kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Arkadia iratzarria / Kai Meyer (Pello Zabaleta) / Alberdania-Erein, 2011

Ehizan Ander Arana / Diario de Noticias, 2011-12-02

Kai Meyer (1969, Lübeck) Alemaniako literatura fantastikoko idazlerik ezagunenetarikoa da, batez ere bere trilogiei esker, eta Arkadiaren mitoan oinarritutako trilogiako hirugarren liburua alemanez argitaratu denean heldu zaigu euskarara trilogia horretako lehena. Aspaldi honetan, itzulpengintzak gurean izan duen aurrerabidearen erakusgarri, gero eta sarriago ikusi dugu nola gaztelaniazko itzulpenarekin batera jartzen zitzaigun eskura euskal bertsioa. Alberdaniaren eta Ereinen Batera saila xede horrekin sortu zen besteak beste, eta oraingoan, urrats bat harantzago eginda, euskarazkoak aurrea hartu die ez bakarrik gaztelaniako edo frantseseko itzulpenei, ezpada ingelesekoari berari ere, 2012ko otsailerako iragarrita baitago Arkadien erwacht honen itzulpena AEBetan eta Ingalaterran.

Eta, zinez, Arkadien erwachtek gurean ere Alemanian izan duen arrakasta itzela izateko osagai guztiak ditu: Rosa Alcantarak Alessandro Carnevare ezagutu du New Yorketik Siziliara doan hegaldian, eta bi gazteen artean berehala isiotuko da maitasunaren txinparta, baina, hara non, carnevaretarrak eta alcantaratarrak arerioak dira aspalditik, eta txinparta horrek kanpoko nahiz barneko suak berpiztu baino ez ditu egingo; halatan, arkadiarren mitoa bete-betean azaleratuko da, eta, batzuk eta besteak tigre, pantera, lehoi eta suge bihurtuta, direnak eta ez direnak gertatuko dira bazterretan, Gizon Gosetiaren itzuleraren zain. Esan bezala, ordea, hau trilogia bat da, eta beste bi liburuak (Arkadia eroria eta Arkadia sutan) irakurri arte ezin izango dugu argitu ea Rosaren susmo beldurgarriek oinarririk duten eta iraganeko sekretuaren giltza bere familiaren baitan dagoen.

Esana dugu liburuak gurean ere arrakasta izateko osagai guztiak dituela, baina —ai ene…— Arkadien erwachtek ez bezala, Arkadia iratzarriak osagai horietako bat falta du, eta ez nolanahikoa. Pello Zabaleta eskarmentu handiko itzultzailea da, eta Hermann Hesse, G.E. Lessing, Humboldt, E.T.A. Hoffman eta beste hainbat idazleren lanak euskaratu ditu, batik bat alemanetik, oraingo hau bezala. Baina azken urteotan Granadan bizi den legazpiarrari huts egin ei dio, zoritxarrez (zori hutsa ote?), larriki huts egin ere, zuzentzaileak —alegia, argitaletxeak—, zeren harrigarria baita halako itzultzaile iaio batek sinatutako lan bat akatsez josita argitaratzea, noiz eta bi argitaletxeek, Alberdaniak eta Ereinek, Batera sailaren aurkezpenean esan zutenez, “euskal liburuaren eskaintza ahalik eta homologazio maila gorenera eramateko konpromisoan bat egin dutenean.” Asmo bikaina, bai, baina eskertzekoa izango litzateke konpromiso hori itzulpen-prozesuaren alde guztiekikoa izatea, zeren, bestela, kale egiten baitzaie egileari, irakurleari… bai eta argitaletxeari berari ere.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak