kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Autokarabana / Fermin Etxegoien / Pamiela, 2009

“Autokarabana” nobelaren garrantziaz Hasier Etxeberria / zuzeu.eus, 2009-10-11

Fermin Etxegoienen nobela bat argitaratu du irailean Pamiela etxeak. Autokarabana du izena. Nobela ez da guztiz borobila, ez da sekulakoa, baina nago egundoko garrantzia ukan dezakeela gurean. Saiatuko naiz esaten zergatik.

Fermin Etxegoien ez da idazleon artekoa izan sekula. Bere idazlanak, gehiago izan dira zerbitzuko letrak, beste ezer baino: gidoiak, kronikak, soldata irabazteko idazkiak, zutabeak… Sekula ez dugu aurkitu izan idazle bileretan, poeten arteko mozkor esklusiboetan, Galeusca eta antzekoetan…, egia den arren, kulturaren ingurukoetan ikusi izan dugula beti, batez ere musikarekin lotutakoetan.

Nolabait esateko, Etxegoien irakurle gisa identifikatzen genuen gehiago orain arte, kulturaren produktuak normaltasunez kontsumitzen dituen horietakotzat geneukan, Durangoko karrajuetan liburu bila aurkituko duzunetakotzat. Baina, esan bezala, ez idazleen arteko. Nola izango da, ba, idazle, ia berrogei urte bete arte, 2004a arte, batere libururik argitaratu gabea izanda. Hemen denok argitaratu dugu, gutxi edo asko, nerabezarotik irten berritan eta irten gabe.

Neuronak eta zeuronak saiakera laburra etorri zen orduan eta argi utzi zuen Etxegoienek, berari buruz aurretiaz uste genuena egia zela: bere espezialitatea dela munduko eta geure inguruko mugimendu garaikideei adi begiratzea, seguru asko oso berea duen musikazaletasunak eraginda. Kalaka telebista saioko eztabaiden arduraduna da orain, uste dudanez.

Eta Autokarabana argitaratu du. Idazle izan gabetan, idazleei aitortuena zaien lana ekarri digu, lotsagabeki, gainera. Eta iruditzen zait, garrantzia ukan dezakeela gertaera honek.

Etxegoienen oso antzeko gizon baten ibilerak dira ardatz. Kooperatiba batean egiten du lan. Dibortziatuta dago. Alaba bat dauka eta bere egunerokotasunak ematen dio nahikoa lan. Bigarren amodioarekin aurrera egitea ere ez zaio erraza egiten. Euskaldun izatearen zirkunstantzietan harrapatua… Denon antzeko morroi arrunta, beraz, bizitzak ematen dizkion aukerak batzuetan probestu eta besteetan alferrik galtzen dituena.

Esan dezagun, existentzialismo cool baten iturritik etorritakoa dela nobelako ur hau. Tarteak tarte, Houellebecq, Roth, Murakami… ekarri dizkigu guri gogora, batzuetan gaiak, bestetan trataerak. Bada zerbait.

Nire ustez bide bat argi markatzen duelako. Esan nahi dut, orain arte antiheroe garaikideak asko izan direla gurean, baina, irakurriak ditudan liburuetan, gai narratibo nagusia ez zen sekula hori izaten. Antiheroiak bazeukan beti beste zeregin bat, edo polizia zen, edo gaizkilea, edo abokatua, edo entomologoa, edota apaiza.

Baina Autokarabanako protagonista antiheroia baizik ez da. Horixe bakarrik. Ez daki besterik egiten: gizarteak gurean dituen katramila arruntenetan harrapatuta bizi da, Bilbora joandako Etxegoienen antzeko oñatiar baten antzera. Ez dauka beste zereginik bere antiheroitasun horren amaraunean bizitzen jarraitzea baino, pultsio sexualei men egin eta emezkoekiko desberdintasun eta kontraesanak irentsita. Ez du deskubritu nahi inor, ez du aurkitu nahi azken gerran desagertutakorik, ezin du aberririk salbatu, aski du bere burua lepo gainean eramatearekin. Zela-hala. Antiheroi garaikideari buruzkoa du gaia esklusiboki.

Esan dugu Etxegoien ez genuela idazletarako. Eta bere prosan ederki nabaritzen da hori. Ez da galdu idazleok sarri galduta ibiltzen garen eremu eta sasietan. Ez da ahalegindu Euskal Literaturaren historia aldatuko duen zerbait edota forma aldetik izugarri berritzailea den ezer eraikitzen. Hizkuntzari dagokionean, euskarak ez du obsesionatu Etxegoien: euskaldun osoa eta normala da bera, eta bere modura kontatu ditu gauzak, euskaldun normal batek dituen erak erabilita eta ez hizkuntzarekin itsututako euskaltzainkume baten antzera. Bidenabar esan dezagun, horixe duela gai ederrenetako bat nobelak, nor ote den hemen euskaldun, edota ba ote den euskaldun normalik munduan. Geure antzera, baten bati zabarregia ere egin dakioke erabiltzen duen erregistroa tarteka. Baina ez da traba. Aitzitik, arazo eta korapilorik gabe gauzak kontatzeko tresna baizik ez da hizkuntza, espresabide soila. Hizkuntza, idazkera, ez da helburu, bitartekaria baizik ez da.

Honez gero hartuko zenioten traza eleberriari: protagonistaren erretratua gailentzen da ororen gainetik. Dena dago horrexen zerbitzura. Bide batez, ordea, geure gizarte gaurkoa bistatzen da, inoiz gutxitan bezala: bizimoduaren konplikazioak, ar-eme desberdintasunak, aitatasuna eta familia berrien antolakuntza, mendia-hiria dikotomia, lagunartearen balioa, norbanakoaren egoismoa, kasualitatearen balioa, denboraren iragaitea… Eta artifizioren batek edo bestek karranka apur bat egin digun arren, esan dezagun sinesgarria egiten dela kontatutakoa. Etxegoienen alter egoa ikusten dugula lerroetan aurrera joaten, jakin gaberik iritsi behar duen nora. Istorioa kontatzea beste nahirik ez da ageri orrialde guztietan.

Fermin Etxegoienen Autokarabana honek normalagoa egiten du euskal literatura neurri batean eta, bereziki, euskal narratibaren kontsumoa. Gustatuko zaizu ala ez, baina beste hizkuntzetako literaturetan hain ugariak diren eleberrien oso antzekoa da berak argitaratu duena. Konplexurik gabe, inolako kezka edo goi-arnasaren beharrik batere gabe, kontatzen zaigu gaurko gizonezko baten historia eta, bide batez, ez bakarrik berarena. Baita zeurea eta nirea ere.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak