kritiken hemeroteka

8.689 kritika

« | »

Horrela egiten dute emakumeek amets / Kressmann Taylor (Joxan Elosegi) / Alberdania, 2007

Amesgaiztoko titulua Bixente Serrano Izko / Berria, 2007-12-02

Irakurle kritikoaren interesa pizte aldera, erran dezadan, hasteko, niri ez didala erakutsi liburu honek nola egiten duten amets emakumeek, hau da, ez gaudela Ikas ezazu ordu gutxitan auskalo zer moduko tituluak dituzten liburu sasi pedagogiko horietako baten aurrean; nahiz eta Kressmann Taylorren ipuin bilduma honi jarritako izenburuak horrelako zerbait adierazten duen, marketin ikuspegi batek tristeki faltsutu duelarik ipuinen mami sortzailea. Zorionez, emakumeek ez dute bilduma honetan agertzen diren kontuekin bakarrik amets egiten.

Izan ere, bortz narrazio labur biltzen du liburuak, baina ez du egileak obra berezi gisa atondu, argitaletxe frantses batek apailatu ditu ipuinak, idazleak proiektaturiko obra biribil bat izanen balitz bezala. Lau ipuinetan emakume bana dugu protagonista, gizon bat bortzgarrenean. Argitaratzailea ez da mugatu titulu nagusi desegokia asmatzera, ipuinen jatorrizko izenburuak ere aldatu ditu, pertsona izenak jarriz bakoitzaren buruan, protagonistenak, narrazioen funtsari ez, bildumagilearen marketin asmoei men eginarazi nahian bilduma osoa. AEBkoa da Kressmann Taylor idazlea eta amerikar ingelesez idatzi zituen lan guztiak. Joxan Elosegiren euskarapena, argitalpen frantsesarena da.

Ahazturik zegoen Kressmann Taylor liburu merkatuan, eta, zorionez, Editions Autrement etxeak berraurkitu zituen haren balioak, duela urte gutxitatik hona Holokaustoari buruzko jakin-mina zabaldu deneko giroan. Izan ere, Ezezaguna helbide honetan eleberri laburrak (Ramon Etxezarretari esker irakurgarria euskaraz 2003tik) lagin paregabea, bisturi literario zorrotz eta zehatz batez aukeraturikoa, eskaini zuen Holokaustoaren aurreko alemaniar giroaz eta geroko hondamendi humanoa (ezen ez humanitarioa) iragarri. Harako hartan, 1938an argitaraturik, muturreraino eraman zuen Kressmann Taylorrek narratzailearen desagerpenaren teknika literarioa, gutun sorta bat ordena kronologikoan sailkatzera, artxibozain arretatsu baten betekizunera mugatuz sormenezko bere esku-sartzea. Emaitza, erabateko mailukada irakurlearengan.

Lehen begiradan, arras bertzelakoak dira ipuin hauek, 1935-1963 artean plazaratuak aldizkari banatan. Bortz pertsonaiaren gogoetan, haien pasioetan, frustrazioetan, desiretan, bizipenetan sartu da: hala nola aurreneko maitasunaren zirraran; maite-harremanen haustura mingarrian; bizi-proiektuen eta zure jatorrizko bizimoduko sentimenduen deiadarren arteko kontraste korapilatsuan; zahartzaroko isolamendutik bertze sasoiko bizipenak berpiztu nahian komunikazioaren bidez; udaberriko odol beroaldi batean, nekazari adindu eta serio batengan pizturik, protagonista maskulino bakarraren bizitza gogaikarria alda izan zezakeena baldin eta… Giza naturaren baitan murgildurik, nabarmenagoa da ipuin hauetan narratzailearen presentzia. Baina aipaturiko nobelan bezala, ez dago ezer sobera, ez dago apaindura huts den deusik ere osagai narratiboetan. Giza naturaz doa haren testigantza eta lur naturaz baliatzen da, lorategien, basoen, erreken, txorien, gauen, egunsentien, hodeien, argien, soinuen… aieruez baliatzen da, efikazia miragarriz, pertsonaien baitako kezkak eta desioak lehen planoan nabarmentzeko: naturaren deskribapenak bainoago, naturaren aieruak baitira, hain zuzen ere, euskarri deskriptibo horiek guztiak, helburu narratiboaren zerbitzuan zuzen-zuzen jarriak.

Bertze izenburu bat, anitz sinbolikoagoa, mereziko luke bilduma honek, baina ezikusiarena eginez gero paraturikoari, literaturaz gozatzeko aukera du irakurle kritikoak.

Azken kritikak

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Beste urte batez
Samira Azzam

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia

Aiora Sampedro

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak