kritiken hemeroteka

8.750 kritika

« | »

Horrela egiten dute emakumeek amets / Kressmann Taylor (Joxan Elosegi) / Alberdania, 2007

Horrela egiten dugu Ion Olano / Gara, 2008-02-02

Batek pentsa dezake inoiz: noiz sortu zen kontaketa? Zer zegoen kontaketaren aurretik? Eta hala, galdera ikurrei tiraka, kontaketaren hastapenetara, haren aurrekarietara egiten du batek bidaia mentala. Eta, zerekin eta, ametsekin egiten du topo. Otu dakioke bati ametsaren kontakizuna dela kontaketaren ernamuina. Hain da fikzio intimoa, ametsa. Hura kontatzeak gainditzen du norberaren esfera, eta Bestearekin eginarazi topo.

Halakoak etorri zaizkit gogora, Kressmann Taylorrek sinatutako Horrela egiten dute emakumeek amets liburua irakurri osteko ajean. Hordialdia izan baita, zinez. Argitu beharra dago, baina, autoreak ez zuela hautatu nire irakurketa baldintzatu duen izenburua, ezta bertan ageri diren ipuinena ere, haiek bildu eta argitara eman zituen Editions Autrement argitaletxe frantsesak baizik. Ainsi rêvent les femmes. Hantustea dirudi izenburuak, merkatuzalea oso, distortsionatzaile samarra ere bai (ipuinen apaltasuna kontuan hartuta), baina apur bat ironikoa eta anbiguoa ere izan daiteke, adiera zabalago baten mesedetan.

Irakurtzen hasi eta idazkeraren bitxiak harri lezake irakurle ohiturazalea. Baina aski izango du azal more gogorreko izenburua berriz irakurtzea, ohartzeko ametsen munduan dagoela. Badirudi Taylorrek kontaketa moldean paratu nahi izan dituela fikziozko ametsak, baina nago, hori baino gehiago, amets moldean eman dituela fikziozko kontakizunak. Hots, kontakizunen barne-logika lotuago dagoela ametsen irrealtasunarekin, fikzio literarioaren sasi-errealitatearekin baino. Izan ere, ametsari onartzen diogu zentzugabetasuna. Sinesgarritasunik eza. Fikzioari, berriz, ez diogu inkongruentziarik barkatzen.

Kressmann Taylorrek San Frantziskoko (AEB) hainbat literatur kazetetan lan egin izan zuen. Ez erredaktore, baizik publizista gisa. 1935 eta 1963 urteen bitartean hango eta hemengo aldizkarietan argitaratutako kontakizunak bildu ditu (artifizialki) Horrela egiten dute emakumeek amets liburuak. Adinean zaharrena, “Anderea” deitutakoa, Sarah Bicknell Kennedy izengoitiaz sinatu zuen idazleak. Tira, argi dezagun halaber Kressmann Taylor ere ez dela bere benetako izena, Katherine Kressmann ezarri baitzioten gurasoek, 1903an jaio zenean.

Ramon Etxezarretak euskarara itzuli, eta 2003an eman zuen Ereinek argitara Ezezaguna helbide honetan, Kressman Taylorrek 1938an bukatua. Kontatzailea desagerraraziz, pertsonaien kontakizunak sendotu zituen liburu hartan. Izan ere, bi lagunek elkarri bidalitako gutunak tartekatuz osatu zuen gutun eleberria dei geniezaiokeen hura. Oraingo hau, berriz, Alberdaniak argitaratu, eta arestian aipatu dugun frantses argitalpenetik euskaratu du Joxan Elosegik. Haren lana ona denetz esaterik ez dut, baina esan dezaket behintzat landua eta aberatsa dela.

Harriet, Anna, Anderea, Ellie Pearl, Rupe Gittle. Lau emakumeren eta gizon baten ametsak-eta bizitzeko aukera dugu, liburua irakurriz gero. Nerabe, gazte, helduen kontakizun oniriko eta ez onirikoak irakurriz, sentsazio ezagunak senti ditzakegu: amarekiko beldurra eta errukia, maitearekiko lilura eta deslilura (tolesgabea baina erruduna), helduaroaren onartze gogorra, loturarik ezaren noraeza, galkortasunaren gorazarre malenkonikoa, gure bizitza zerbaiterako dela pentsatzearen beharra. Sotila da Taylorren idazkera, lotsatia ia, sakona eta pentsarazlea. Zalantza izan dut maiz: ametsaren kontaketan nago, ala kontakizunaren ametsean? Baina ziur pentsatu dut, halaber: horrela bakarrik ez, jakina, baina horrela ere egiten dugu amets, emakumeok.

Azken kritikak

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak