kritiken hemeroteka

8.629 kritika

« | »

Egunsentiaren esku izoztuak / Xabier Lete / Pamiela, 2008

Esku hutsik ordu kunplituan Beñat Sarasola / Berria, 2008-12-28

Xabier Leteren sorkuntza errotik gurutzatzen duen gaia da bizitza eta heriotzarena. Horren adibide, lehendabizi bururatzen zaizkigun Leteren kantak –demagun, “Izarren hautsa” eta “Xalbadorren heriotzean”– zuzenean daudela loturik gai horrekin. “Egunsentiaren esku izoztuak”, bada, gai-ildo horren adibide ezin hobea da, lehenengo poematik azkenekoraino, heriotzaren gaineko hausnarketa presente baitago. Atalen beraien banaketa linealki uler daiteke gainera: heriotzaren ataritik –“Udazkenekoak”– heriotzaren azkentzeraino –“Neguan izan zen”–.

Modu orokorrago batean, galeraren ideiaren presentziaz mintzo daiteke orobat —egin kontu des– atzizkiaren erabilera—; gaztetasunaren eta bizitzaren halabeharrezko galera. Galera horretan oroimena da geratzen den bakarra, ezerk ezin baitu saihestu biziaren patu tragikoa, ez ezagutzak ezta hausnarketak: “ez gaitu ezerk galeratik erredimitzen orain / bai baitakigu egun joanak ez direla itzuliko / eta ez dagoela gogoetarik, oroigarririk / gizona bere ezerezetik salba dezakeenik”. Ez da inor harrituko, hargatik, liburuak etsipenezko tonua duela badiot, eta berau ezarian irakurtzea komeni dela.

Obra honen iturrietako bat poetaren beraren ibilbide poetikoan topatu daitekeen gisara, beste iturri funtsezkoetakoa bere bizi esperientzian aurkitu daiteke. Formalista ortodoxoenentzat heresia bat da edozein literatur lan aztertzeko autorearen biografiaz baliatzea; alabaina, ekidinezina da liburu hau irakurri bitartean poetak azken urteetan bizitako hainbat gertakari gogoan izatea: Lourdes Iriondo emaztearen heriotza –liburua hari eskaini dio– eta Letek igarotako eritasun larria –bereziki presente “Vulnerant omnes” atalean–. Hala, neurri handi batean, ni-aren esperientzia horretatik idatzitako poema liburua da, hainbeste, ezen erreferentzia gertu gertukoenak –erietxea– topatzera iritsiko baita irakurlea. Ni indartsu horrek ematen digu, hain zuzen ere, Leteren poesia tradizioaren arrastoa: erromantizismoa, eta, zenbaitek esango luketen moduan, “esperientziaren poesia”. Charles Baudelairez geroztik mendebaldeko poesigintzaren erdigunean hiria, urbea kokatzen bada, hemen hiria helmuga utopiko gisa azaltzen da gehiago, ez da modernitateko hiri korronpitu hori, Leteren poesia ildoa erromantizismoarekin lotuagoa dagoen seinale –liburua C. D. Friedrich-en koadro batek biltzen du, ez alferrik–.

Arestian aipatu nitasun horretatik abiatuta, gizakia eta naturaren arteko harremana lantzen da poema gehienetan, sublimearen sentimenduaren bila, izpirituaren hunkitzean bila. Naturako motiboak oinarri hartuta, metafora literario klasikoak erabiltzen ditu maiz: “ekialdea-udaberria-eguna-argia / jaiotza, mendebaldea-negua-gaua-iluntasuna / heriotza”. Eta egia esan, poema eta lerro hunkigarri bat baino gehiagorekin egingo du topo irakurleak (“eta lokartuko naiz agian betirako / azken unean bakean neronekin / ororekin bakean”), beharrezko sosegu eta atentzioz irakurriz gero. Poema liburu luzea izaki, beti ez du lortzen, esango nuke, irakurlearen barnea bete-betean kolpekatzea, eta iruditu zait zenbait zatiren murrizketa ez litzaiokeela gaizki etorriko liburuari.

Obra argitaratu berritan eman ziguten Leteren adiskide Mikel Laboaren heriotzaren berri. Errealitateak Egunsentiaren esku izoztuak-i arrazoia eman izan balio bezala izan zen, heriotzak ez duela gupidarik, ezta handienekin ere: “horrela izan da handientzat, ttikientzat / denontzat horrela beti / hain izanik iragankorrak / zu, ni, hura eta denok batera azken ordua arte, / azkenean azkenak berdindu ditzan / gure demak, gure lehiak, / esku hutsik hiltzen gara ordu kunplituan”.

Azken kritikak

Odola kantari
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins

Nagore Fernandez

Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Iraitz Urkulo

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Mikel Asurmendi

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Maddi Galdos Areta

Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Aiora Sampedro

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Felipe Juaristi

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Mikel Asurmendi

Denbora bizigarri baterako
Marina Garces

Irati Majuelo

Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta

Amaia Alvarez Uria

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Ibon Egaña

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak