kritiken hemeroteka

7.001 kritika

Azken kritikak

« | »

Arma, tiro, bammm! / Joan Mari Irigoien / Elkar, 2013

Hala bedi ez P, eta orduan ez Q Saioa Ruiz Gonzalez / Argia, 2014-11-16

Handitzat har daiteke Joan Mari Irigoienen azken eleberria: Arma, tiro, bammm!

Ozta-ozta 600 orrialde egiten dituen liburu mardul honen izenburuari erreparatuta, tematikaren ildoari buruzko susmo txiki bat izan dezakegu: armak, hortaz, gerra. Esan nahi baita, baldin eta P orduan eta Q. Eta era berean, nahiz eta ez Q beti existituko da P, beraz Q asmatu behar. Noiz utziko diogu ekuazio matematiko honen zirkulua gizentzeari?

Matematika hizkuntza bilakatze prozesu horretan, zenbait galdera interesgarri proposatzen ditu eleberri honek; zertarako armak ekoitzi, gerra ez badugu nahi? Eta orduan, bidezkoa al da ekoizpen horretaz baliatzea armen kontrako gerran? Horrela formulaturik suabeago diruden arren ondorioa bera da: gizakiak nola edo hala asmatu beharra du gerra, batez ere arma trafikoa batzuen aberastasun-iturri den heinean.

Hausnarketa honi bidea emateko hari narratibo bik eutsiko diote josketa lanari; Mendebaldeko munduaren orratza batetik eta Ekialde Hurbilekoa bestetik, bakoitza mutur batetik hasita, begia begi truk leloak bultzaturik, sare beraren ekoizle bilakatuko direnak. Zein den errudun eta zein biktima izango da pertsonai batzurengan azaleratuz joango den funtsezko galdera, maite ditugun pertsona errugabeen heriotza mendeku hartu nahi izatean hain zuzen ere, erantzun erraza ez daukana.

Bloke handien arteko gerra horretan, bi familien istorio paraleloki garatuek osatzen dute eleberriaren mamia; Bereibar izeneko herri batekoa bata eta Balad al Xams-ekoa bestea. Tregua barik ekingo dio idazleak, pisutsu xamar zenbaitetan, familia bakoitzaren hirugarren belaunaldira arteko biografia kontatzeari. Zentzu horretan goraipatzekoa da Irigoienek mundu islamdarraren fabulazioan burutu duen lan izugarria. Ez soilik erlijio, ohitura zein giro kulturalaren aldeei dagokienez, guzti horrek pertsonaia bakoitzaren barne mundua eraikitzeko momentuan baizik.

Zerk bultza dezake talibana motxila jantzita bere buruaz beste egitera? Ez da justifikazio kontua idazleak bilatzen duena, gorputz osoa dardar batean jartzen digun hotzikara eragitea baino. Bide beretik aipatu ere, nahiz eta nire ustea izan daitekeen, badela eleberrian erruduna zelatatu nahiko lukeen hatz seinalatzaile bat, idazlearen inkontzienteak traizionaturik edo, bere kabuz jokatzen duena. Hala izanik ere, eleberriak mantentzen du haren berezko indar eta kalitatea, beraz zinez gonbidatzen dut irakurlea orrialde hauetan barrena bidaiatzera.

Istorioek aurrera egin ahala, biek bat egingo duten susmo aski ziurra du irakurleak. Momentu hori noiz iritsiko zain, narrazioaren tentsioa in crescendo doa, bammm! entzungo dugun arte.

Azken kritikak

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Aiora Sampedro

Badena dena da
Patxi Zabaleta

Amaia Serrano Mariezkurrena

Neska bat leku inposiblean
Xabier Amuriza

Estibalitz Ezkerra

Poesia kaiera
Alfonsina Storni

Alex Uriarte

L.A.A.
Maixa Zugasti

Ibon Egaña

Duchampen inguma
Eric Dicharry

Javier Rojo

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak