kritiken hemeroteka

6.959 kritika

Azken kritikak

« | »

Estatu etnozidaren kontra / Joxe Manuel Odriozola / Elkar, 2011

Galderez beteriko orgak Bixente Serrano Izko / Berria, 2011-10-02

Genero literario bat dugu saiakera, burura ekartzen didan irudia orga batena dena, galderez beteriko orgarena alegia: dela saiakeragileak bere buruari eginiko galderak, dela irakurleari saldu nahi dizkionak, edo biak batera. Badago, edonola ere, bertze saiakera mota bat —txarra ez duena zertan izan, badaezpada ere diot—, erantzunez beterikoa, edo erantzun biribil bakarrekoa. Eta agerian itaun egiten duenean ere, galdera erretorikoak baizik ez dira. Baina saiakera mota horrek ere, ezinbertzez, galdera mordo bat sorraraziko dio irakurle abisatuari, ez bada beronek aldez aurretik nahi dituen erantzunak kausitzen dituelako, gogoko duen ordena eta hierarkian antolatuak.

Bigarren mota honetakoak izan ohi dira Joxe Manuel Odriozolak aspaldin eskaintzen dizkigun saiakerak. Horrela ere azkenekoa, gaur hizpide dudana: aldez aurretiko balizko hipotesia —barka erredundantzia— bere buruan tesi bihurtuz gero bakarrik papereraturik. Tesia, funtsezko ideia: estatu etnozidaren erantzukizun erabakigarria hizkuntza gehienen galbidean. Horretarako, logiko denez, hizkuntzak eta herri-izaerak, etniak, elkarri lotu behar, glotozidioak edo glotofagiak etnozidioekin lotuko baditu.

Lehenagoko saiakerek euskara izan zuten aztergai, eta horietan harilkatu ideiek eta planteamenduek nabarmen uzten zuten beti atzetik teorizazio orokorrago bat zegoela, ez bakarrik euskarari buruzkoa, baita hizkuntzei buruzkoa ere, hizkuntza giza-fenomeno gisa harturik, filosofiko eta antropologikoki ikusirik. Horixe da azken lan honetan landu diguna: zer den hizkuntz fenomenoa bere unibertsaltasunean, nola zertzen den hizkuntza herri desberdinetan, zer den edo ez den hizkuntza bat herri bakoitzarentzat, zer galtzen den hizkuntza bat galtzen denean, galera horretan eragin/ten duten faktoreak, galerak ekidin ahal izateko gutxienezko baldintzak eta beharrak… Mundu zabaleko kultura eta hizkuntzetan barna eramaten du bidaide Odriozolak irakurlea, etxeko eta mundu zabaleko gidarien eskutik, etnologo, antropologo, soziolinguista, idazle, filosofo nola politikarien eskutik. Helburu, noski, euskararen bilakaera historikoa, gaurko egoera eta etorkizuneko arrisku eta bideak mahaigaineratzea izan du. Ohiturik gaituen idazkera jaso, dotore eta orobat adierazkorrean garaturiko lana.

Tesi saiakera da, itaun egiten duenean erretorikoki delarik. Baina batere erretoriko ez den bertze galdera anitz ere sortzen duena irakurleengan. Hemen nauzuen honengan galdera asko piztu du.

Adibidez, hainbat kontzepturen erabileraz: etnia terminoa, etniko izenondoa zein etno osagai daramaten hitz konposatuez; kolono eta etorkin kontzeptuen identifikazioaz; glotozidio eta glotofagia ez ote ditugun nahasten… Adibidez, tresna eta lorpen partzialen gutxiespenaz: euskara hezkuntz hizkuntza gisa lortu izanaz, literaturgintzaren indar-eraginaz… Adibidez, elebitasun sozialaren barneko contradictio in terminis horren ulerkerak zein elebakartasunera eramanen ote gaituen… Adibidez, euskara berreskuratzeko plan eta ikerketa guztien alferrikakotasunaz hizkuntza eta nazio izaera estu-estu lotu ezean. Adibidez, hizkuntzaren galeratik nazio burujabetasunaren galerarako sekuentzia-katea lege historikotzat jo beharraz. Adibidez, katarsi terapia, egoki jotzen duena pertsona batzuen tratamendu gisa hainbat eta hainbat psikologok, esleigarri ote den, arrisku larririk gabe, gizarte oso baten eremura… Adibidez, adibidez…

Baiki eta eiki, tesi saiakerak ere galderez beteriko orgen antzekoak dira, beharrik.

Azken kritikak

Mundu ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera
Gorka Mercero

Mikel Asurmendi

Biennale
Beatriz Chivite

Peru Iparragirre

Mina edo libertatea!
Kepa Larrea

Javier Rojo

Hodien metafisika
Amelie Nothomb

Amaia Alvarez Uria

Nora goaz euskalduntasun honekin?
Joxe Manuel Odriozola

Joannes Jauregi

Gaizki ulertua
Irene Nemirovski

Aiora Sampedro

Hitzontziak
Xabier Montoia

Iratxe Esparza

Poesia kaiera
Rosalia de Castro

Igor Estankona

Mendi-joak
Aingeru Epaltza

Javier Rojo

Mendi-joak
Aingeru Epaltza

Peru Iparragirre

Gerezi denbora
Inazio Mujika Iraola

Amaia Serrano Mariezkurrena

Eoskola. Heziketa hipermodernoa
Mitxelko Uranga

Javier Rojo

Txoriak dira bederatzi
Tere Irastortza

Aitor Francos

Haizeari begira
Jon Ariza de Miguel

Usoa Alberdi Fernández

Artxiboa

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Hedabideak