kritiken hemeroteka

6.908 kritika

Azken kritikak

« | »

Atzerri / Mikel Antza / Susa, 2012

Atzerri, otserri Mikel Asurmendi / Berria, 2013-03-10

Atzerri: norberarena ez den herria, lurralde edo herri arrotza. Atzerri nobela irakurrita, adiera bestera edo gaurkotua hauteman dut. Mikel Antza protagonista —David alter egoa barne— Parisera erbesteratu beharrean Madrilera —edo Bartzelonara— erbesteratu izan balitz, atzerriratzea bestelakoa litzateke. ETAko kide klandestinoarena hots, kasuon. Areago, nork ez du ezagutu atzerria Iparraldeko aberrian? Mikelek “beste herrialde batean nagoela iruditzen zait” dio.

Idazle izateko “deia” edota ETAko militante klandestino izateko “deia” aukeratzearen arteko dileman du funtsa nobelak. Iban Zalduak “Joseba Sarrionandia eta Mikel Antza klandestinitatera pasa izan ez balira ezberdina litzateke euskal literatura?” galdetu du inoiz. Ene arrapostua: ez. Ordea, bi idazleon literatura bestelakoa litzateke.

“Oraindik erbesteratu gabe nengoenean ezin igar nezakeen aurrerantzean ez nintzela nire buruaren jabe izango…”; areago, “badakit interesgarriena orriotatik kanpo utziko dudala”, gaztigatzen digu idazleak, baita ohartu ere, inoiz itzultzekotan atzerritik atzerrira itzuliko dela. Euskal Herririk ez balego bizi da Mikel. Iraganeko herrimina iragan-mina da, eta etorkizun-mina. Mikelen oroitzapenean baino ez da izango aberria. Atzerri atzerrian bizi den Antzak idatzia dago, baina etorkizuneko aberria ez da inoiz izango bere gaztaroan izan zen hura. Izan ere, erbesteratu gabe ere, aberria ez da inoiz nerabe garaian irudikatu genuen aberria. Idazleak, edozein idazlek, hein batean, idazle izateari eusten dio, idazten duenari zentzu ematen dio, oroimenak edota oroi-minak lagundurik.

Protagonista, erbestera “deitua” ez ezik erbestera “behartua” izaki, herri-mina galtzearen beldur bizi da. Militante gisa, erbesteak trakestuko duen uzkur, eta idazle gisa, oroi-minak eldarniatuko duen beldur. Hala izanik ere, galdera: idaztea bakartasuna bada. Mundutik, lagunengandik, maite dituenengandik isolatzea bada, erbestea ez al da idazlearen paraje emankorra? Bai. Joseba Sarrionandiaren obra lekuko.

Sarrionandia baina, hainbat urtez atzerria espetxetik ezagutu ostean, erbesteko lagun izoztua izatera pasa zen. Antzak, berriz, idatzi beharra dauka, baina bera aukeratu duten “deiak” eta “beharrak” ez diote idazten uzten. Aberriaren aldeko askapen bidean menturatzea erabaki du, nola edo hala. Iraganean gelditu zitzaion etorkizuneko aberri ezinezkoaren ordezko berria xerkatzea erabaki du, baita hala bizitzen ere. Etorkizunean idatziko duenaren aiduru, goaitean.

Antzarena Sarrionandiaren alderantzizko bidea da. Bigarrenak lehenaren laguntzaz espetxetik ihes egin zuen, eta lehena, Koldo Izagirreren Metxa esaten dioten agirretarraren antzera espetxera sartzera “deitua” da, edo espetxean “sartu” nahi du.

Atzerri iragan berriaren oroi-minaren laguntzaz idatzita dago, idazle bidean utzi zuen Odolaren usaina-ren arrastoan. Goldorak, Kyoto, Marc eta David ditu bideko lagunak edota etsaiak. Aberria eta norbera izatea bizitzaren labirintoaren bidexkak bilakatu zaizkio atzerrian. Unean uneko erabakiak, arrazoiaren eta senaren arteko dilemak dira. Askatasuna eta maitasuna, obsesioaren beraren dilemak.

Odolaren usaina-n abiatu zen idazleak ez du adiurrea galdu horregatik. Ospitalekoaketa Atzerri nobelek ez dute ziur aski euskal letren mundua eraldatu. Alabaina, ene nahikarian, atzerriko mugek mugaturik ere Atzerri nobelan idazlea ediren dut, eta osoa(goa) bilakatzea dut goaitatzen. Atzerriaz haratago edota honatago, Godoten esperoan-eko Estragon eta Vladimiren antzera, gogaituta, baina goaitatuz hala ere.

Azken kritikak

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Peru Iparragirre

Kaliforniatik bihotzez
Joseba Gabilondo

Aritz Galarraga

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Ibon Egaña

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Javier Rojo

Begoñaren itzalpean
Jose Inazio Basterretxea

Mikel Asurmendi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Aiora Sampedro

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Joannes Jauregi

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Estibalitz Ezkerra

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Javier Rojo

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Peru Iparragirre

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Amaia Alvarez Uria

Itzulera
Martin Bidaur

Hasier Rekondo

Ametsondoa
Peru Magdalena

Javier Rojo

Jenisjoplin
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Artxiboa

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Urtarrila 2017

Hedabideak