kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Surf / Aitor Zuberogoitia / Alberdania, 2011

Erritmo pausatua Leire Lopez Ziluaga / Berria, 2011-05-29

Gaur-gaurko gaia da bizitzan patxada bilatzea, egungo jendartearen abiadura biziari aurre egitea, gero eta gehiago eskatzen duen jendartean gutxiago, astiroago egitea. Azken urteetan, ugaldu egin dira bide hori proposatzen ari direnak (Surf honetan aipatzen den Slow mugimendua, besteak beste Serge Latouche defendatzen duen deshazkundea, eta abar). Bizi gaituzten hainbat arazo konponbidean jartzeko bide gisa ikusten dute: gehiegizko kontsumoa, lehengaien agortzea, gosea, estresa, antsietatea eta bestelako osasun arazoak, eta abar.

Aitor Zuberogoitiaren liburua bizitzako gauzak trankilago, mantsoago egiteko hartu zuen erabakiarekin hasten da. Delibero hartatik aurrera, hurrengo urteetan gaiaren inguruan hartutako oharren berri emango digu, pertsonalak batzuk, beste egile batzuei edo inguruko pertsonei irakurri edo entzundakoak beste batzuk. Dena dela, Zuberogoitiarena ez da liburu teorikoa, ez da geldotasunaren aldeko saiakera bat. Liburuak gehiago du bitakoratik, ikasketa prozesu baten idazketatik. Hori dela eta, gaiari buruzko oharrek zati garrantzitsua hartzen duten arren, kontakizun nagusiago baten barruan eman dizkigu irakurtzeko. Aipatu dugun erabakiaren ondoren, gaiari buruzko oharrak hartzen hasi omen zen modu kontzienteagoan. Liburua urte gutxi batzuk geroago egindako oharron irakurketa da, neurri batean, oharrak liburu egin zituen unean egina. Askotan ematen ditu orduko oharra eta egun esandakoaren gainean duen ikuspegi desberdina. Hain zuzen, egileari hasierako oharretatik liburura ikusten zaion bilakaera iruditu zait liburuko alde interesgarriena.

Kontakizun nagusian lasaitasunerako hautua egin zuenetik bizitako zenbait une kontatzen ditu, xehetasunei tarte handia eskainiz: Andaluziara eta Galesera egindako bidaiak, zenbait zuhaitzen landaketa, auto bidaiak, eta abar. Horrelako uneetako pasadizoren batetik abiatuta egiten ditu zenbait gairen inguruko hausnarketak: naturarekin galdu dugun lotura, teknologia berrien neutraltasunaren auzia, komunitateen arteko zatiketa, garraiobideak, osasuna… Dena dela, gai horiek eta gehiago aipatzen baditu ere, gizakiaren eta naturaren arteko harreman hautsia da gehien errepikatzen dena, sasoi bateko bizimoduaren eta egungoaren arteko aldea, aipatzen diren bestelako gai asko horren ondorio baitira. Gure aitona-amonen eta egungo belaunaldien arteko aldeaz ari dela, orduan denboraren presioa txikiagoa izanik patxadaz hitz egiteko aukera zutela dio, eta jende nagusiaren hitz egiteko modua guztiz ezberdina dela, kontatzearen plazera nabari zaiela, eta ez informazioa eman behar hutsa. Esango nuke egilea adineko pertsonen kontamoldea liburura ekartzen saiatu dela, xehetasunik txikiena aipatzen baitu, lasai heltzen die gaiei, gehiegi luzatzeko beldurrik gabe, baina kontamolde hori, ahozko jardunari hain ondo egokitzen zaiona —hiztuna ona denean, jakina—, astuna egin zait testu idatzian zenbait pasartetan.

Une batean dio John Zerzani eginiko elkarrizketa bat irakurri zuela eta iruditu zitzaiola “bere esanei iraganeko paradisu galduen nostalgia” zeriela. Liburuaren hasieran, horixe bera pentsatu dut Zuberogoitiaren ikuspegiari buruz, baina liburuak aurrera egin ahala, bilakaera ikusten zaio egileari hasierako nostalgia horretatik ikuspegi neurtuago batera. Horrek ez du esan nahi ez duenik pentsatzen lasaitasuna, naturarekiko harremana berreskuratu behar direnik, baina bere argudioak sendoagoak iruditu zaizkit liburuaren bigarren zatian. Dena dela, aitortu behar dut liburuak ez nauela gogobete; liburuaren erritmoa pausatuegi egin zait, eta faltan bota dut bizipen pertsonalen eta gaien tratamenduaren arteko oreka handiagoa izatea.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak