kritiken hemeroteka

8.711 kritika

« | »

Hildakoek ez dute hitz egiten / Arthur Schnitzler (Ainhoa Irazustabarrena) / Alberdania-Elkar, 2009

Kontzientzia puskak Beñat Sarasola / Berria, 2009-07-12

Udaren hastapen hauetan, Arthur Schnitzler-en (Viena, 1862) hamaika ipuin ekarri berri dizkigu Literatura Unibertsala bildumaren azkeneko aleak, Ainhoa Irazustabarrena itzultzailearen eskutik. XX. mende hasierako Europa erdialdeko mundu ezegonkor eta grinatsuaren testigu behinena izan zen austriarra, eta hala, liburuaren hitzaurrean aditzera ematen zaigun gisara, Sigmund Freudek miretsiriko idazlea eta Jung Wien (Viena gaztea) izeneko abangoardiako taldeko kide izan zen.

Orden kronologikoan aurkezten zaizkigu ipuinok; 1894tik 1907 arte idatzitakoak dira denak, azkenekoa (Ni) izan ezik, zeina 1927an idatzia izan baitzen. Alde nabarmena sumatzen da, esango nuke, lehenengo hamar ipuin horien eta azkenekoaren artean. Azkeneko hori da, ene aburuz, bildumako ipuin bikainenetako bat, eta hizkuntza eta errealitatearen arteko loturaz mintzo da funtsean. Schnitzler Hugo von Hofmannsthalen adiskide izan zela gogora ekartzen digu ipuin honek, jakina denez, Hofmannsthal izan baitzen XX. mende hasierako “biraketa linguistikoa” deitu izan zaiona bikainki irudikatu zuena 1902an, bere Lord Chandosi gutuna testu famatuan. Ipuin honek ere badu, gainera, Franz Kafkaren kontakizunen halako taxua —Kafka hil eta hiru urte geroago idatzitakoa da—. Gainontzekoetan, Schnitzlerren ezaugarri nagusiak kausituko ditugu. Amodioa eta heriotza dira gai errepikatuenak seguruenik, eta hala, jazoera dramatiko bat —heriotza bat, sarritan— da narrazio gehienetako motor. Gertakari hauek pertsonaien barne psikologiaren garapena ikusteko parada eskaintzen digute, eta hor kokatzen da autore austriarraren ezaugarri estilistiko nagusiena, hots, kontzientzia jarioa. Eremu germaniarrean teknika narratibo hau erabiltzen lehena izan zela aipatzen da maiz, baina hori horrela denetz alde batera utzita, baiki, ipuin hauetako batzuetan —Alarguna, Geronimo itsua eta bere anaia, Ni…— kontzientzia jarioaren adibide garbiak ikus litezke.

Honek guztiak, jakina, Freuden teoriekin lotzen ditu narrazio hauek, baina hori bai, nahiko modu lausoan, zorionez. Psikoanalisiak gehiegi “kutsatu” baldin badu idazle askoren sormen literarioa, kasu honetan argi dago Schnitzlerrek ez duela idatzi teoria kliniko honen arauei hertsiki jarraituz. Alta, arestian aipaturiko psikologiaren garrantzia orokor horretan eta gogoaren zein errealitateren bazter “ilunen” presentzian (Iragarkizuna, Von Leisenbohg baroiaren patua) kokatu behar da, seguruenik, Freudek literatura hau horrenbeste gustatu izatearen kausa. Giza gogoaren konplexutasuna ipintzen baitute agerian, azken batean, ipuin hauetako askok, eta era berean, mundua gizakiaren kontrolpetik at dagoela seinalatu. Izan ere, ezusteko gertakari askok —lehenago aipatu jazoera dramatikoek, kasu— pertsonaien arrazionaltasuna eta mundu-ikuskera ordenatua kolokan jartzen dute. Halaber, errealitatearen alderdi ezezagun eta misteriotsuek denboraren eta askatasunaren gainean hausnartzeko bide ematen dute, besteak beste.

Euskal irakurle fidelek ongi dakiten modura, Literatura Unibertsala bildumako liburuek nekez egiten dute huts, eta Hildakoek ez dute hitz egiten ez da salbuespena. XX. mende hasieran gertatu ziren aldaketa etiko, filosofiko eta abarrak ikusteko parada ederra eskaintzen digu Schnitzlerrek. Anfora hautsi ondoren, behialako hizkuntza eta kontzientzia segurantza eztabaidaezina izateari utzi zioten, eta munduaren konplexutasuna oraindik gehiago areagotu zen. Hizkuntza eta kontzientzia puskak besterik ez zaizkigu geratzen ordutik.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak