kritiken hemeroteka

8.769 kritika

« | »

Jaiotze markak / Nancy Huston (Iñigo Errasti) / Alberdania, 2009

Bilakaera baten arrastoak Iker Zaldua / Gara, 2010-02-05

Nork esan gerraren izugarrikeria atzean uztea amesten duen ume bat eta soldadu-kasko baten azpian sartuta odola barreiatzea amesten duen ume bat senitartekoak direla?

Are gehiago, nola sinetsi bata bestearen arbasoa dela? Jaiotze marka batek frogatzen du egia hori.

Nancy Hustonek sei urteko lau umeren bizimoduak dakarzkigu, lau ume jaiotze markaz josiak, gorputzaren ezkerraldean (lokian, sorbaldan, ipurmasailean eta ukondoan) markatutako lau ume, aspaldi galdu zen adar bereko lau aldaxka.

Idazleak kronologiari iruzur egin dio liburuan, atzetik aurrera kontatzen baitu istorioa, lau kapitulutan banatuta. 2004ko Kalifornian abiatzen da eta 1944ko Alemaniara iristen da. Tartean New York eta Haifa alde batetik eta Toronto bestetik. Lehen pertsonan kontatuak dira gertaerak, umearen begiek idazten digute eta begirada horren bilakaera ikusten dugu guk, argiro. 2004. urteko Solek teknologia berriekin jolasten du, Google irensten du eta bertan aurkitzen ditu bere galdera guztien erantzunak, bere kabuz, berak nahi dituenak. 1944ko Kristinak, lehenengoaren birramonak, ahizpak oparitan jasotako andrakilarekin jolastea du amets, jolaserako beta handirik ez ordea, eta erantzunak berez iristen zaizkio, agian entzun nahi ez lituzkeen erantzunak. Ume batek izan ditzakeen, ametsak, nahiak, irrikak, gogoetak, beldurrak eta zalantzak oso ongi azaltzen dira, garaiaren araberakoak izan arren, finean berdinak direnak. Umearen garunean sortzen den errealitatea ez baita fantasia hutsa, gurasoei entzundako egia ezkutuekin eraikiak dira, nahiz eta umetasunak emandako fantasiak sostengatzen diren.

Errealitate horren atze-oihal gisa gerra ageri da lau umeengan, eta bakoitzarengan oso eragin ezberdina du, handik ihes egin nahiak fusila eskuetan hartzeko grina ekarri du, bilakaera bitxia, ume bakoitzak izan duen heziketari so hemen erraz ulertzen dena, irmo eta estu XX. mendeko erdialde hartan, leun eta jagole XXI. mende honetan.

Gerra da, hain zuzen, lau istorio horien lotura eta haustura. Gerra batek, Bigarren Mundu Gerrak, askatu zuen lehen aldaxka bere adarretik; hark eragin zuen familia lau belaunaldi horietan munduan barrena sakabanatzea eta orain 2004. urtean, lau belaunaldiak batu dira gerra hartako agertoki nagusira, Alemaniara, itzuli eta galdutako adarra bilatzeko, jaiotze marketan idatzirik dagoena irakurtzeko xedez.

Zer pentsa ematen du irakurketak, atzeko azala ixtearekin batera gure adarreko aldaxken haurtzaroan pentsatzen dugu, mundu bereko mundu txikietan, gure nolakotasuna arbasoetatik datorrela, sudur handia edo ile horia izatea baino haratago jaiotze markak biologiari ez dagozkion tintaz tatuatzen direla gure ezker edo eskuineko gorputz atalen batean. Eta ez dut ukatuko atzeko azala ixtearekin batera irakurketaren kronologia aldatzeko irrika sortzen denik, atzekoz aurrera irakurtzeko gogoa, gertaeren lerro kronologiko logikoari eutsi eta lotu gabe utzitakoak elkar lotzen uztekoa. Edo, hobe, idazlearen proposamenari men egin, baina bigarren aldiz, begiak ustekabeetarako prest jarrita, marka bakarrak ere ez dezan ihes egin.

Liburuak Femina saria eman zion Nancy Hustoni eta arrakastak muga oro zeharkatu zituen, orain gure lurraldera ere iritsi da Iñigo Errastiren itzulpen paregabeari eta Alberdaniak egindako apustuari esker.

Azken kritikak

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

Hedabideak