« Abiadura moteldu | Zerua zikintzen »
Tiroa kontzertuaren erdian / Belen Gopegui (Ainhoa Caballero) / Txalaparta, 2011
Gauza lohi hortaz Beñat Sarasola / Berria, 2011-06-19
Zenbat aldiz ez ote zion galdetuko kritikariak bere buruari iruzkintzen ari zen liburuaren analisiak aurreiritzi politikoek jota zeuden? Zenbatetan ez zuen pentsatuko bere ideologia politikoa literatur lana zapaltzen ari zela? Literatur kritika egiten hasten den edonork egiten dituen galderak dira honakoak —eta beste hamaika—. Gehienetan, hori bai, ezkutuan mantentzen direnak, estaltzen ahalegintzen direnak, ezagun denez, politika kontuak afera lohi, narras eta higuingarriak izaten direlako. Belen Gopeguik, ordea, politika kontu zikin hauek mahaigaineratzen ditu Tiroa kontzertuaren erdian izeneko testu motz bezain zorrotz eta zuzenean. Kritikariak nola edo hala saihestu nahi dituenak ditu muturren aurrean ipintzen.
Gopegui espainiar literaturako autore behinenetakoa da kritikari askoren aburuz, eta hala ere (esan genezake akaso), bere ideologia politiko ezkertiar tinkoagatik da ezagun, halaber. Hala, testu honetan literatura (batez ere nobela) eta politikaren arteko erlazioaren gai zahar eta korapilatsuari heltzen dio. Horretarako, antzeko gauza egiteko J.M. Coetzee-k erabiltzen duen prozedura —Elizabeth Costello— darabil, hots, fikziozko narratzaile baten ahotan (Diego) ipintzen du esandakoa. Prozedura honek orain aztertu ezin ditugun ondorioak —horietako batzuk politikoak, jakina— ditu, baina interesgarria litzateke irakurleak denbora tarte bat hartzea antza txikikeria bat den horri buruz hausnartzeko. Stendhal-en aipu batetik abiatu eta honakoa dio momentu batean: “Orduan ikusi ahal izango duzue XX. mendeko ia eleberri guztiak gezur-itxurakoak direla. Horren zioa, nire ustez, politika debekatu izana da”. Egiatan, Gopeguik ez diosku XX. mendeko nobeletan politika landu ez denik, baizik eta modu ezkutu eta isilean egin dela, hau da, balio burges eta eskuindarrak sustatuz. Neutraltasunaren ezinezkotasuna oinarri hartuta, ezkerreko balioetatik idatzitako nobelak nabaritzen ditu faltan nolabait. Eta honek, jakina, alderdi narratibo guztiak barnebilduko lituzke: istorioak, pertsonaiak eta abar. Walter Benjaminen testu klasiko bat —Narratzailea— aztertzen du, non filosofo alemaniarrak esperientzia nobelatik kanpo geratu (behar) dela argudiatzen baitu. Gopeguiren saiakera, ostera, esperientziaren berreskurapena litzateke, zeina bere ustez, egiantzagatik baztertua izan den ideia baita. Hala, XX. mendeko nobelagintzako mundua “erreakzionatzeko gaitasunik ez duten pertsonez beteriko mundu galdua” da. Eta berari horixe da benetan sinesgaitza zaiona. Azken batean, hortaz, sinesgarritasunaren ideiaren borrokan murgiltzen da Gopegui, XX. mendean hegemonikoa izan den sinesgarritasun literarioaren ideiari kontra eginez.
Argudiaketaren zatiren bat akaso findu badaiteke ere —esperientzia eta egiantzaren arteko lotura esaterako—, gaiaren beraren mahaigaineratzea keinu aski txalogarria da, Gopeguik azaleratzen dituen gai ugari tabu bihurtu baitziren XX. mendeko literatur teoriako historiaren zati handi batean. Azken urteotako kritika poskolonial eta ikasketa kulturalek gai hauexen birplanteatzea ekarri digute, eta ildo horretan kokatu daiteke testu polemiko-zorrotz hau.
Nabarmentzekoa, orobat, Eider Rodriguezek idatzitako hitzaurrea. Gopeguiren eztabaidagaia euskal literaturaren esparrura eramaten du, zenbait autore eta haiei eginiko kritikak banan-banan eta zehazki aztertuz. Funtsean, bere ustez, ezker abertzalekotzat jo izan diren idazle ugariren lanak gutxietsiak izan dira politikoak izateagatik. Eta arrazoi duelakoan nago, euskal kritikak asko baitu autokritikatzeko puntu horretan.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi