« Suite osagabea | Idazlea, irakurle »
Hilabete bat Montalbanorekin / Andrea Camilleri (Fernando Rey) / Igela, 2011
Zergatik ez, bada? Ander Irizar / Diario de Noticias, 2012-02-01
Hirurogeita bederatzi urte zituela, 1994an eman zuen argitara Andrea Camillerik La forma dell’acqua, Salvo Montalbano protagonista zuen lehenbiziko liburua. Ordutik aurrera, ia urtero atera du Camilleri beteranoak Montalbano komisarioaren aleren bat -bi ere bai urteren batean-, oso handia izan baita polizia siziliar berezi honek Italian lortutako arrakasta. Italian ez ezik, ordea, Europan zehar ere izan dute oihartzunik Montalbanoren ibilerek, eta ugariak izan dira haren liburuen itzulpenak. Gurean, ordea, ez genuen iaz arte izan aukerarik Montalbano euskaraz irakurtzeko. Erein argitaletxeak, Josu Zabaletak itzulita, Gauaren usaina eman zuen argitara, Italian 2001ean atera zen nobelaren itzulpena. Orain hizpide dugun Hilabete bat Montalbanorekin hau, Igelak argitaratua, hasierako garaietakoa da, eta ez da nobela bat, 1994 eta 1996 artean idatzitako hogeita hamar kontakizunez osatutako liburu bat baizik, egunean bat irakurrita hilabetea osatzeko proposamena egiten diguna. Baten batek ez badu Montalbano ezagutzen, Igelak aukeratutako narrazio-bilduma honek irakurle berriari bide ondo egokia eskain-tzen dio jabetzeko gure komisario berezia nolakoa den: intuizio finekoa, ironikoa, zuzena —bere erara—, literaturazalea, mahaiaren aurrean ezpainak gozatu zalea, Sizilia bere lurrari atxikia…
Camilleri bera ere Siziliari oso atxikia dagoela esango nuke. Hizkera dugu lurrarekiko atxikipen horren beste agerbide nabarmenetako bat. Fernando Rey itzultzaileari ere, itzulpena jatorrizkotik egin baitu, ikasi eta ohitu arte, ez omen zitzaion erraza gertatu camilleriera. Hizkeraren berezitasun horrek, ulermenerako zailtasunez gainera, itzultzailea hasiera-hasieratik behartzen dute hautatzera zer bide eta zer irizpide hartuko dituen itzulpena gauzatzeko, hasieran traba den bitxitasun horiexek baitira, gero, gozagarri gertatzen zaizkienak jatorrizkoaren irakurleei. Xabier Olarra editorearekin bat, eta Josu Zabaletarekin ere hitz eginda, itzultzaileak hartutako bidea izan da testua euskara batuan mamitzea, baina halako ukitu nafar batekin, pixka bat urrunduz, tarteka, ohikoena den estandarretik. Galduxea duela jatorrizkoaren gatz eta piperra? Baina zer egin bestela? Euskalki bat hautatu eta horren arabera taxutu testu guztia? Eta ekarriko al genituzke horrela Siziliako usainak?, edo, urrunago sentituko genituzke aire haiek? Galerak galera, esan bezala saihetsezinak baitira seguruenik, dagoen horretan liburua oso egoki dagoela iruditzen zait, eta, ondo bidean, entretenimenduko goi mailako narratibatzat jotzen den literatura honek izan behar luke gurean ere arrakastarik. Zergatik ez, bada?
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Mikel Asurmendi
Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez
Jon Jimenez
Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi
Asier Urkiza
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Nagore Fernandez
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria