kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Zu bezain ahul / Karmele Jaio / Elkar, 2007

Ni bezain ahul Mikel Ayerbe / Berria, 2007-09-30

Karmele Jaio ipuingintzara itzuli dela irakur daiteke Zu bezain ahul liburuaren kontrazalean. Amaren eskuak nobelaren ondoren, Hamabost zauri izeneko bere lehendabiziko liburuko generoa berreskuratu duela, alegia. Elkarrizketa batean, orduko ipuinen antza dutela oraingoek ere aitortu du idazleak. Zu bezain ahul ipuin liburuan ere, euren artean loturarik ez duten hamabost istorio bildu ditu Gasteizko idazleak. Hori bai, izenburuan aurkezten den gaiak batuko lituzke istorio guztiak: ahuleziak. Ahuleziak baino gehiago, ahulkeriak esango nuke (-keria atzizkia konnotazio negatiboak dituzten izenetarako erabiltzen den heinean). Ezintasuna, inkomunikazioa eta pertsonon hauskortasuna, hamabost dosi txikitan.

Ipuinotako asko bigarren pertsonan idatzita daude. Pertsonaien kontzientzian murgilduz, egunerokotasunaren ezaugarri diren barne gatazkak agerian uzten dira horrela. Oroitzapenek, gogoetek eta esaten ez direnak ere indar handiagoa hartzen dute: “Ohitu egin da. Zu gabe bizitzen ohitu egin dela pentsatu duzu, eta gaur arte sentitu ez duzun hutsunea nabaritu duzu sabela baino pixka bat gorago. Sabelaren eta biriken artean. Hortxe duzu hutsune moduko bat, min egiten dizuna. Gaur arte ez duzuna sekula sentitu. Ez dizkizu seme-alabak telefonoan jarri ere, lehen egiten zuen bezala”. Hala ere, bigarren pertsonaren erabilerak irakurlea kontatzen den istoriotik urruntzeko arriskua ere baduela irakurri izan dut inoiz.

Ipuin berean errepikatzen diren esaldi jakinek eta zenbaketek ere, abestietako lelo edo estribiloen gisara, erritmoa markatzen dute hainbat narraziotan: “business is business”; “punta-takoi, punta-takoi, punta”; “ezker-eskuin, ezker-eskuin, ezker”; “berrogei segundo, hogeita hamar, hogei”… Zenbait irudik ere, ipuin osoan hedatzen diren neurrian, funtzio bera dute.

Jaiok argi du (irakurle guztiok argi duzuen bezala), ipuinek lehen unetik harrapatu behar dutela irakurlea eta narrazio bakoitzak zauri bat baino gehiago zaplazteko bat izan behar duela. Tentuz aukeraturiko hitz edo irudi gutxirekin egiten direla ipuinak eta nobeletako floriturek ez dutela lekurik ipuingintzan. Eta hemen hasten dira niretzat liburuaren alderdi ahulak. Horregatik harritu naute hainbeste Arnasa hartzea bezala ipuineko “Gaueko erregea zen Miguel. Eta bera erregina sentitzen zen. Gaueko printzesa” edota ipuin bereko “Printzesak erregea galdu du ala?” bezalako esaldiak han-hemenka topatzeak.

Narrazio gehienetan, idazleak azken uneraino ezkutatu nahi izan du ezkutuko hori, bukaeran nolabaiteko ezustea sortzeko. Narraziogintzan hain erabilia den efektismoaren teknika litzateke. Efektu literario horrek ipuin guztiaren zama jasateko modukoa izan behar du, efektu horren inguruan eraikitzen baita beste dena, eta hori lortzen ez denean, ipuina bertan desegiten da (ezustea aldez aurretik asmatzen duen irakurlearentzat ez delako jada ezustea izango, adibidez). Gogoratzen narrazioaren amaiera aldera honakoa irakur daiteke: “Nola esan behar diozu? Esan behar al diozu? Nola esan ez duzula gogoratzen, ez dakizula nor den ere, ez dakizula zer txanponez eta zer gauez ari den berbetan. Bere izena gogoratuko bazenu sikiera…”. Ipuin horretan, efektu hau are gehiago ahultzen dela esango nuke azken esaldi apoteosikoaren bidez: “Heldu zaizu existitzen ez diren oroitzapenak gogoratzeko ordua”. Agian horrexegatik, efektu berezirik gabeko Zuloa eta Jaun eta jabe ipuinak begitandu zaizkit Zu bezain ahul liburuko sendoenak.

Hala ere, egon ziur goian aipaturiko kontu hauek, liburuko ahulguneak baino gehiago, irakurle honen ahulkeriak direla.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak