« Gauza lohi hortaz | Pop-ipuinak »
Spray / Paddy Rekalde / Susa, 2011
Zerua zikintzen Igor Estankona / Argia, 2011-06-19
Aitzin-poeman Paddy Rekaldek (Sex Abaroa, Txalaparta, 2000; Bilbo dub kronikak, Susa, 2004) egia bezain eder botatzen ditu bi gezur. Batetik memoria hutsa garela dio, eta gero liburua etorkizunez kargaturiko spray-pote bat da. Eta bestetik, memoria garela poetak dioela gaztigatzen digu, bera poeta ez balitz bezala. Deustuarra errealitatearen bozgorailu anonimoa dela ematen du uneka, poesia mailutzat darabilela, baina kritika sozialaren eta alkoholaren artean bihotz handi bat barruntatzen da, ezkutuan dagoen poetarena, edertasunari uko egin nahi ez dion idazlearena. Anti-idazlearen diskurtsoa erabiliz, poesia egiten du Paddyk. Ez alferrik, aire irlandar eder batekin bukatzen da, modu ezin finagoan, ustez anti baina funtsean bizitzaren aldekoa den Spray. Hori bai, bizitzea merezi duen bizitza bat aldarrikatzen du idazleak: “Jack Kerouac berri haren begiradapean / sutan zeudela kaleak”.
Atzera begira usteltzen direnak badira. Eta atzera sekula begiratzen ez dutenak ere bai. Paddy Rekaldek liburu honetan proposatzen diguna da aurrera begiratzea, baina nondik gatozen ahaztu barik. Gangurengo gainetan galdutako gerra abiapuntutzat hartu eta mundu gaur egun lokartura garamatza. Bidean amodioa ikusiko dugu, sexua, burruka eta samurtasuna. Emozio handia dago kondentsaturik liburuko berrogeita hamahiru poemetan. Lander Garroren azaleko argazkiak bihotz-gogo hori ondo ilustratzen du. Fabrika abandonatu bat ageri da, belar latzak, baina zeruan lainoak, zirruak, sprayz marraztuak bezala.
Eta gainera, Amaren ametsa bezalako konposizioak daude, oilo narrua jartzen dutenak.
Eta gainera, Bilbo dub kronikaken erritmo arean errepikakorra leunagoa da hemen, autoreak berak Hitzen Uberan atarian azaldu zituen arrazoiengatik, nik uste: “Poemak aleka sortu dira, (…) nik uste dut nire izaerak berez erakartzen dituela poema horiek eta gai horiek, sentsazio eta emozio horiek. Ez da behartutako gauza bat, berez barnetik sortzen zaidana baizik”.
Eta gainera, “barnetik sortutako” hori amorrualdi bat baino askoz sakonagoa eta aberatsagoa da.
Paddy Rekaldek ez zuen Spray idatzi hala nahi zuelako, hala erabaki zuelako baizik. Idazlearen arima dago beraz orrialdeotan, poema aski gogor baten ostean, munduko txakurkeria guztiak gora-behera, kapaz baita itxaropentsu galdetzeko: “Baina benetako begiak ez ote daude bihotzean?”.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro