kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Belarra kantari / Doris Lessing (Koro Navarro) / Elkar, 2008

Belarra ez da isiltzen Karlos Del Olmo / eizie.org, 2008-12-30

Nork esango zion 1950.ean Doris Lessingi Belarra kantari lana argitaratu zuenean bere letrazko bideak helmuga izango zuela Nobel saria, beste hainbat sari ospetsuren geltokietatik igaro ostean? Idazlana sortu eta plazaratu zuen garaian boladan zen literatura sozial errealistaren esparruan kokatzen dute adituek, dena dela, eleberri poliziako baten antzera hasten den hau. Eta ezin uka dakioke lanari asmo didaktikoa, helburu politikoa, igarrian ditu-eta XX. mendeko bigarren erdialdean Afrikan puri-purian zegoen kolonialismoaren gaiztakeria eta gaur ere indarrean dirauen gizarte patriarkalaren txarkeria. Arrazismoaren bandera harro altxatzen zuen nazio baten tragediaren ikur hara hor Mary Turner banakoaren tragedia bakarzalea: ezkontzen den unetik beretik hasteaz batera galduta duen borroka batean hasi beharrean egongo da bere identitateari eutsiko badio. Bere tragedian eta zapalkuntzan murgilduta, beste modu batean baina bera bezain zapalduta dauden langile beltz dena beharrekoen egoeraren latzaz ez da argiro kontuan jausiko. Beltzei aurpegiratzen dizkie berberak bizitzan egiten dituen akats berberak.

Egitura aldetik, biribiltasunaren hastapena betetzen du estu-estu: hasiera eta amaiera elkarri loturik daude, Moses morroi beltzak Mary erailtzeak zurien gizartean sortzen duen astindua islatzen dute. Mosesek botere handia izango du Maryrengan gizarteak gaitzesten duen harremanean hasten direnean. Eta asasinatzen duenean —horra hor beste ikur bat— beltzek artean ere euren lurraren jabe direla erakutsi besterik ez du egiten. Gizarte batean zuzengabekeria lege bakarra denean, edozer jazo eta justifika daiteke. Rhodesia 1930- 1940 aldean zurien kulturak zapalduta zegoen, beltz afrikarrak bigarren mailako herritarrak ziren; hura, dena dela, eremu latza da, urez urria, behar beste dirurik ez duten zuriak natiboek betidanik ura kudeatzeko erabilitako manerak ikastera behartzen dituena. Pobrezia neurrigabe halako bat nahinon dago agerian, ia beste pertsonaia bat izateraino. Eta aitaren alkoholismoak pipien antzera jotako umezaro bati loturiko gomuta bortitzak. Mary gauza guztiek umiliatzen dute, denak beheititzen du hainbat emakumeren sinbolo bilakaturiko emaztea. Eta, dena dela, ezkondu arte zoriontasuna zer zen jakitea izan zuen Maryk, bestelako argitasun alai batez apainduriko gaztaroari esker. Eta maldan behera hasitakoan, ostera ere hastea ezinezko gertatuko da oso, lehengo egunetako hirira itzuli arren, ezer ez da berdina izango, nekazari pobreen zoriak markatuta du. Ihesaldiaren ondoren senarraren ondora itzulita, buru osasuna gero eta txarrago izango du, eta irudi ere lezake Mosesekin izango duen hartu-eman anbiguoaren bitartez, gizon beltza, aldez edo moldez, jakinaren gainean ala bestela baitakoan, bera hiltzera behartu gura duela.

Liburuaren indarraren erakusgarri, 1981ean Suediako konpainia batek hura pelikula bat egiteko moldatu zuen eta Zambian errodatu, Bero heriogarria (Killing Heat) izenburua emanda.

Neurri batean, Doris Lessingek berak eleberrian azaltzen den gizartean bizi behar izan zuen, eta afrikar ahozko literatura etxe ondoan izan arren, zuria zen aldetik, galarazita izan zuen; beraz, mendebaldeko tradiziotik abiatu behar izan zuen literaturaren bide oinkatzen hasi zenean. Pertsian jaio baina Hego Afrikan bizi izandako emakume zuria izanik, arroztasuna zer den ondo mamituta du, elkarrizketa batean kontatzen duen moduan, zurien erregimena indarrean zegoenean, zurien artean ez zegoen ondo ikusita, baina ez zen beltza; beltzek boterea eskuratu ostean, beltz batzuek ez dute begi onez ikusten zuria delako. Eta horrek denak azaltzen du zergatik darion halako indar handi bat bere obra zabalari, inon obra ugaririk bada, harena da-eta: poesia, drama, eleberriak, entsegua, fikziozkoak ez diren lanak, zientzi fikzioa, opera, autobiografia… Berberak aitortuta badakigu, beste idazle askori jazo legez, frustrazioak behartu zuena idaztera.

Jokin Zaitegi Sariketan azken urteotan hasitako bide txalogarrian, alegia, Nobel sariak euskaratzeko beka ematearenean, dema gai jarri eta saria irabazi ostean Koro Navarrok euskarara ekarri duen lan hau, egileak plazaraturiko lehen eleberria izanik, beharbada ez da Lessingen biribilena, baina arduradunek izango dute aukeraketa zertan oinarritua. Euskal Herrian, esate baterako, The Good Terrorist lanak joko handiagoa emango luke. Iaz plazaraturiko lanarekin legetxe, beka oinarriek epe estuegiak ez ote dituzten jartzen pentsa daiteke, arteari —eta itzulpengintzak badu zer edo zer ertitik— muga estuegiak jartzeak ondorio kaltegarriak izaten dituelako beti; halaxe jokatuta, azken batean, itzulpenik onena garaiz entregatzen dena izaten delako. Eta industriak (liburugintza halakotzat hartzen dute-eta) merkatu legeen eta epeen arabera jokatu beharra duen arren, onuragarriago gerta dakiguke denoi itzultzaileari, artisauari bere trebezia behar bezala ontzeko beta ematea.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak