kritiken hemeroteka

8.662 kritika

« | »

Amodio gutunak oinordetzan / Lydia Flem (Joxan Elosegi) / Alberdania, 2007

Arbasoen sufrimendu markak ere… Bixente Serrano Izko / Berria, 2007-10-21

Biologiaren lilurapean bizi gara. XIX. mendean arraza kontzeptua asmatu zenetik, oinarri ustez biologikoen gaineko arrazismoa izan da mendebaldeko pentsamenduaren ardatz bat, gizateriaren etorkizun zorionekoa politikoki bermatzerakoan. Hala ere, Hitlerren biologia zalekeriak eskainitako “humanitarismoa” begi bistan, deskreditu intelektualean (ez, tamalez, sozialean) erori zen gero arrazismoa, eta bertzelako ikerketa motak, bertzeak bertze soziologikoak eta psikologikoak, hedatu ziren XX. mendeko bigarren erdian, herritarren zoriontasunaren bila betiere. Baina egun, Modernia arrazionalistaren Narrazio Nagusien krisi bete-betean gaudela (Modernia ostean), bertze Narrazio biologiko Nagusi batera itzuli nahi bide da, genetika berriaren eskutik. Geneen ikerketa zein manipulazioaren bidez eskaini nahi bide digute orain gizateriaren eta banakoon zoriona, edo, bederen, gaurko mentalitatean zorionaren bidean oztopo nagusitzat jotzen ditugun osasun arazoen kontrola. Ilustratuek Arrazoiaren bidez nola, holaxe bermatu nahi digute zenbaitek gaur zoriontasuna, biologiatik, genetikatik.

Ez, Lydia Flem-en eleberri hau ez da sartzen horrelako eztabaidan. Baina irakurle bakoitza bere zoroak bizi, eta genetika berriaren oihartzunak kolpatu nau ni, nobelaren orrialdeetan barna murgildu ahala. Liburua irakurtzeko modu bat izan da nirea, bertze edozein irakurketa mota bezain zilegi. Azken finean, hala gure bizipenen nola gure kezka intelektualen arabera lortzen du lan literario batek bere baitan gu murgiltzea, era aberasgarri edo lausoago batean.

Eleberri gisa narraturiko autobiografia zati bat dugu hau, narratzaile eta lehen planoko protagonistarenaren alderdi bati dagokiona: zer eman dioten oinordetzan gurasoek. Bada, oinordetza horretan, gauza materialez gain (nobela honen aurrekaria den Nola hustu nuen gurasoen etxea-n sailkatu zituen gauza material haietaz gain), esperientzia latzek moldaturiko gurasoen izaeraren eraginarekin ere egin du topo. Herentzia genetikotik haratago, inguruko gizarteak eta hezkuntza sareak transmitituriko kultura eta moraletik haratago, bere aita-amengan sufrimenduek —hau kointzidentzia!, biologiaren zale itsu naziek emandako minek— inprimaturiko izaera-zigiluak ere jaso ditu oinordetzan.

Herentzia horren peskizan abiatu da narratzailea, gurasoek artaz gordetako amodio gutunak irakurriz, kontzientzia ausiki halako batekin irakurri ere, tabu bat hausten duenaren sentsazio errudunarekin. Hain zuzen, denok, seme-alaba gisa, badugu joera inkontzientea gurasoak giza izaeratik at kokatzeko, gu geu bezalako pertsonak inoiz izan ez bailiran, gu menderatzen gaituzten sentimenduen lurrontzirik inoiz izan ez bailiran, gu sufriarazi gaituen ahuldade humanorik inoiz bizi izan ez bailuten. Badakigu, jakin, faltsua dena ikuspegia. Baina tabu bat da, ez gara ausartzen gurasoak gu bezalako pertsonen antza aztertzen, beldur gaude gurea ez den mundu bat bortxatuko ez ote dugun. Belaunaldien arteko inkomunikazioak badu zerikusirik tabu horrekin.

Bi ildo horiek —barne-oinordetza horren zama eta aipaturiko tabuaren hausturaren sentsazio bortxatzailea— jorratu ditu Lydia Flem-ek eleberrian, gurasoen amodio gutunen irakurketak sortzen dizkion inpresioak kontatzen. Bizia da Joxan Elosegik euskaraturiko narrazioa, eta biziki interesgarria introspekzio psikologiko hau garai hauetan, noiz eta, aukeran, itxura guztien arabera, berriro ere biologia eta genetikaren bidez homogeneizatu (ez da broma aditz horren parte izatea gen sema) nahiko gintuzketenean.

Azken kritikak

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Asier Urkiza

Ni, laiko
Markos Zapiain

Nagore Fernandez

Zorretan
Agurtzane Intxaurraga

Maialen Sobrino Lopez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Jon Agirre

Emognosia
Mitxelko Uranga

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Irati Majuelo

Koxka bat estuago
Henry James

Aritz Galarraga

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Hasier Rekondo

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Maddi Galdos Areta

Poesia kaiera
Frank O'Hara

Asier Urkiza

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Nagore Fernandez

Beste urte batez
Samira Azzam

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak