kritiken hemeroteka

8.545 kritika

« | »

Bost hitzaldi krimenari eta histeriari buruz / Patricia Parry (Itziar Otegi) / Alberdania, 2009

Psikiatriaren histeriak Bixente Serrano Izko / Berria, 2010-03-28

Ez du zertan izan txarra irakurle zalearentzat berari ezezagun zaion idazle baten obran sartzeak. Bertze erreferentziarik gabe, salbu eta titulua agian edo liburuaren atzeko azaleko aurkezpena edo intuizioa, sartuz gero, baliteke lan honetan jarritako itxaropenak betetzea ala ez, baina bilaketan bertan gai baldin bazara plazera aurkitzeko, horra aurkikuntza.

Antzeko zerbait gertatu zait niri eleberri honekin. Titulu hutsak erakarria, genero hibrido bat, eleberri eta saiakera artekoa, aurkituko nuelakoan murgildu naiz gaurko honetan. Jakin gabe nor den Patricia Parry, jakin gabe nondik nora doan saiakera-izenburua duen eleberri hau. Erreparatu tituluari: Bost hitzaldi krimenari eta histeriari buruz. Eleberria izanik, hibrido horietako baten itxura ematen du bete-betean.

Bada, ez. Genero-eleberri hutsa da, eleberri beltza, alegia. Ez oso sorpresa atsegina niretzat, baina ezin erran, ezta hurrik ere, bilaketan bertan aurkitu ez dudanik plazera. Azpigenero horri eskatzen dizkiogun tentsio narratiboa, suspensea, kitzikagarritasuna eta korapilo guztien ezusteko irtenbide sinesgarria, hori guztiori ematen digu.

Baina badu bertze osagai propio, eleberriari, azpigenerokoa izanik ere, plus bat ematen diona. Izan ere, ez dugu estereotipo-detektibe horietako bat, hain egokia, normalean, gizarte baten edo gizateriaren miseriak islatzeko, dela bere ikergaietan, dela bere buruan bertan. Ez dugu mafien edo goi mailako politika edo negozio-jendilajearen edo bazter zuloetakoen mixerablekeriak islatzen dituen ispilurik. Baina bai baditugu bertze estatusekoen miseriak, gure irudikapen inozoan kultura hain biziki gurtzen dugun gizarte zibilizatu honetako jakintsuenak, alegia: puntako psikiatriaren puntako adituen arteko lehiak, anbizio pertsonalak, bekaitzak eta horrelako buru-sendagile guretzat ia sagaratuak zer azpikeriak gauzatzeko diren gai… Giza miseria horiek, arruntean pentsaezinak gertatzen zaizkigun horiexek, aurkezten dizkigu. Ez dakit, baina narrazioan sartu ahala, burutik ezin kendu ibili naiz zer demonio gertatzen den Iruña-Veleiako aurkikuntza/iruzur horien inguruan adituen artean, zer dagoen hor jelosiatik, deontologiatik eta azpijokoetatik: ez da izanen, ziur aski, lehengai makala nobela beltz bat eraikitzeko etorkizun batean.

Mediku psikiatra eta Okzitaniako Tolosakoa da egilea. Hiri horretan kokatu du narrazioa, psikiatria kongresu batean. Jardunaldietako mediku izarraren paziente izarraren hilotza hoteleko komunetan agertzean hasiko da kontua. Bi plano eta garaitan azaldurik: gaurkoa da nagusia, baina Freud gaztearen inguruan gertatu ziren bertze erailketen kontakizuna ere txertatzen du Patricia Parryk. Serieko erailketak, erritual bati jarraitu ziotenak; gaur ere, bertze batzuek emanen diote segida hotelekoari, iraganekoen erritualak kopiatzen. Tartean, narrazioari giza ikerketa, legenda eta misterio kutsua ematen dioten kontu kilikagarri anitz: antisemitismoa, judu erratuaren kondaira eta haren sinbolismoa, medikuen patriarkatua, psikoanalisiaren aitzindariak eta hasierak, Freuden nortasunaren aurkikuntza berri ustez iraultzaileak, zientzialarien anbizioak eta elkarren arteko azpijokoak…

Trebeki kontatua, eleberri beltzen zaleei ez ezik, bertzelako irakurle anitzi ere entretenigarri suertatuko zaiolakoan nago, jakinduriaren tenpluetako ministroenganaino ere luzatzen direnez gure mixerablekeriak. Ministro horiei bekaitzik izan gabe diot.

Azken kritikak

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre

Jon Jimenez

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak