kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Belarra kantari / Doris Lessing (Koro Navarro) / Elkar, 2008

Luze osoan atsegingarri Iratxe Esnaola / Gara, 2009-02-06

Lehen eleberri hau 1950ean idatzi zuenetik 2007. urtean Nobel Saria jaso zuen arte, eskerga argitaratu du Doris Lessing-ek. Sona eta entzutea, hein batean, Urre koloreko koadernoa eleberriak eta orobat emakumeen eta kolonizatuen mendekotasunak agerian jartzeak ekarri dio. Jokin Zaitegi itzulpen sariarekin saritutako lan hau ez dabil abiapuntu horietatik urruti. Hego Rhodesian (egun Zimbawe) kokatutako hilketa bat abiapuntu duen istorio honek berehala egiten die oihartzun segregazioa eta arrazakeria hizpide dituzten beste eleberri batzuei. Harper Lee iparramerikarraren To kill a mockingbird bikainari, esaterako, edota J. M. Coetzee-ren Lotsaizunari, bilduma honetan bertan argitaratua izan zena. Hilketa horren nondik norakoak ulertzeko landa giro bat irudikatu behar da miliek bereizitako etxalde sakabanatuekin. Bertan britainiarrak eta haien ondorengoak bizi dira bertakoak morroi dituztela. Beltzek mendekotasun kontzientzia barneratua dute. Zuriek, berriz, aurreiritzi sustraitu bat dute: ezein beltzek, aukera emanez gero, ostu, bortxatu eta erail egingo du. Honen ondoan tabu handi bat: ez da hitz egingo zurien nagusitasuna kolokan jar dezakeen injustiziez. Narratzaileak barrutiko zurien gogoa agertzen du, baina ez beltzena, askotan ironiaz beren aurreiritzi eta uste zentzugabeak agertuz. Hitza aipatzen ez bada ere, kontakizuna arrazakeriarena bihurtzen da. Giro itxi honetako protagonista Turner senar-emaztea da. Mary Turner emazteak beltzei dien ezinikusia izango da morroiak bera hiltzeko arrazoia. Edonola ere, Maryren transformazio istorioa ere bada eleberria. Hiritar buruaski izatetik, ezkontzeko presio soziala tarteko, senar baten bila jotzen duen emakumearen drama islatzen du. Landan, etxeko lanak beste egitekorik gabe eta miseriaren ertzean, aurreko bizitzara itzuli nahi duenerako ez da lehengo bera. Sorgortuta, jendearekiko harremanei beldur hartu eta senarragana duen ezinikusia kanalizatzeko modua arrazakeria neurrigabea izango da, gertuan eta eskura dituenekin, etxaldeko morroiekin. Gehiegikeria horiek guztiek rol banaketarekin dute zerikusia. Britainiarren emazteak etxeko andreak dira eta ez ekintzaileak. Okerragoa da emakume beltzentzat zapalkuntza bikoitza jasaten baitute, aurrena beltz eta hurrena emakume izateagatik. Baina ez dira kontziente; andreek ez dute emakume izatearen kontzientziarik. Sumatzen da Mary-ren basakeriak baduela oinarrian honen eraginik. Gogoeta hauek guztiak irakurleari sortu zaizkio, izan ere, manikeismoan erortzen ez diren deskribapenak egin ditu idazleak. Nola? Beltz eta zurien istoriotik haraindi norbanakoetara jauzi eginez, harremaneko miseriak, ezinikusi txikiak eta isilpeko gorrotoak xeheki aletuz.

Ulermen psikologiko honetara eramango gaituen prosa derrigorrean da pausatua, mantsoa. Narratzaileak pertsonaien gaineko hausnarketa egitera bultzatuko gaituen lana idazteko tartea hartu du. Antzeko zerbait gertatzen da deskribapenekin ere, batez ere, klima eta landarediari dagokionez.

Koro Navarro itzultzaileak lanak txukun bete dituela esatea falta zaigu nahiz eta jatorrizkoa ezagutu ez. Tonu uniformea mantenduz, bai eta hiztegi oparoa baliatuz, narrazioa uneoro sinesgarri agertuz, atsegingarri egin du luze osoan bere irakurketa.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak