kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Erlojuen mekanika / Jose Luis Otamendi / Susa, 2007

Mundu gabeko gizakiak, gizaki gabeko lurrak Beñat Sarasola / Berria, 2007-12-02

Erlojuen mekanika poema liburua irakurtzen hasi aurretik nituen bi aurre-irudipen aitortu nahiko nituzke ezer baino lehen. Alde batetik, azala zatar samarra atera zaiela oraingoan Susakoei; bestetik, liburuak nigan sortutako ikusmin handia, gauzak dauden moduan, denbora tarte handia baita hamabi urte literaturan, eta horixe da Jose Luis Otamendik Lur bat zure minari gogoangarri hura argitaratu zenetik igarotako denbora tartea.

Izan ere, Erlojuen mekanika hau Lur bat zure minari harekin erkatzea ekidinezina suertatu zait, besteak beste, nahiko onartuta dagoelako hori izan dela azpeitiarraren orain arteko lanik biribilena, eta marka, beraz, ez zelako aski erraza gainditzen. Bada, esango nuke, liburu honek zenbait alderditan aurrekoa gainditzea lortzen duela, eta, honenbestez, hamabi urteko tarteak zinez merezi izan duela.

Lur bat zure minari liburuak, labur samarra izanagatik, aparteko intentsitate poetikoa zuen, bazirudien poetak bertso-lerro bakoitzean bizia zuela jokoan. Erlojuen mekanika-k, ordea, tonu patxadatsuagoa du, ez da hain oldarkorra, badauka halako etsipen puntu bat, besteak beste, liburuko elementu nagusia ere ezberdina delako: denbora. Denboraren gaineko hausnarketak errepikariak dira liburuan, titulu bertatik hasita; eta ez badira denborari buruzkoak, bere anaia edo arreba den espazioari buruzkoak izango dira. Horregatik azalduko dira poemotan, erlojuak, haurtzaroa, geroa, ezereza, ezlekuak, eta, azken batean, gai ontologiko behinena, izana eta ez izana. Eta horrela, liburuak ezin izatearen frustrazioa irudikatuko luke neurri batean, denborak sorrarazten duen errealitatearen iheskortasuna eta honen ondoriozko etsipena, nihilismoraino doana ia une batzuetan (Aritmetika ariketak). Helduleku gabeko gizakia da hemengoa, mundu gabekoa, lur gabekoa, erlojuak txikitzen tematzen dena, aberriaz ahaztu ezin dena. Izan eta ez izanaren arteko joko hori primeran irudikatzen da zenbait baliabide erretorikoetan, zehazki paradoxak (“gu mundu gara / baina mundua ez da geurea”) eta antitesiak (“gu beste batzuk gara”) erabiltzen direnean.

Zeren liburu honetako beste ezaugarri garrantzitsua idazleak darabilen hizkuntza poetikoa da eta. Lur bat zure minari-n dagoeneko sumatzen zen forma narratibo eta xehetarako joera apur bat areagotu du Otamendik Erlojuen mekanika-n. Bere ibilbidean konstantea den puntuazio zeinuei uko egiten jarraitzen du, baina hizkuntza lau horretara emanik, segida erritmiko bikainak taxutzea lortzen du aldiro-aldiro bertso-lerroak elkarren artean gainjarriz. Hau da, puntuazio zeinuak ez erabiltzea ez da kasu honetan errazkeriagatik egiten —liburu anitzetan ikusten ahal dugun bezala—, poemaren jarioaren mesedetan baizik, lerroek beraiek erritmoa garraiatzen dutelako euren baitan. Aintzat hartzekoak dira, halaber, ildo honetan, errepikapenak eta paralelismoak. Otamendiren aurreko liburuetan nekez topatzen ahal ziren baliabideok, baina iruditzen zait liburuaren gailurrean aurkitzen diren poemak gisa honetan osatutakoak direla hain justu: Mundua, Haurtzaro galdua, No man’s land, Jendetasuna (Xabier Aldairi), Aberriaz zelan ahaztu… Susmoa dut poema hauek euskal poesiako poema behinenen alboan paratu daitezkeela lasai asko. Badakit ez duela prentsa onik baieztapen biribilak egiten ibiltzeak, baina uste dut ez naizela handizkatzen ari Erlojuen mekanika azken aldiko poesia libururik onena dela badiot.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak