kritiken hemeroteka

8.767 kritika

« | »

Odolaren sua / Irene Nemirovski (Jose Antonio Sarasola) / Alberdania, 2012

Itzultzen dela, itzuli Iratxe Esnaola / Berria, 2012-12-30

Hirugarrenez nator orriotara Irene Nemirovskiren liburu bati iruzkin egitera. Bosgarren lan argitaratua du honako hau gurean eta seigarrena bidean da, Oker ulertua izeneko eleberria, hain zuzen, Ipar Euskal Herriko kostaldera eta Hendaiara eramango gaituena, David Golder eleberriaz Miarritzera eroan gintuen bezala. Alberdania argitaletxeak egile ukrainar frantsestuari hartu dion adizioak gustura nauka, eta berdin beste irakurle hainbat, nik uste, itzulpen sarriok erakusten dutenez. Irene Nemirovskiren zertzelada biografikoak aski ezagunak dira: aberats berrien alaba izanik boltxebikeengandik ihes irten zen bere familia Sobietar Batasunetik, judu pertsekutatua izan zen gero Frantzian, Auschwitz-en erail zuten eta obra eskerga idatzirik utzi zuen, horien artean, Suite frantsesa, egun klasiko bihurtua. Narrazio honek baditu zenbait antzekotasun harekin. 30eko hamarkadan kokatzen gaituzte biek eta Issy l’Éveque herria fikziorako markotzat hartzen dute biek ala biek, Suite frantsesa-ko bigarren zatian bezala hemen. Bestalde, Suite frantsesa urtetan inork aurkitu gabe iraun zuen eskuizkribua izan zen, eta esku artean dugun bertsio oso hau ere argitaratzaileek (Nemirovskiren biografoek) Institut Mémoires de l’Édition Contempraine deituriko Pariseko artxiboan topatu zuten egilea hil eta urte askora.

Artez, talentuz, graziaz eta prezisioz idatzitako nobela laburra duzue hau, argumentuari dagokionez telenobela baterako egokia, irakurterraza eta arina, baina egilearen luma tartean dela, noski, bada zer edo zer zirikagarririk lerro artean. Sylvestre zaharra da narratzailea. Frantzia barrualdeko landa eremuan bizi da oihan artean gordetako erregio lasaian erretiraturik, mutil-zahar eta bakarti, gaztaroan mundua korritu ostean orain itzalirik. Barnealdeko nekazarien ohiturak, balioak eta egunerokoa erakusten digu, zeintzuek izaki berekoi, mesfidati, bekaizti eta arruntak bezala marrazten dituen, ez gutxitan, uniformetasunetik alde egiten duena larrutzeko prest. Burges senar-emazte bikote bat dago istorioaren erdigunean (Sylvestreren lehengusuak). Matrimonio eta bizitza eredugarri baten erakusleiho moduan ageri dira, justizia eta ontasunaren kutxazain, harik eta moral burges ustezko garden tolesgabearen atzeko egiak agertu arte. Gai errekurritu honekin batera, eta lerro nagusiagoan, bi ideia nagusitzen dira, ordea. Bata, odolaren sua. Gaztetako maitasun grina, alegia, pasioz bizitzearen sua, egileagan hain ezaguna egiten zaiguna eta beste lan askotan martxan dagoen motor baten moduan sentitu izan duguna irakurgaiak dardaraziz. Fatidikoki ikusia da su hau, albo-kalte sortzaile eta zuhurtziaren eta arrazoiaren kontrako, nahiz bestalde, bihotz erdiragarri den neurrian babesten den zentzua bera garaitzen duelako. Bigarren ideia da zahartzarotik nola ikusten den gaztaroa zerbait arrotza bezala, zentzugabea bere pasioan. Narratzailearen ustez odolaren sua gaztetasunean islatzen da nabarmenen eta Silvestre zaharra ezin hunki daiteke, jada. Horregatik, narrazioko puntu gorena, aldaketa garrantzitsuena, zaharraren paradigma hau aldatzean jazotzen da. Gazte garaiko oldarraldia itzultzeaz batera, iragan hartaz hitz egiteko parada hartuko du, eta horren bitartez eta bide batez, dramaren amaierarako beharrezko genituen osagaiak emango dizkigu.

Elkarrizketa jenialen oinarri sendoa, batetik, idazkeraren arintasuna, bestetik, iragargarri baina hala ere maitagarri diren pertsonaiak, azkenik, istoriotxo hunkigarri bat gehiago lapurtu diogu egile famatuaren eskuari.

Azken kritikak

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak