« Argitik gehiago | Geografietan »
Scanner / Leire Bilbao / Susa, 2011
Scanner Ione Gorostarzu / Galtzaundi, 2011-10-11
Poesia gosea dela gogorarazten digu Leire Bilbaok liburu hasieran. Halaxe ulertzen dut, neuk ere, poesia. Gosea, beharra, nahia. Gosea jakiteko eta ezagutzeko, begiratzeko eta ikusteko, zokomiran ibiltzeko, bizitzeko, eta, nola ez, baita gozatzekoa ere. Orain dela sei urte irakurri nuen Ezkatak, idazlearen lehen poema bilduma, eta hura gogoan, irakurtzeko irrikaz hartu dut eskuartean bigarrena; izan ere, idazlearen aurreko lanak eta liburu berriaren azal berde-berdeak, listua jariarazten dio irakurleari eta orriz orri aurkitu nahi duenaren zain ipintzen du.
Eta ez nau ase gabe edo erdi-ipurdika utzi olerki-bazkak, ez horixe. Izugarri gozatu dut poemekin, banan-banan kosk egin, dastatu, murtxikatu eta irentsiaz. Izenburuak pentsarazten duen moduan, liburu honetan scannerretik pasa du mundua poetak, eta arretaz egiten dio so inguruari, izateari, gorputzari. Sei atal ezberdinetan banaturik aurkezten zaigu liburua; izugarri gustatu zait horietan lehena, Amaz erditu naiz deitua. Bertan familiaren lotura ageri zaigu, sarri kontraesankorra dena, babesgarri eta itogarri suerta daitekeena. Atzera begira egiten du aurrera idazleak, askatu nahi batean, eta, horretarako, ama eta alabaren arteko erlazioan murgiltzen da, gehien bat. Izan ere, batzuetan, aurrera egiteko modua buelta erdi eman eta jarraitzea da, eta joan gaitezke, ibilian, ume garaietara, amaren eskutik portura joaten ginen egunetara. Joan gaitezke aurrerago, aurkako norabide horretan, amaren baginatik barrena, berriro umetokiraino, bi bat izan ginen txokoraino. Eta, bidaiari jarraituz, joan gaitezke oraindik ernaldu ez gintuzten gau hotzera arte ere, aita eta ama elkarrekin zeuden oheraino. Eta horrela, bertatik bertara mintzo zaigu poeta, emakumea, umea, garden eta soil mintzatu ere.
Paperezko deiak atalean lau poema ageri zaizkigu, eta horietan Bilbaok umetokia utzi eta sormenaren eta literaturaren altzora egiten du jauzi, sortzaile bezala begiratzen dio bere buruari, eta liburura gonbidatzen ditu bera elikatu duten hainbat izen, bere zati ere badirenak. Izan zirelako garelarik, nor ez da oheratu poeta hil batekin?
Liburuaren hirugarren zatiak Galdera bat da gorputza izena du, eta bertan poetaren ahotsetik gorpuztasuna mintzo da, dela laztan emaile, dela laztan eske. Armiarmak beti gaude hanka-zabalik, eta bere animaliatasunetik eta bere haragitasunean mintzo da izatea, gorputz atal orotatik, askatasun eske.
Jarraian datorren Zakurrak labadoran atalean, berriz, zoriontasuna zein mina aurki ditzakegu, baita galera sentsazio bat ere, idazleak modu surrealista batean begi aurrean jartzen dizkigun eszenei esker.
Asfalto gosea atalean garraiobideak topa ditzakegu olerki guztietan; trenak, hegazkinak, taxiak, autobusak. Idaztea bada eta bidaiatzea, eta, poetaren begiradatik dena da poesia; horrela, azukre koxkor bihurtzen dira harriak, atzamar ebakiak enborrak.
Liburuaren azken zatian, Elurraren isiltasuna deituan, bideak ageri zaizkigu berriro, bidegurutzeak eta norabideak, eta ikusten da atzera zein aurrerako begirada. Bidea da aukeratu behar dena, baina, hara edo hona, jarraitu, jarraitu egin behar da, izan ere horrelakoa da jokoa: ez dago jarraitzea beste aukerarik.
Lan borobila iruditu zait Leire Bilbaorena, zuzena, zehatza, argia erabilitako scannerra. Poesiaz inguratuta bizi gara, gauza txikietan dago poesia, egunerokotasunean, eta begiratu baino ez da egin behar, ikuspuntu egokian jarri eta argazkiak atera instanteei; hauxe da idazleak liburu honetan lortu duena, bere hitzetan esanahi eta esan-nahi handia duten eszenak erakustea. Sarri ingurura begiratu baino ez dugu geure barnea ulertzeko, poema askotako paralelismoek erakusten diguten moduan, mundu txiki baikara. Hondeamakina gara, moila gara, armiarma gara, poesia gosez gauden animalia gara, eta, asetze aldera, beldur barik kosk egiteko moduko liburua da proposatzen dizuedana.
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia
Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Asier Urkiza
Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena
Nagore Fernandez
Zoriontasunaren defentsan
Epikuro
Aritz Galarraga
Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga
Aitor Francos
Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro
Sara Cabrera
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Sara Cabrera