aitaren potreta, Francoren aurka zutik iraun zuen arrazoiaren pertsonifikazioa; garai hartan emakumeek etxez kanpoko lana nekez ezagutzen zuten ama Carmen langile eta erlijioduna, beldurraren eraginez gerra ostean etxean gotortutako izeba Pakita edota zahartzaroan burua galtzen hasia zen amona Antxoni. Bitxia egin zait anaiaren eta ahizparen berri handirik ez aurkitzea liburuan zehar.

Memorien generoa jorratzen duen arren, kronika historikotik ere edaten du liburuak, eta historia “handiaren” gakoak deszifratu nahi ditu: gerrak, errepresioak, erlijioak eta beharrizanak baldintzatutako historiak zizelkatutako haurtzaro pertsonala pluralera eramanez. Bigarren atalean, gaika antolatutakoan, Eliza, Gorputza, Arropa, Ikatza, Franco, Dirua, Euskara, Jolasak, Mutilak eta neskak, Baserria, Jatekoak eta Ikasketak titulupean ematen zaizkigu aipatu argazkiok. Bidenabar, esango nuke liburuaren alderik ahulena tituluetan aurkitzen dela, liburua bera izendatzeko aukeratu izenburu lar higatutik hasita. Alta, era berean, formaren aldetik estilo klasikoa eta ez oso eraldatzailea aukeratu izanak nolabaiteko neurri orekatu bat ematen dio lanari. Haurtzaro gazi-gozoaren esperientzien berri emateko erabilitako distantziak agian murriztu egiten ditu ustekabe eta emozioetarako aukerak, baina Urretabizkaiak argiro erakusten du ez duela intimitateen gaineko liburua ondu nahi izan.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak