kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

1984 / George Orwell (Oskar Arana) / Txalaparta, 2007

2007 Aritz Galarraga / Gara, 2007-09-29

Dena esanda dagoenean, zail egiten da zerbait gehiago gehitzea, zentzuzko ezer ekartzea. Gertatzen da liburu batzuekin, dena esanda dagoela, eta kasu horietan zail egiten da zirrikitu berriren bat edo beste aurkitzea. George Orwell britainiarraren lanik ezagunena den 1984 nobelarekin hori gertatzen zait, ezer berri gutxi esan dezakedala, esan beharreko guztia eta gehiago esana baitago. Nork ez du sekula lan horren inguruko gauzarik irakurri? Nork ez du pasarteren bat, esaldiren bat, xehetasunen bat bederen ezagutzen? Liburua goitik behera irentsi akaso gutxiagok, baina nork ez du Orwellen aparteko intuizioa agerian utzi zuen lan honetaz zerbait entzun?

Ez gara hemen hasiko joan den mendeko liburu esanguratsuenetakoa denaren gaineko juzku literariorik egiten. Agian, hitz egin genezake euskaraz orain argitaratzearen zergatiez. Txalaparta etxeari eta Oskar Arana itzultzaileari zor diegu 1984 euskaraz irakurri ahal izatea, 2007ra arte itxaron behar izan badugu ere. Errua ez da aipatutakoena, jakina, ezpada meritua. Baina, zergatik orain? Arrazoiak izan daitezke mila edo bakar bat ere ez. Nire irudirako, eta 1984 nobela XX. mendearen erdian argitaratu bazen ere, 2007. urte honetan egunerokotasun handia duten ideiak lantzen dira bertan: Orwellek deskribatu zuen gizarteak geurearen gero eta antz handiagoa du, edo alderantziz, geure gizarte petral honek gero eta antz handiagoa du Orwellek imajinatu zuen harekin, gero eta nabarmenago. Egungo gizartea ez da Orwellek nobela honetan deskribatu zuena, zorionez, baina ezin ukatuzkoa da zantzu batzuk errepikatzen direla batean nahiz bestean. Inork deitu izan dio geureari gizarte orwelliar.

Gertabidea ezagutzen ez duenarentzat, labur antzean esanda, Winston Smith da nobelako protagonista nagusia. Alegiazko Londresen bizi da, alegiazko 1984an. Eta Anaia Handia delako zera ahalguztidunak kontrolatzen duen sistema zorrotz baten baitan: gerra da bakea, askatasuna da esklabotatsuna, ezjakintasuna da indarra. Horiek sistemaren hiru leloak. Winston Smith, gezur eta beldurrez kontziente, sistema totalitario horren atzaparretatik ihes egiten saiatuko da, irakurleak berak igarri beharreko bukaerarekin. Bitartean, ordea, pentsamendu-polizia, hedabideen manipulazioa, hizketaberria (“ez baituk hitzik izango era horretako pentsamendurik adierazi ahal izateko”). Eta horiek gainditzeko lanari lotuko zaio Winston.

Liburuaren balio literarioagatik baino (geldo xamarra gu bezalako postmodernoontzat) bestelako ezaugarriengatik gomendagarri, utopia negatibo hau aurreko mendeko eragin handieneko liburuen artean kokatu dute. Horrexegatik, eta klasikoetan klasiko bilakatu delako, hil aurretik irakurri beharreko liburu horietako bat da 1984 (1001 libros que hay que leer antes de morir, Peter Boxall eta Jose Carlos Mainer, Grijalbo). Orain artean animatu ez denarentzat plus bat izan daiteke gainera orain euskaraz egotea. Euskaraz irakurri ahal izatea orain, 2007an. Bartzelonako Ciutat Vella auzoan, parte zaharrean alegia, bada George Orwelli eskainitako plaza bat. Eta pena da kritikaren tarte honetan argazkirik erakutsi ezin izatea, baina kontua da bideobijilantziako kamerak jarri dituztela aipatutako plazan zehar. Eta hori gutxi balitz, kameren presentzia iragartzen duen kartela ere paratu dute. Kolpatzen zaitu irudiak: “Plaça George Orwell, zona vigilada”. Idazleak berak ere ez luke biribilago imajinatuko. Sudur ona zuen seinale. Edo kiratsa ere tamainakoa zelako, agian.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak