kritiken hemeroteka

8.280 kritika

« | »

Oro bare / Ibai Iztueta / Utriusque Vasconiae, 2008

Fosilak eta poemak Mikel Ayerbe / Berria, 2008-05-25

Ibai Iztuetaren Oro bare poesia liburua Lagerstätten deituriko eta prosan idatziriko testuak zabaltzen du. Sarrera gisako aurkezpen horretan, fosilen eta testuen arteko konparazio bat eskaintzen da: “(…) fosilak inoiz pixkaren bat harritzea erdietsi duten bizitza pusketak direla ere esan liteke. (…) Nondik begiratzen den, testuak gure bizitzako fosiltzat har ditzakegu (…) Testuak, fosilak bezala, nork irakurri eta interpretatu zain daude”. Liburuko poemak irakurtzen hasi aurretik, paleontologo bihurtzeko eskatzen dio, beraz, idazleak irakurleari.

Liburuko Epilogoa-n, aldiz, “Gure hitzak, gu bezala, ez dira oso trebeak. / Ez dira artistak” aitortuko du poetaren ahotsak, baina halatan, “Eta ez dauzkagu saltzeko, ez, / gure hitz ezjakin, ezinduok” aldarrikapena gaineratuko.

Lagerstätten eta Epilogoa-ren artean, Epikaren behi begiak, Totel lirikoa, Ez azkarra, bai saiatua eta Mistika hutsa, esnerik gabe izenburuko atal nagusiak banatzen dira. Literaturaren altzoan etengabe jorratu diren epikaren, lirikaren eta mistikaren gaiak bereganatu eta hurbileko begirada batekin landu nahi izan ditu Iztuetak, “kontatzeko ezer berezirik ez duenaren kontaketa bat” eskaintzeko asmoz. Poesiak urrunegi eramateko duen bideari bizkarra emanaz, bidezidorrak jorratu nahi izan ditu poetak. Gatazka handiak baino gehiago, egunerokotasuneko bataila txikiak.

Horregatik, hain zuzen, epikaren atzean egunen joan-etorriak sortutako gorabeherak aurkituko ditugu Azalaren egunean egunekoaz eta Egunaren zentsua poemetan, oroitzapen hunkigarriak aldiz Literatur baliabideak poeman, zoritxar ez hain txikien aurkako borroka txiki zein handiak Oro bare eta Familia, lagunak izenburukoetan. Izan ere, egunerokotasunean murgildutako (anti)heroiei abesten zaie poemotan, “ausartak lurpean; zuhurrak eta koldarrak / kale eta etxeetan” eta ez da harritzekoa Epikaren behi begiak atala ixten duen poema Ahulena izatea ere.

Totel lirikoa atalean, aldiz, gai nagusia maitasuna litzateke. Baina, hala izanda ere, poema horiek hitz totelka egiten diren maitasun deklarazio gisa ulertu beharko dira: “Zoriontsu naiz. Ondo nago. / Zu ere hala bazaude, hobe”. Beste poema batean esaten den bezala, maitasun hitzak ere geroz eta esanahi arraroagoa baitu. Atal horretan aurkituko ditugu “Harritu ez, ene Lesbia, gaitezen bizi / eta maita, gaur ere” bertso-lerroak, Catuloren Vivamus, Mea Lesbia-ren birsortze edo errekreazio eguneratua (Angel Errok Gorputzeko humoreak poema liburuan egin bezala). Atal horretan aurkituko ditugu, halaber, anaiari eskainitako Begi urdinak poema eta bizitzaren eta heriotzaren arteko harremanaz (?) hitz egiten duen Haizea Txernobilgo baso eder, isiletan.

Ez azkarra, bai saiatua eite narratiboko hiru poemak osatzen dute, eta Mistika hutsa, esnerik gabe atalean, berriz, egileak “abstraktua dena baina gure bizimoduan eragin nabarmena duten gauzak: sinesmenak, esperantza, izuak, ametsak…” jorratu nahi izan ditu. “Ba omen da beti bat. / Baina, egia esan, dena da lehen aldia. / Edozein aldi izan bailiteke lehen aldia”, dio poetak Lehenengo aldia poeman. Agian, idazle baten lehenengo poesia bildumaz ere ari zaigu poema hori, edo Utriusque Vasconia argitaletxeko Egunero Irakurtzen Delako saileko lehenengo poema liburuaz. Hala izanik, ezin aipatu gabe utzi, anekdota gisa behintzat, aurkibideko izenburu guztiak ez direla bat etortzen orrialdeetako poemen izenburuekin. Hori bai, bariazio bitxiak sortuz. (Geroz eta hitz arraroagoa > Geroz eta esanahi arraroagoa edota Mistika hutsa, kaferik gabe > Mistika hutsa, esnerik gabe pareak kasu).

Azken kritikak

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Zakur zaunkak
Iñaki Irazu

Hasier Rekondo

Bufalo guztiak
Juanra Madariaga

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentzien eguzkiak
Ahmadou Kourouma

Jon Jimenez

Zirriborroak eta gero
Askoren artean

Asier Urkiza

Zirriborroak eta gero
Askoren artean

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak