kritiken hemeroteka

8.623 kritika

« | »

Billy Budd, marinela / Herman Melville (Jose Ramon Vazquez) / Alberdania-Erein-Igela, 2012

Itsas bidaia II Iker Zaldua / Gara, 2014-02-16

Joan den hilabetean Benito Cereno ekarri nuen hona, Melvilleren eskutik. Ordukoan promes egin nuenez, haren ostean ekarri dut orrialde honetara Billy Budd marinel jator bezain zorigaitzekoa. Eleberria idazlea hil ostean agertu zen, 1920ko hamarkadan, hots, idatzi eta 30 urte beranduago, obra 1888an hasi baitzen idazten. Hala, Benito Cereno eta Billy Budd marinelaren artean 40 urteko tartea dago, nahiz eta hemen bata bestearen atzetik irakurtzeko aukera dugun. Biak erkatuz gero, erritmoa azpimarratuko nuke. Esango nuke azken hau lehenengoa baino are motelagoa dela; deskribapen oso zehatzak, zorrotzak egiten ditu, pertsona bakoitza irudikatu egiten du, jantzi egiten digu, fisikoki eta, batez ere, psikologikoki. Gehiago esango nuke, alderdi psikologikoa, neurri batean, azpi-gaia ere bada; izan ere, Melvillek gizakien arteko harremanaz idatzi nahi izan zuen eta idatzi zuen, berak bizitako itsas giroa jarri zion agertoki gisa kontakizunari, baina “Benito Cereno”-n bezalaxe, hemen ere marinel eskuzabal eta bihozbera eta ofizial anker eta bekaiztia jartzen ditu aurrez aurre, jakina, boterea ankerkeriak du, eskuzabaltasuna kondenatzeko gai.

“Billy Budd marinela” bere bizitzako azken urteetan idatzi zuen eta esan dezakegu kasu honetan nabarmenagoa dela salaketa, gizakiaren gizatasunik eza salatzeko ahalegina aterperik gabe ematen du. Bera ere nekatuta zegoen ordurako; gorputza zahartuta eta gogoa zapuztuta, ironia koilarakada zenbait erantsita utzi zuen bere pentsamendua idatzita. Aipagarria da bestalde, asko direla, eleberria ulertzeko lagungarri eta beste istorio asko ezagutzeko baliagarri, idazleak utzitako oin-oharrak. Asko eta asko aipamen historikoak dira eta Melville ongi moldatzen da horien egokitasuna hautatzerakoan. Erritmo motelak eta oin-oharren ugaritasunak nekatu egin dezakete irakurlea, baina arestian adierazi nuen bezala, eleberri laburrak izan arren, ez dira txanda bakarrean irakurtzekoak, nire ustez.

Azkenik, itzulpenaren ekarpena azpimarratu nahi nuke, aurrekoan aipatu nuen azaletik Jose Ramon Vazquezek eginiko ahalegina eta balioetsi, hark egindako lana. Billy Budden kasuan, are lan handiagoa izan zuelakoan nago, ordurako, apika, idazlearen estiloari hartu zion bere estiloa, baina eleberri honen zorroztasunak eta zehaztasunak oso zorrotz eta zehatz izatera behartzen du itzultzailea. Hanka sartzeko arrakala handi samarra da eta kontu handiz ibili behar da Melvillek kontatu ez zuenik ez islatzeko. Melvillek bi urte inguru eman omen zituen hau idazten, Jose Ramon Vazquezek ez zuen bi astetan bukatuko itzulpena.

Horiexek bada, liburu honetan aurki ditzakegun bi opariak. Kresal usaina duen paisaian gizakien arteko harremanak kontagai. “Billy Budd marinela”-ren kasuan, gainera, telebistara, antzerkira eta, are, operara ere eraman zen lana. Badirudi oihartzun handiagoa izan duela eta, nik ere kuttunago dut, akaso “Benito Cereno” irakurri ostean “baitaratu” egingo nuelako idazlearen estiloa (baita itzultzailearena ere) eta, ondorioz, irakurketa gehiago gozatu dudalako. Baina iruditzen zait, lehen aipatu dudan moduan, hemen aterperik gabe ematen duela, Melvillek, berez landu nahi zuena, gizakien arteko harremana.

Azken kritikak

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Maddi Galdos Areta

Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Aiora Sampedro

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Felipe Juaristi

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Mikel Asurmendi

Denbora bizigarri baterako
Marina Garces

Irati Majuelo

Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta

Amaia Alvarez Uria

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Ibon Egaña

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Asier Urkiza

Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx

Aritz Galarraga

Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu

Mikel Asurmendi

Denboraren zubia
Iñaki Iturain

Aritz Pardina Herrero

Etxeko leihoak unibertsora
Alba Garmendia Castaños

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

Hedabideak