kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Zwei Frauen / Joxean Agirre / Elkar, 2011

Imitazioaren apologia Javier Rojo / El Correo, 2011-12-03

Joxean Agirrek argitara eman duen azken nobelak izenburu elebiduna du: Zwei Frauen (bi emakume). Lau ataletan banaturik agertzen da, eta atal hauen artean dagoen erlazioa argumentuaren aldetik nahikoa ahula delarik, ematen du lehenengo hirurek laugarren atala (liburuari izenburua ematen diona) prestatzen dutela. Lau atal hauetan agertzen zaigun protagonista narratzaileak bizitzan zeha izan dituen bi zaletasunen berri ematen digu, emakumeekiko eta literaturarekiko amodioaren inguruan ardazten baita pertsonaia onen bizitza. Idazle izateko egiten duen ibilbidea jakinarazten zaigun bitartean, bi amodio horiek banaezinak dirudite. Bizitza eta literatura loturik agertzen dira pertsonaia honen ibilbidean, bata bestearen isla izango balira bezala. Eta bizitza eta literatura elkarri loturik agertzen direlarik, liburuan zehar kopiaren apologia egiten zaigu. Elkarren isla diren osagai hauek guztiak lotzen dira, irudi kaleidoskopiko bat utziz. Izan ere, bizitzak literatura imitatzen du, eta literaturak bizitza, baina beste aldetik, literaturan ezer orijinalik ez dagoenez, literatura beti ere literaturaren gainean eginda dago. Benetakoaren eta faltsuaren arteko muga zehatzik ez dagoela adierazten zaigu, batez ere kontuan hartzen badugu imitazio batzuk originalak baino hobeak izan daitezkeela.

Atalen bat irakurtzean Charles Chaplinen anekdota bat etorri zait gogora. Zinegileak azaltzen du nola behin batean aurkeztu zen Charloten imitatzaileen lehiaketa batera, bera nor zen esan gabe. Eta bigarrena geratu zen lehiaketan: imitatzaile batek bere papera berak baino hobeto egin baitzuen. Honelako ideiak zeharkatzen du alderik alde Agirreren nobela. Idazleak oso ondo jakin du honelako egoerek aurkezten duten ironiarekin jokatzen eta originala eta kopia nahastearen atzean egon daitekeen umorerako aukera aprobetxatzen. Baina horrez gainera, idazleak xamurtasun punttu bat ere utzi du bere nobelan. Bestalde, esan behar da idazkera ere bikaina iruditu zaidala, bere eskuen artean hizkuntza edozein egoeratara egokitu daitekeen tresna dela erakusten baitu. Hori bai, lehen esan bezala, lehenengo hiru atalek laugarrenaren aurkezpen moduko bat osatzen dutelarik, batzuetan bertan kontatzen diren gauza batzuk eranskinak iruditu zaizkit. Edonola ere, oso liburu interesgarria utzi digu idazleak, literatura sakona eta dibertigarria ez daudela kontrajarrita erakusten du-eta.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak