kritiken hemeroteka

8.769 kritika

« | »

Ispilu hautsia / Merce Rodoreda (Antton Olano) / Alberdania-Erein-Igela, 2013

Klase izandunaren atzealdea Aritz Galarraga / Deia, 2013-09-14

Eskuartean dugun liburuari ekin aurretik, utzidazue ohar txiki bat egiten: Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak kudeatu eta Eusko Jaurlaritzak finantzatzen duen Literatura unibertsaleko bilduman bakarra zen orain artean katalanez idatzitako literaturari eskainitako alea, Gerardo Markuletak 1997an apailatutako Zenbait poeta katalan jada mitiko hura —oso oker ez banaiz Urrezko bibliotekan berrargitaratzeko asmoa dutena—. Beste bi ezaugarrik egiten dute liburu hori espezial: batetik, autore bat baino gehiagoz osatutako bildumako ale bakarra dela (bederatzi, hain justu); eta, bestetik, poesiari eskainitako bildumako ale bakarra dela. Egile ugaritasuna salbuespena izatea ulertzen den bezala, nekez ulertzen da aipatu Literatura unibertsaleko bilduman gaur arte argitaratu diren 158 liburuetatik bakarra izatea bakarrik poesiakoa —eta badirudi, zorionez, euskal argitaletxe bat injustizia historiko hori justizia poetiko bilakatzen hasiko dela—.

Gauza berdina gertatu zen galegoarekin, Anxel Foleren Kriseiluaren argipean atera arte bakarra zela literatura hartako erakuslea —Alvaro Cunqueiroren Han-hemengo jendea—. Eta Anxel Foleren lanarekiko zalantzak nituen bezala, ea benetan lan horrek behar zuen bilduman besteren batzuen partez, esan beharra dut kasu honetan Mercè Rodoredaren gisako idazle batek ondo justifikatuta duela hemen presentzia. Hasteko, bilduman presente izan behar duen —presenteago izan beharko lukeen— literatura baten erakusle behinenetakoa delako, bai behintzat XX. mendeko bigarren erdialdekoa. Eta ez da euskaratzen duten lehen aldia, egia da: Maite Gonzalez Esnalek egin zuen haren ipuin hautatuekin bilduma bat 1984an, eta hamar urteren buruan itzuli zion Diamantearen plaza. Baina akaso ezagunagoa den azken horren aldean, orain euskaratu diotena da kritika-akademiarentzat Rodoredaren lanik borobil, osatu, bikainena.

Ispilu hautsia, beraz, familia baten inguruko eleberria, hiru belaunalditan zehar, igoera eta erorikoa. Teresa Goday, arrain saltzaile izatetik Bartzelonako gaina eta bikaina izango den familia bat sortzera igaroko dena, gero atzera dena hondamendi bilakatzeraino. Kontakizun, halere, korala, hirugarren pertsonako narratzailea, baina ez inolaz ere monotonoa, segun eta ze pertsonaia fokatzen den, hartzen du berniz berezia. Nobela burgesa, aspertu egiten da jendea, gatazka sozialik ez da agertzen apenas: halako batean, pasaeran, aipatzen da langile batzuek hil egiten dutela jauntxo horietako bat, baina bestela bezala. “Errepublika deklaratu dutela kontatu dit” esaten da, eta aurrera. Edo geroxeago “jeneral batzuk altxa egin dira Afrikan”, neskame, mirabe, ogipeko otzanak etxeko jaun-andreekin sekula egingo ez dutena; egingo duten punkikeria

bakarra jaun-andreen absentzian biluzik bainatzea izango da —eta bada punkikeria, irakurtzen badugu hori señora baten begiekin—.

Nobelak badu transgresio puntu bat, hartara, segur aski 70etan argitaratu zenean handiagoa zena, baina gaur egunean ere tarteka funtzionatzen duena. Deskripzio ezin korrekto eta dotoreago baten erdian sartzen duenean “bekain beltzeko neska ilehori bat”. Irakurtzen denean “zahartu egin zela iruditu zitzaion” eta jarraian pertsonaiak berak hartzen du hitza, “ez haiz batere aldatu”. Akaso baten batek hartuko dio sugetzar baten antza. Baina zeinen ondo uzten duen guztion bistan, modu berean, klase izandunaren atzealdea.

Azken kritikak

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

Hedabideak