kritiken hemeroteka

8.616 kritika

« | »

Nola banandu nintzen neure alaba eta neure ia-semearengandik / Lydia Flem (Joxan Elosegi) / Alberdania, 2009

Txikia handi Ander Irizar / Diario de Noticias, 2010-03-09

Ez dugu honako hau Lydia Flem idazle eta psikoanalista belgikarrari euskaratu zaion lehenbiziko liburua. Hor ditugu, lehenagotik, “Izua” eta orain hizpide dugun honekin zerikusi handiagoa duten “Nola hustu nuen gurasoen etxea” nahiz horren segida moduko “Amodio gutunak oinordetzan”. Liburu horietakoren bat irakurri duenak asma dezake, gutxi gorabehera, zer-nolako liburua izango den honako hau. Lydia Flemek esperientzia pertsonal bat hartuko du oraingoan ere abiapuntu, bizitzaren legeak agintzen duen beste gertakizun bat: seme-alabek halako batean etxeko habia uztea. Banantze-prozesu hori nola bizi izan zuen kontatuko digu Flemek, izenburuan bertan adierazten digunez (esplika dezagun, bidenabar, semeari “ia-semea” deitzen diola senarrarena delako), xehetasun ugariz kontatu ere. Eta, xehetasunez agertuko dizkigu, era berean, gurasotasunari buruzko hausnarketak. Esan dezagun, bide batez, gorago aipatu den liburu bikotean ez beste ikuspuntu batetik aztertzen dela hemen gurasotasuna; hau da, ez alabatasunetik, baizik eta, orain, amatasunetik. Halatan, bere seme-alabak direla-eta izaniko beldurrak, kezkak, pozak eta bestelako bizipenak zehazten dizkigu Lydia Flemek. Norbaitek galde lezake, ordea, zer literatur interes izan dezaketen horrelako bizikizun eta pentsakizun guztiz pertsonalek. Eta badute interesa, bai. Izan ere, idazlearen ia egunkari pertsonal eta intimotzat har litekeen liburu honen pasarte ugari irakurlearen balizko egunkari batekoak izan litezke sarri askotan. Kontu erabat partikular baten muinari heldu eta horren unibertsaltasuna azaleratzen asmatzen denean agertzen da literaturaren dirdira, eta hemen bada literatur izpi dirdaitsurik. Hala, gorago aipatu ditugun liburuekin gertatzen den bezala, lan honetan ere jende askoren emozioei eta sentimenduei jarri die hitza Lydia Flemek, eta, era horretan, irakurle ugarik ikusiko du bere burua islatuta. Egia esateko, barru-barrukoa duguna, eta ustez geurea bakarrik dena, besteren hitzez egoki adierazia ikustea bitxia gertatzen da, eta, zenbaitetan, lagungarria ere gerta daiteke.

Apustu irmoa egin du Alberdania argitaletxeak Lydia Flemen alde. Horrela, azken bost urteotan, idazle eta psikoanalista belgikarraren lau liburu eman ditu argitara Alberdaniak, eta ez euskaraz soilik, gaztelaniara ere euskal argitaletxe honen bidez iritsi baitira Flemen lanak; bide batez esanda, Nola hustu nuen gurasoen etxea katalanez ere argitaratu du Alberdaniak. Flemen aldeko apustu horretan, aipatzekoa iruditzen zait itzultzaile bera izan dela lau liburuetan belgikarrari ahotsa eman diona, Joxan Elosegi gipuzkoarra hain zuzen. Eskarmentu handiko itzultzailea dugu irundarra, eta oraingoan ere baliatu beharko zuen, bai, esperientzia hori itzulpenari aurre egitean, liburuak, bere laburrean, badu-eta, tarteka, esaldi luzetan gauzatzen den hausnarketa korapilatsurik.

Azken kritikak

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Ibon Egaña

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Asier Urkiza

Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx

Aritz Galarraga

Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu

Mikel Asurmendi

Denboraren zubia
Iñaki Iturain

Aritz Pardina Herrero

Etxeko leihoak unibertsora
Alba Garmendia Castaños

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Joxe Aldasoro

Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia

Aiora Sampedro

Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez

Mikel Asurmendi

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Maialen Sobrino Lopez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Asier Urkiza

Espekulazioak
Arrate Egaña

Nagore Fernandez

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Txani Rodríguez

Artxiboa

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

Hedabideak