kritiken hemeroteka

6.995 kritika

Azken kritikak

« | »

Larrepetit / Pello Lizarralde / Erein, 2002

Larrepetit Andolin Eguzkitza / Euskaldunon Egunkaria, 2002-09-02

Duela lau bat hilabete Pello Lizarraldek esandako batzuk erabili nituen Seiko Urre honetan, J.L. Zabalak egindako itaun batzuen kariaz. Lizarraldek istorioak ez zaizkiola interesatzen segurtatzen zuen, begiratua baizik. Hor zegoela kontaeraren gakoa, edo berba borobilagoak erabilita, eleberriaren funtsa. Istorioetarako XIX. mendea geneukala zioen idazle giputz-nafarrak. Nik kontra egin nion argudio formal, baina biologiarekin loturiko bat erabilita. Gure garunaren ahalmena amaigabea ez izanik, beraren jarrerak kontaera-literaturari uko egitea esan gura zuela nioen, gizakiak asma ditzakeen kontatzeko moduak beti izanen baitira mugatuak, musika jotzeko edo pintatzeko asma ditzakeenak bezalakoxeak, jakina. Gainera, banioen, baldin badago gizakiari plazera sortzen dion zerbait hori istorioak direla, ondo kontaturikoak zalantzarik gabe, baina istorioak lehenengo eta behin. Eta orain orduko hartan legez segitzen dut pentsatzen.

Orduan baina ez neukan oraindik Larrepetit irakurrita. Orain bai ordea. Eta esan behar dut, nire desakordioak gora behera, plazer handia sortu didala lanaren irakurtzeak, interesa biztu didala, eta natura eta gizakien mugimenduak, fisiko zein psikologikoak, deskribatzeko darabilen teknikak liluratu nauela.

Eleberri labur honetan —120 orrialde edo dauzka— ihes bat kontatzen da, baserri baten morroi ibilitako Abelen, Larrepetit ezizenaz ezagutuagoa, eta Joxe buhamearen ihesa. Izan ere, ez ditugu ondo ezagutzen zergatik itzurtzen ari diren, ez behintzat inongo zehaztasunez, ez zaigu esaten zer egin duten benetan, zantzu batzuk besterik ez. Era berean, eleberrian agertzen den hirugarren pertsonaiak ere, Lainez izeneko saltzaileak, ez du lar argibiderik ematen saltzeaz gain benetan ari denaz, edo drogak saltzen, edo kontrabandoan edo batek beki zertan. Eta benetan —hori da eleberriaren elementurik harrigarriena— ez dio ardura. Kontaera honetan pertsonaien ibilerak baitu munta, harat-honatak, barrutik sentitu beldurra eta pertsonaien arteko elkarrenganako mesfindatza-konfidantza. Eta naturaren begiratu zehatza. Eta benetan esan behar dut Lizarraldek aparatu egin duena, itu-ituan jo. Ez dakit hortik segitzeko aukerarik ote duen, baina bidezidor horretatik egin duen sarraldia ederra izan dela esan egin behar da. Zorionak.

Azken kritikak

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen

Peru Iparragirre

Tiroa kontzertuaren erdian
Belen Gopegui

Aritz Galarraga

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Javier Rojo

Zauri Bolodia
Oier Guillan

Aiora Sampedro

Azala erre
Danele Sarriugarte

Joannes Jauregi

Jainkoen zigorra
Alberto Ladron Arana

Iratxe Esparza

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak