kritiken hemeroteka

8.309 kritika

« | »

Fikzioaren izterrak / Ur Apalategi / Susa, 2010

Literatur mundu miserablea Beñat Sarasola / Berria, 2010-10-31

Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak, printzipioz, urte honetako nobedade aipagarrienetakoen artean kokatzen zen nire baitan. Orain arte, poesia liburu bat —Erdi guneak—, bi nobela —Gauak eta hiriak eta Gure Gauzak S.A— eta saiakera bat edo beste argitaratuak zituen Apalategik. Bestetik, gure arteko literatura ikertzaile sendoenetakoa dugu, Paueko unibertsitatean egiten duen lanari esker. Gauak eta hiriak harekin nahiko arrakasta lortu zuela esan daiteke, Beterriko Liburua saria tarteko, eta Gure Gauzak S.A. kaleratu zuenetik sei urte igaroak ziren dagoeneko, “aro geologiko bat merkatu editorialarentzat”, liburu berriko lehenengo ipuineko narratzaileak esaten duen legez. Gainera, Iban Zalduak ohikoak baino laudorio enfatikoagoak eskaini zizkion aurkezpenean. Hortik liburuak nigan eragindako interesa.

Zaldua aipatu dudalarik, seinalagarria da donostiar gasteiztartuak hamarkada honetan gorpuztu duen ipuingintza moldetik gertu koka litekeela Apalategirena. Ezaugarri komun dezente dituzte: literatura gaitzat hartzekoa, bikote harremanak, umorea, politikaren presentzia, trick ending deitzen zaien amaierako tupusteko biraketen erabilera, eta abar. Fikzioaren izterrak honetan bereziki nabaria da, hori bai, hausnarketa literariorako joera, eta nagusiki sistema literarioarekiko begirada zolia. Patetismoz erretratatzen dira idazle, literatur sari, literatur ikertzaile eta enparauak. Literaturak behiala zuen irudi jaso eta eredugarritik gutxi geratzen da ipuinotan. Jende miseria leku orotara iristen dela iradokitzen digu nolabait idazleak, antiheroiak ere literatur munduan bertan aurkitzen ahal ditugula, urrutirago joan gabe. Alde horretatik, liburu interesgarria da, sarritan suharki hartzen ditugun hainbat kontu distantzia eta eszeptizismo handiagoz hartzeko dei bat-edo.

Lehenengo ipuinak, Azken tangoa Buenos Airesen-ek, idazle gazte baten (Katxalyn) eta eskarmentatu baten (Ander Galtzada, narratzailea) arteko lehia irudikatzen digu. Egunerokotasun handiko ipuina da gaiaren aldetik, gure literatur sistemako gertuko erreferentziak ederki azaltzen zaizkigu, baina istorioa sobera luzea egin zait; uste dut kontatu nahi zena kontatzeko ez zela beharrezkoa halako istorio gorabeheratsua. Gutun bi posteritateari (Literatura eta Historia) liburuko onenetakoa dela iruditu zait. Abilki parodiatzen du fikzioaren eta errealitatearen arteko harremana, gure istorio politikoari helduz, eta gertakariak apur bat grotesko eta puztuak izanagatik, tonu orokorrarekin bat datozela esango nuke. Epaimahaia-k sariketa bateko ibilerak erretratatzen ditu, berriz ere indar parodiko handiz eta trick ending horietako bat erabiliz, errazkeria apur batekin, nire ustez. Ergatibu, Beste bizitza eta Urrezko vespa ipuinetan bikote harremanen kontuak azaltzen zaizkigu literatur gaiekin nahasturik. Lehenengoan euskara zuzenaren obsesioaz trufatzen da eta ukitu grotesko nabaria du, halaber. Beste biak konplexuagoak dira, amaieran beste biraketa bana topatuko dugu, baina Epaimahaia-n erabilitakoarekin konparatuta, landuago eta indartsuagoak dira. Bernardo et Ramon da, seguruenik, bildumako nire gustukoena. Hauxe da, orobat, liburu guztian kasu bakarra benetako erreferentziak azaltzen zaizkigunak. Bernardo eta Ramon, jakina, Atxaga eta Saizarbitoriari egiten diote erreferentzia, baina ez dut uste behartuegia denik pentsatzea Antso pertsonaia Apalategiren beraren irudikapen autoparodikoa izatea, eta narratzailea, aldiz, Pascale Casanova literatur ikertzailea.

Azken kritikak

Markos Gimenoren 101 letrakartel
Joseba Sarrionandia

Mikel Asurmendi

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Artxiboa

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

Hedabideak