kritiken hemeroteka

8.308 kritika

« | »

Tractatus / Jule Goikoetxea / Susa, 2014

Mozorroa erantzi Igor Estankona / Argia, 2014-06-22

Jule Goikoetxearentzat humanitatea da zentzugabekeriaren gainean zuzen, tente ibiltzeko sofistikazio bat. Lerro zuzenari jarraitzeko ezgai, liburu bat idatzi du trinkoa eta tapitua, bihotzera baino burura apuntatzen duten jaurtigaiak botatzen dituena. Topikoak eta paisaia ezagunak alde batera utzi eta poesia bitala eta gartsua idatzi du. Arriskatu egin du, eta kontzeptualki berritzaileak begitandu zaizkit Tractatus honetako hainbat hausnarketa liberatzaile. Batzuetan ematen du tratatu logiko-filosofiko bat poesiaren baliabideekin eraikia, arean ezkorra baina errenditzen ez dena. Aitaren heriotzak eta inoiz desagertzen ez den maitasunak utzitako hutsunea ulertzeko modu bat ere izan ei da Tractatus, Tomas Goikoetxeari amultsuki eskainia.

Idaztearen —bizitzearen beraren— pribilegioa ospatzeko modu bat eta galdera sakonak egiteko aitzakia, biak dira era berean Tractatus. Eta jarraitzen ez baditut betiko bideak? Eta egiten badut zer edo zer desberdina? Eta etika berriak estetika berria beharko balu egoki espresa gaitezen? Erosokeriaren eta anestesiaren kontrako mendeku literario legez, topikoak ez du lekurik liburuan: “Biolentziaren/ ordena sinbolikoa/ aita da.// Amaren/ ordena sinbolikoa/ biolentzia da”.

Matriarkaturik gabeko patriarkaturik gabeko alderdirik gabeko akademiarik gabeko ezkerrik gabeko eskumarik gabeko liberazio bat da Tractatus. Haziz-haziz doan liburua da, aberastuz bidaiekin, sexuarekin eta amoralitate kontziente eta militante baten zapore gazi-gozoarekin. Urrun diren lekuetara eroango zaitu poesia erdi-enkriptatu honek, gauzak zuzenean barik zeharka eta bere baitan kiribilduz esatea nahiago duen estiloarekin, sinplismorik gabe.

Ordena iraultzeko eta salaketa egiteko bide aski zuzenak hautatu ditu poetak. Zaunken antzeko erritmoa dauka berba pisutsu eta kontzeptu jasoen poesia modu honek. Lerro laburrak dira nagusi, metafisikaz kargatuak. Testu bat arina ezin lortu daiteke ordea material astunokin, eta halabeharrez esperimentua nahasi xamarra gertatzen da, arean hotza egin zait. Horrek ez du esan nahi ez duenik perlarik oparitzen noiz edo noiz, beltz eta eder: “glaziar bat ere badaukat/ adimena bezain kolonizatua/ milaka urte eta gero/ niregain urtzea erabaki duena”. Dena dela ezkutuan geratzen dira, lastima, puzzle aberatsaren pieza batzuk, estetika hutsetik eta hitz hanpatuetatik landa gehiago arriskatu eta hiztegi xamurragoa, gura bada konbentzionalagoa, ez erabiltzearren.

Azken kritikak

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak