kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Gizakiaren minak / Karlos Linazasoro / Erein, 2010

Gizakion minen barnetik Bixente Serrano Izko / Berria, 2010-07-04

Obra luzea du jadanik Karlos Linazasorok, obra laburretako zerrenda luzea. Sormen literaturan beti, baina haren genero guztietan saiatua, zorionez saiatu ere. Haur eta gazte literatura, antzerkia, ipuinak, poesia, aforismoak, nobela laburrak… Hogeita hamaika izenburu ikus dezake irakurle interesatuak EIEko egilearen bibliografia web orrian 1991-2009. urteen artean, eta bertze bi oparitu digu aurten oraingoz: Hamazazpikotan poesian eta Gizakiaren minak ipuingintzan. Are, sasoi bete-betean dagoenez bere berrogeitaka urteko adinean, antzemanezina zaigu zenbat gehiago eskainiko digun oraindik idazle oparo eta nekaezin honek. Inork erran du idazle konpultsiboa dugula Karlos Linazasoro.

Pieza bitxiak dira egile honen guztiak, mimoz landuak, hala euren planteamendu estetiko eta filosofikoetan, nola euren xehetasunetan. Gaur eskuartean dudan Gizakiaren minak ez da salbuespen. Hamalau ipuin labur liburu labur batean. Pertsonaia anitz guztira, egoera anitz, narratzaile ezberdinak —hirugarren edo lehen pertsonan—, askotariko agertokiak, denbora eta espazio aldagarriak, errealitate historiko zein egunerokoak eta asmazio hutsak tarteka —are elkarrekin gurutzaturik ere—, halako tapiz mugikor batean murgilarazten du irakurlea Karlos Linazasorok. Gizakioi buruzko inpresio filosofikoek, antropologia ikuspegi batek inspiraturiko kontakizun eta pasadizoak, balio sinbolikokoak, irakurterrazak euren horretan, irakurlea aise daramatenak ikuspegi horretan sartzera, ikuspegi malenkoniatsu batean sartzera alegia. Sentiberatasun finaz asmaturiko pasarteak —kasuren batean, aukeran, ez hain fina, samurberegiak niretzat—, erriktus ironiko bat sortuko zaio irakurleari malenkonia horretan arinago sentitzeko.

Sarrera esanguratsua du liburuak, Lau entropia izenburuak biltzen dituen lau istorioekin. Itzal handiko lau pertsona historikoren biografia distirantetan, pertsonaia bana txertatzen ditu, historikoak ere eta haien benetako akuiluak izan balira, fantasiak asmaturiko curriculum zehatzetakoak, baina benetako jeinuen karrera igoeran agertu bezala aienatzen direnak gailurra jo bezain pronto, nahita aienatu ere. Nork uko horren atzetik gogoeta bizi eta kitzikagarri bat dagoenik giza izaeraz?

Bakarrizketaren bidez baina zu batekin hitz eginez kontaturikoak ditugu Gret eta Marraska lurperatu arren, esperientzia historiko gogorrak —nazien bidegabekeriak, XX mendeko sekulako gerra giroak—, bakarlarien barne-barnetik azalduak. Fantasiazkoak dira Piramidea eta Z.E.-ri buruzko txostena, lehen pertsonan ere narraturikoak, Kafkaren mundua gogorarazten digutenak. Gret ipuinean antzera, gerra krimenen erantzule baten aurkezpena dugu Fernando Casaresen bizitza alderraia, Francoren gerrakoa orain, biktimen ondorengo batek ikusita; fina ere ikuspegia. Eguneroko errealitatearen gainean eraikiak daude bertzeak, bikote-harremanak, leialtasuna eta traizioak, desengainuak, bakardadea, erruduntasuna…, gure ohiko miseria ezti-mingotsak saltsa gisa; ia guztien haria ekintza zehatzetan bainoago, elkarrizketetan garatzen da, Paracieloseko labarrak-en izan ezik, ekintza-narrazioetatik hurbilagoa berau.

Begirada subjektiboak beti, pertsonalak, bai pertsonaienak bai egilearenak, gonbit ederra da liburua irakurleari barne-barnetik hausnartzera gure giza izaeraz, gure bizipenez, gure burmuin eta erraietan eragiten duten errealitate eta fantasiez. Eta beti ere esperimentazio bidean estilo, ahots eta genero literarioetan, sarri Borges, Cortazar eta Kafka bezalako idazleen itzalek bidaiaria freskatzen.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak