kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Tartariarren basamortua / Dino Buzzati (Josu Zabaleta) / Alberdania-Elkar, 2010

Denborak bere egiten du Iker Zaldua / Gara, 2011-05-28

“Ofizial izendaturik, iraileko goiz batean abiatu zen hiritik Giovanni Drogo, Bastiani Gotorlekurantz, bere lehenengo posturantz”. Horrela abiatzen da Dino Buzzati italiarrak idatzitako eleberri hau. Lerro horiek itxaropena, etorkizuna eta bizitasuna iradoki dezakete hasiera batean. Liburuko azken punturaino iritsita ordea, bidaia horrek jomuga arras ezberdina gordetzen duela esan daiteke, heriotza izeneko erreinura hasitako bidaia baino ez dela esango nuke.

Buzzatik XX. mendearen lehen erdian idatzi zuen liburu honetan gogoeta sakon bat plazaratzen da, egunerokotasunak bere bidea nola egiten duen, denborak ustekabean arrakalak nola erakusten dituen eta bizitzak nola ihes egiten duen gu zain gauden bitartean. Egunero jomuga berriak jartzen ditugu biharko, etorkizuna dugu amets, baina orainaldian bizi garela ahaztu zaigu nonbait eta ohartzerako gure izatea iragan bihurtu da etorkizuneko jomuga hori sekula ferekatu gabe, gure aldeko kanpai hotsak entzuten diren arte.

Horixe idazleak 30 saiotan azaldu nahi duena. Horretarako, testuinguru militarra sortzen du; ofizial bat hartzen du txotxongilotzat eta gotorlekua eraikitzen du egunerokotasunaren irudi gisa. Drogo da ofizial hori eta Bastiani Gotorlekura doa bere karrerari dirdira atera nahirik. Ortiz kapitainarekin topo egiten du bidean, irrikaz agurtzen du eta hark begirada penatu batez egiten dio harrera, linboaren zurrunbiloak harrapatu duenari begiratzen zaion bezala. Hainbat hamarkada pasata, ordea, bera izango da Ortiz eta Moro tenientea ikusiko du, denbora iragan da eta beste zirkulu bat hasi berri da.

Gotorlekuan harrapatuta, iparraldera begira guda dute amets, gotorlekuari zentzua emango dion gertakaria dute kimera, bizitzari bizitza emango dion ekintza. Biharko egunez jarri dute, alabaina, jomuga eta denborak bere bidea egiten duenez, biharko egunera iristerako jomugak aurrera egin du beste egun batez. Horrela pasako dira hilabeteak, horrela pasako dira urteak eta hamarkadak. Kapitain, ofizial, sendagile, jostun nahiz soldadu, gotorlekuko arima oro ohartu da zurrunbiloan harrapatuta daudela, hirira itzuli nahi dute lehenbailehen, eguneroko bizipen txikien poza berreskuratu nahi dute, baina ordurako gotorlekuaren gaitzak jota daude, hiriak ez du zentzurik. Berriro, denborak bere bidea egin du, erreka aurrera doa eta han ez dago ezer utzita bezala. Gotorlekua da geratzen zaien iltze bero bakarra eta iparraldeko basamortua da itxaropen bakarra. Narratzailea tontorrean dago kokatuta, oro ikusten du, eta badaki bihar zer gertatuko den. Narratzaile orojakilea da eta parte-hartzailea ere bai esango nuke, izan ere, zenbaitetan narratzailea bera ari da hizketan, Drogori ari zaio, aholku ematen bezala.

Esan bezala, 30 saio edo kapituluk osatzen dute kontakizuna, elkarrizketa gehiegirik ez izan arren eta zenbaitetan deskribapen errepikatuak topatu arren, erritmoa bizia dela esango nuke. Jazoera edo mugimendu berezirik gabeko liburua da; izan ere, ez da hori idazleak bilatzen zuena. Pentsarazteko asmoa duen idazlana da. Dena den, erraz irakurtzen da, atseginez, kapituluak behar bezala josita baitaude, nahiz eta agertokitik agertokirako jauziak zenbaitetan bortitzegiak izan. Testuingurua arrotz zaigu beharbada, baina gaia, mamia, guztiok ezagutzen dugu.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak