kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Baina bihotzak dio / Xabier Montoia / Elkar, 2002

Erbesteko historiak Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 2002-03-23

Montoiaren liburu hau irakurtzen ari nintzelarik, akordura etorri zitzaidan Javier Egea poetaren hitz hauek: “samurtasuna gorrion ondare da”. Erbesteko historiak, nik entzunda ditudanak behinik behin, samurtasunez beterik baitaude, samurtasunez eta urruti minez, dena esan behar da. Samurtasunak, halakoetan, gainezka egiten du, gero zabaldu egiten da bazterrak mendean hartuz. Erbestean bizi direnek, nik ikusi izan ditudan horiek behinik behin, samurtasunez begiratzen diote munduari, ez baitakite ongi nongoak diren: hango ala hemengo ote zalantza dute. Urruti mina aurkitu dut Montoiaren pertsonaietan. Denek edo ia denek dute buruan, esna ala amets, Euskal Herrira itzultzeko gogoa, eta batzuek lortzen dute. Samurtasuna ipuin batzuetan bakarrik, Halifax Irapuato eta Daytona Beach izenekoetan. Aurrena, elkarrez maitemintzen diren bi emakumeren historia da. Bata euskalduna da, bestea, siziliarra. Baina biak izan zitezkeen euskaldun, edo biak siziliar, edo biak auskaloko. Poliki kontatuta dago, samurtasunez aurkezten ditu emakumeak, eta hasieratik bukaeraraino bihotz zimikoa eragiten duen horietakoa da. Bigarrena ere hunkigarria da, amari ahizpa bat ekartzeko eskatzen dion neskatoarena. Hirugarrena, euskal pilotarien grebari buruzkoa da. Gainerakoetan ez dut halakorik aurkitu. Bi historietan, Paris eta Meotz izenekoetan, sentimendua ere badago, baina beste klase batekoa da: urruti minaz haratago doan zerbait, samina behar bada.

Biek dute zerikusirik “euskal gatazka” deitzen den horrekin. Historia gogorrak dira, baina narrazioak erritmoa du, eta indarra. Gainerakoak, esango nuke, zirriborroak direla gehiago, benetako narrazioak baino. Hasiera eta bukaera, antzekoa ez bada ere, paraleloa delako guztietan. Historietako gaiok, berez politak eta interesgarriak izanik —horrexegatik irakurtzen dira aise—, bestelako formatua merezi zuten. Atzerriko hiri bat aurkezten zaigu, bertan pozik bizi ez diren euskaldun batzuk ere bai; eta bukaeran Euskal Herrira jotzen dute gehienek, edo ahalegintzen dira behintzat Euskal Herrira etortzen. Eskematikoegiak dira.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak