kritiken hemeroteka

8.711 kritika

« | »

Azken anaia / Nathacha Appanah (Mikel Garmendia) / Alberdania, 2008

Historia, mentura eta adiskidetasuna Inma Errea / Diario de Noticias, 2008-12-22

Azken anaia nobelaren ardatz nagusia adiskidetasuna da, zorigaitzek eta gertaera historikoek elkartzen dituzten bi gaztetxoen arteko adiskidetasuna, alegia. Bi anaiak galdu dituen Raj mutiko maurizioarra eta Bigarren Mundu Gerran Txekoslovakiatik Maurizio uharteraino joandako David haur judua adiskide eginen dira, eta —zein bere penen gainetik eta elkarren mintzoak ia konprenitu gabe— haurrek berezko duten egitekoan saiatuko dira: jolasean.

Baina hori izanik nobelaren muina, kontakizunak beste gauza asko eskaintzen dizkigu. Raj zahartu batek kontatzen dizkigu txikitako gertaeren gainean 60 urtez gorde dituen oroitzapen eta sentimenduak. Izan ere, Daviden heriotzak —Raj eta David 9 eta 10 urteko haurrak zirenean gertatua— bizitza osorako markaturik utzi zuen Raj.

Kontakizunak hasieratik bukaeraraino harrapatzen gaitu. Lehenik eta behin, jakin-min bitxi bat pizten duelako guregan: David hila dela hasiera-hasieratik jakinik ere, nobela osoan zehar jakin nahi izanen dugu nola hil zen, zerk eragin zion heriotza edota zer lotura izan zuen harekin Raj gaztetxoak.

Bestalde, Bigarren Mundu Gerran gertatu eta ia ezagutu gabe pasatu den gertaera baten berri ematen zaigu nobelan: Palestina helmuga zuelarik 1940an nazismotik iheska Europako ekialdeko 1.500 judu zeramatzan L’Atlantic itsasontzia Maurizio uhartera iritsi zela, bidaiariek Beau-Bassineko presondegian espetxeraturik bost urte eman zutela, eta haietatik 127 Maurizio uhartean hil eta bertan lurperatu zituztela. Hala ere, munduan gerla handi bat gertatzen ari zela ere ez zekien Raj haurraren ikuspegitik kontatzen digu hori guztia Nathacha Appanahk.

Appanahk egindago narrazioa zirraraz betea da. Zirrara eragiten du gizon-emakume arrunten egunerokotasunari eta funtsezko gauzei buruzko kontakizunak, noiz eta Historiako gertaera krudel handiek —ikasliburuetan biltzen diren horiek— haien bizitzak zeharka bada ere ukitzen dituztenean. Zirrara pizten du, baita ere, bi haurren arteko adiskidetasunaren zein zorigaitzetan bizirauteko senak piztutako elkartasunaren deskribapenak. Eta zirraragarria da, azkenik, errealitatea atzemateko gureaz besteko ikuspegi historiko eta geografikoei heldu beharra.

Zirrara sortzeko, baina, Appanahk idazkera neurrikoa erabiltzen du, gehiegizko sentiberatasunik gabea, halakoa non kontraste handia egiten baitu gertaeren dramatismoarekin. Salbuespen bakarra, jokamolde neurtu horretan, Maurizio uharteko paisaien deskribapena izan daiteke, horretan nabarmena baita egilearen jaidura.

Nathacha Appanah Maurizio uhartean jaioa da, 1973an, hango familia hindu batean. Hango hizkuntzaz —kreoleraz—, ingelesez eta frantsesez mintzo da, besteak beste, baina frantsesez idazten du, eta Frantzian bizi da. Mikel Garmendiak euskaratutako nobela hau idazleak argitara eman duen laugarrena da, eta FNAC nobela saria irabazi zuen iaz. Nobela hau baino lehen, Les Rochers de Poudre d’Or, Blue Bay Palace eta La Noce d’Anna eleberriak idatzi ditu Appanahk. Guztietan, Maurizio uharteko bizimoduen oihartzuna jaso ditu egileak.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak