kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Bilbao-New York-Bilbao / Kirmen Uribe / Elkar, 2008

Mundu bat sortu Ana Arregi / Gara, 2008-12-26

Zerk egiten du literatura lan bat aparteko obra? Nola jakin, nola antzeman, irakurtzen ari garen liburua haratago doala eta bide berri bati ekiten diola? Liburu batzuk su artifizialak bezalakoak dira. Liluratuta geratzen gara erabilitako hitzekin, kontakizunarekin, pertsonaiekin. Intrigak, edota idazlearen agudeziak, liburuaren azken orrialderaino eramaten gaitu. Eta bukaerara iristen garenean, liburua itxi eta atseden hartzen dugu. Begiak ere ixten ditugu; memoria beste nonbaitera doa, arnasa hartzera, eta nobelan lotuta zeuden hariak, poliki-poliki, askatzen doaz. Egun batzuk pasa bezain pronto, nobela mataza bihurtu zaigu. Su artifizialak efektuak baino ez dira. Formula magistralak botiketan saltzen dira.

Badaude guztiz bestelako liburuak ere. Adi-adi irakurtzen dituzu eta, hala ere, batzuetan sentitzen duzu galduta zaudela. Leku berri batera ailegatzen zarenean bezala, begiak zabaltzen dituzu ñabardurak ez galtzeko. Sentitzen duzu bidaiaria zarela, baina oraingoan bidea ez duzu ezagutzen. Irakurtzen ari zarena ez da liburu arrunta. Nobela itxura dauka baina besterik ez. Itxurak ez dira batere fidagarriak. Aurrera egiten duzu, poliki-poliki, eta konturatzen zara mundu berri batean sartzen ari zarela. Ixten duzu liburua, gauero, eta begiak itxi bezain pronto, gogoan hartzen duzu beste leku batean egon zarela. Mundu ezberdin batean. Mundu literario batean. Eta hara itzuli nahi duzu. Agian, mundu literario horrek etxetik gertu dagoen kostaldeko herri baten antza du. Beharbada, nobelan agertzen diren pertsonaiak errealitate hurbilean dituzun antzekoak dira. Baina, kasu bietan, itxura hori itxura besterik ez da. Eleberriaren errealitatea bestelakoa da, literarioa. Eta nobela bukatu eta gero, betirako gordeko duzu mundu hori oroimenean. Hortxe dago liburu bat aparteko lan bihurtzen duen gakoa, ene ustez.

Bilbao-New York-Bilbao nobelak mundu literario bat osatzen du. Hasierako orrialdeetatik, eleberrian agertzen den Bilbao hiriak kategoria literarioa du eta Kirmen Uribe ere ez da benetako pertsona, pertsonaia baizik. Bere presentzia ahots bat da, gogoratzen eta bidaiatzen duen ahotsa. Hariak bezala, leku guztietatik agertzen dira istorioak eta Uriberen ahotsak, edo memoriak, elkarlotzen ditu modu natural eta diskurtsibo batean. Idazlea, paperezko idazlea, hau da, Kirmen Uribe pertsonaia, nobela bat idazten ari da fikziozko idazleek egiten duten bezala. Materialak biltzen ari da, ikertzaileen moduan. Horrela, nobelan zehar agertzen diren istorio guztiak ikerketa lanaren zatiak dira. Eta nobelaren atalak eleberriaren idazketa prozesuan emandako aurrerapausoak dira, fikziozko bidaian, hegazkinaren pantailan distance to destination hura gero eta laburragoa den bitartean.

Bilbao-NewYork-Bilbao nobelaren sarreran Kirmen Uribek hiru zita kokatu ditu estrategikoki. Lehenengoan, Canettik gogorarazten digu norberarenak diren kontuak, horiek dutela benetan garrantzia. Bigarrena Sebaldena da, eta istorio ezberdinen arteko hari amankomun eta ikusezinak aipatzen ditu. Hirugarrenak, Virginia Woolfenak, gogora ekartzen digu errealitate batzuk hurbiletik begiratu bezain pronto urrunetik zuten alde erromantikoa berehala galtzen dutela. Eta Uribek, hiru idazleen hitzei jarraituz, azalean geratzen ez den ahotsaren eta memoriaren arteko testua ehundu du. XXI. mendeko literaturaren ehuna.

Post scriptum: Azkenengo orrialdeetan, Artetaren koadroari lotuta kontatzen den idazlearen amonaren sekretua opari bat da: literatur lan onenetarikoaz egindako txokolate ontza.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak