kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Intimitatea / Hanif Kureishi (Harkaitz Cano) / Txalaparta, 2008

Azken gauean itxita Ion Olano / Gara, 2008-11-07

Erabakia hartuta dago, nobela hasi orduko. Azken gaua da Jay protagonistarentzat, izan ere, hurrengo egunean etxea uzteko deliberoa hartu du, Susan eta bi semeak bertan utzita. Berrogei urteren bueltan dabilen idazle eta gidoigilea da Jay narratzailea. Hamar urte dira Susan ezagutzen duela, sei urte harekin bizi dela, eta dagoeneko ez du gau bat gehiago pasa nahi haren alboan. Hanka, ospa, ihes egitea da bere zioa, ez du aurrera egiteko beste modurik ikusten, daraman bizimodua ezin du gehiago jasan.

Hanif Kureishi (Londres, 1954) idazleak duela hamar urte eman zuen argitara Intimacy, eta Harkaitz Canok itzulpen lanak egin ondoren, Intimitatea izenez ekarri du gurera Txalaparta argitaletxeak. Batzuen ustez, lan horrekin erdietsi zuen idazleak “heldutasun narratiboa”. Nolanahi den ere, gaiaren muinari zuzen-zuzenean kosk egiten dion idazlana da Kureishiren hau, edergarririk edo joko narratiborik soberan ez duena. Bikotea, eta oro har, familia disekzionatu egin ditu idazleak, instituzio hauekiko ez du gupidarik gordetzen tintontzian. Bisturia hartu eta protagonistaren barrenik gorrienak erakusten dizkio irakurleari, “begira nolakoa naizen/zaren” esanez bezala. Ez du bilatzen, itxuraz, irakurlearen enpatia, baina zenbait unetan lortzen duelakoan nago, izan ere, benetako gauzez ari da fikzio hau, jendartearen sakonean taupaka bizi diren egiez.

Jay protagonistari mingarria begitantzen zaio hartu duen erabakia, bereziki seme txikiengatik, baina ez du zalantzarik denen hobe beharrez egingo duela. Gogoan duen lehena, hala ere, bere burua da. “Londresen gizon ezkongabeak dituen abantailak gogoan, adore ematen diot neure buruari, zain ditudan plazer horietan pentsatuz”, dio. Etxean hartuko duen Victor lagunak babestu egiten du erabaki hori, hark ere familia utzi zuen behinola, eta ez du egindakoaz damurik batere. Kontrara, Asif lagun ezkonduak uste du zorionik handiena familiaren baitan soilik lor daitekeela. Bestalde, pieza garrantzitsu bat falta du Jayren buruhausteko puzzleak: Nina izeneko neska gaztea, izan dituen maitale guztien artean distira bereziz ikusten duena.

Aitormen itxura du Kureishiren kontakizunak, irakurlea itxi egiten du intimitatearen espazio eta denbora konkretuetan. Liburuaren izaera itxi hori, bere laburrean, klaustrofobikoa egin zait zenbait unetan. Aparteko berritasunik ekartzen ez duen arren, interesgarria iruditu zait egungo bizimoduaren zenbait zutabe kolokan jarri nahi izatea. Ohiko ikuspegi baten argitan, harrigarriak suerta daitezke protagonistaren berekoikeria, hedonismoa eta heldutasun falta. Deseroso edo higuingarri ere suerta daitezke Jayren baieztapen batzuk, Susanez ari delarik, adibidez: “Feminista delakoan dago, baina aldarte txarrekoa izatea, ez du besterik”. Bestelako prisma batez behatuz gero, ordea, mingarri bezain argigarri egiten dira bere hausnarketak. Izan ere, kontzientzia kolektiboan hausnarketa handirik gabe sartuta ditugun ideien kontra ari baita narratzailea. Ildo horretan, irakurle gisa ez zait gehiegi ardura zenbateraino den autofikzioa, Hanif zein punturaino den Jay. Jatorrizko lana ezagutu gabe, zaila da itzulpenaren egokitasuna neurtzea. Hala ere, irakurketak ederki funtzionatzen duela esan dezaket, nabari dela itzulpena mimoz eta izerdiz egindako lana dela.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak