kritiken hemeroteka

8.733 kritika

« | »

Poesia kaiera / Emily Dickinson (Angel Erro) / Susa, 2014

Heriotzarik ez dago Igor Estankona / Deia, 2015-01-17

Angel Errok trebetasunez itzulia, fidagarri eta eder, Munduko Poesia Kaieretan Emily Dickinsonen antologia agertu da. Hartu dut gogo biziz, baina irakurri dut astiro. Mila ertz dituen poesia da hau.

Beñat Sarasolak gaztigatu digu ezer baino lehen hitzaurrean: “Dickinsonen poesiaren ezaugarrietako bat zailtasuna da; ez da ulerterraza, besteak beste, ahots indibidual hain indartsu horri jarraiki, topiko oro ekiditen ahalegintzen delako tai gabe. Alabaina, horrexek egiten du halaber hain garaikide, XIX. mendean idatzia izan bazen ere”. Zailtasun horrek egiten du, esan dezagun bidenabar, txalogarri Erroren ahalegina. Shakespeareren zale amorratua zen erromantiko haren berba txirikordatuak euskarara ekartzea lortu du itzultzaileak, ukitu gotikoa eta neurosi sintomak galtzen utzi barik: “Denborak sendatzen du omen —/ Baina denborak ez du inoiz sendatu —/ Benetako mina handiagotzen da/ Zainak bezala, urteekin — “.

Emily Dickinson (Amherst, Massachusetts, 1830-1886) etxean itxita bizi izan zen. Bakardade hura, gizarteari begietara begiratu gura ez hura, idazteko akuilu bihurtu zitzaion. Bestelako mistizismo bat izan zen Dickinsonek bere idatzietara ekarri zuena. Heriotzaren gorazarrea, hizkuntzaren inbentzioa, munduaren aurkikuntza berri bat. Horregatik ezarri zituen bere arau propioak, eta puntuazio zeinu oro bihurtu zuen marra, minuskula zenbait bihurtu zuen letra larri. Gidoi luzeok eta aipatutako maiuskulak errespetatu egin dira antologia honetan, zeina Thomas H. Johnsonen edizio kanonikoan oinarritzen den, nahiz eta Ralph W. Franklinen 1998ko edizioko poemen hurrenkera ere ageri den Johnsonen zenbakeraren ondoan.

“Maitasunaz dakigun guztia da/ Maitasuna besterik ez dagoela;/ Hori aski da, zamaontziak behar du/ Bere lorratzaren tamainakoa izan”, diosku. Bihurtu ere amodioa bihurtu zuen, paradoxaren bidez, amets ezinezko, amets handiegi. Eta maitasunaren baieztapen hiperboliko hori berori aplikatzen dio heriotzari ere. Heriotza da bera poemetako maitalea. Amaiera da bizitzaren jarraipen naturala, Itakarako bidea: “Maiz uste izan nuen Bakea heldua zela, Baina oraindik oso urrun zegoen (…) Ikusi nahian iritsi aurretik/ zenbat Kosta alegiazko dauden”. Naretasun horrekin darama irakurlea Dickinsonek inkontzientearen lurraldeetara. Leuntasun harrigarri bat ematen dio poesia literalki terrible bati. Hori da bere sekretua. Hitzek ez dute berez ezer berezirik esan nahi, baina bere lumapean sakontasun itzel bat hartzen dute, indeterminazioak emana: “Argiaren azpian, oraindik beherago,/ Belarraren eta Lohiaren azpian,/ Kakalardoaren Gordelekuaren azpian,// (…) Irudimenak posible duen baino harago/ Misterioak ezagutu Lurretik harago —/ Aineza Orbita batez zeharka/ Hildakoen eta Gure arteko Aldea!”.

Norberak bere baitan idazten duen liburu horietako bat da hau. Larritu egingo zaitu. Edo beharbada liberatu egingo zaitu.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak