kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Argi-itzalen neurria / Xabier Artola / Elkar, 2011

Argitik gehiago Iratxe Esnaola / Berria, 2011-10-09

Ez da ohikoena egile batek bere aurreneko ipuin bilduma argitaratua berrogeita hamar urteren bueltan osatzea. Azken hamar urteetan literatur lehiaketa ugaritan sarituak izan diren Xabier Artola Zubillaga (1957, Antigua-Donostia) idazlearen kontakizunak batu ditu liburu honek. Ez da ohikoena, ezta ere lehiaketetan saritutako lanak, edizio berezietan argitaratuak izaki, esku artean izatea. Baina, ezohikoak ezohiko, ipuinok irakurlego zabalarentzat errekuperatzea mesedegarri izan da, kontakizunok ez baitira erlojupean egin, ezta bilduma osatzeko enkarguz ere. Beren ontze denbora izan dutela agerikoa da, eta irakurleak patxada hori eskertuko du.

Zazpi ipuin hauetan prosa landu eta esaldi bikain harilkatuzko ipuinak badira. Elkarrizketa irakurterrazekoak ere bai, hitanoa, gaztelerazko hitzak, kaleko hizkera eta euskalkiak abileziaz nahasten dituztenak. Idazketaren domeinua nabarmena da, nahiz narratzeko metodoa errepikakorra gerta dakiokeen baten bati, orainetik iraganerako saltoa egin eta denboran jazotakoak aletzen joatea izanik askotan erabili den teknika, oroitzapenen bitartez gehienetan. Aipatzekoa da kontaketa plano asko nahasten dakiela ipuin berean: lehenengo pertsonan pasarte bat, hirugarrenean hurrengoa, eskutitz formatua gero. Perspektibak gehitzeagatik ikuspuntuaren ekarpena aberastu egin du horrela, Bipagoeta kontakizunean kasu. Beste batzuetan, ordea, ipuinaren definizio laburra dela medio, herrenxeago geratu da, Tximeletaren Irrian, esate batera. Bestalde, autorea saiatu da amaierei ezustea eransten, sorpresaren faktorea mantentzen.

Ipuinetako kezka nagusi bik gogoeta moduan diraute irakurraldiaren amaieran. Aurrenekoa iragana da, gerra eta gerraren ingurumarien forman. Kontatu gabeek sortu dituzten traumetan nabari da iragana, belaunaldi arteko transmisio faltan. Lehen aipatu amaiera efekturako, iraganeko ezkutukoak azaleratu dira, deskubrimenduekin batera. Puzlea osatu nahi da aztarnekin, gaur egunerako bidaia egin, historia zeharkatu. Eta historia horretan izan dezatela herritar xeheek lekua, berdin Gerra Zibilekoek, berdin Bosniakoek. Pertsonaiak sinesgarriak dira, beren motibazioen arabera jokatzen dute, eta ez da on eta txarrik. Bigarren ardura konstante bat migrazioei buruzko gogoeta da, mundu aberatsaren eta mundu txiroaren arteko dialektikan. Atzerrian errespetu faltaz dabiltzan mendebaldekoak, paterak, Europan bigarren mailako biztanletzat hartuak direnek zeharkatzen dituzte orriok. Munduko herrialdeen arteko ezberdintasun ekonomikoak agerian geratzen dira, baita okzidenteko lagundu nahiaren atzean ezkuta daitezkeen kontzientzia baretze edo aberastu nahiak ere.

Azken narrazioan idazlea bera aurkezten zaigu, hirugarren pertsonan bada ere. Ipuinak argitaratu aurretik Atharratzen bakartu eta testuak berrirakurtzen ari da, bere obrari buruz hizketan. Pertsonaiak mahai batean bildu ditu, eta galdezka hasi zaie gaur egunean nola dauden jakin nahian. Aldi berean, idaztearen gaineko zalantzak iritsi zaizkio. Zergatik idatzi dena idatzia bada? Eta are besteek norberak baino hobeto adierazten badituzte norbere ideiak? Norentzat idatzi? Izkiriatzearen arra barruan daraman idazlea dugu Xabier Artola. Askok gaur arte ez genuen ezagutzen, eta poztekoa da bere ahotsa guganaino iritsi izana. Testu batek argi-itzalak dituela esan badaiteke, argitik gehiago du, zalantzarik gabe, honek.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak