kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Zer dugu Orixeren kontra / Joxe Azurmendi / Jakin, 1977

Zer dugu Orixeren kontra / Zer dugu Orixeren alde Ibon Sarasola / Jakin, 1977-09

Kritikotan erabiltzen dudan izartxoen sistema biziki kritikatu du batek baino gehiagok, eta ez zentzurik gabe gainera. Niretzat laburbide bat besterik ez dira, eta ez dira, inola ere, “nota” bat jartzeko pentsatuak izan. Kritikotan ez nuke, inola ere orobat, inoren lanaren epaile gertatu nahi. Nire asmo bakarra irakurlearen (eta, egokitzen bada, idazlearen) gidari izatea besterik ez da. Ez da oso egiteko erosoa, ez distiratsua, ez, azken finean, oso nire gogokoa. Baina tira.

Zer dugu Orixeren kontra-ri lau izartxo ezarri dizkiot; Zer dugu Orixeren alde-ri, berriz, hiru. Lehenengoa bigarrena baino “hobe”tzat hartzen dudala esan nahi du horrek? Bai zera, ez eta inola ere. Zer dugu Orixeren kontra-ren lau izarrek zera adierazi nahi dute, irakurle nahiz idazle bezala egungo euskal mugimenduan parte hartzen duen euskaldun (hori adierazi nahi nuen inoiz erabili nuen “euskaldun kulto” hartaz) orok irakurri beharko lukeen liburu bat dela, besterik ez. Eta nire ustez, noski. Eta hori bi arrazoirengatik. Lehenik, liburua idatzirik dagoen eragatik, are euskaraz ezer gutxi irakurri duenak ere (esperientziaz diot hori) inolako nekerik gabe irakur dezakeen liburu bat delako. Bigarrenik, euskara eta euskalgintza dela eta, hazaldi berriko gazteok askotan onartzen zaigun baino arrazoi gehiago eta, batera, gutxiago dugula ikusarazteko trebetasuna eta azkartasuna izan duelako. Gure hazaldiak burutu duen kritikaren alde onak eta, batera, gabeziak. Eraiki eta lortu ditugun gauza aipagarriak eta, batera, alferrik hondatu eta galdu ditugunak. Eta gainera, saiakera-liburu bat idazteko gorbataz janzten ez den idazle-literato baten eskutik. Kito.

Zer dugu Orixeren alde besterik da: Orixe idazleari sarrera bat. Baina ez da azterketa akademiko bat. Azurmendik berak esaten digunez, oraingo idazleak eskola ordezkatu beharrean gaude, eskola hobeak izan arte. Eskolan ematen ez dena eman beharrean gaude. Euskaldunok ez dugu euskal eskolarik, baina ez eta ere eskola-tradiziorik. Gure egoera ez da, eskola-tradizio bat izanik, mementu historiko jakin batetan hori gabe geratu den herri batena: gure hauzia ez da eskola birbereganatu behar dutenena, sortu behar dutenena baizik. Hor datza nire ustez Azurmendiren idazkera bereziaren gakoa. Eskolatik pasatu ez den eta jadanik pasatuko ez den irakurlearentzat (edo hobeki horrentzat ere) ari da. Beste zenbait aldiz, “eskola-idazkera” bat itxuratzen saiatzen dira. Bi bideok ez dira kontrajargarriak, elkar-osatzaileak baizik.

Honekin elkarloturik aurkitzen den beste puntu bat ere gogoan eduki behar da. Euskal kulturgintza osoa, egoerak hartaraturik, emergentziazko kulturgintza bat da oraindik ezinbestean. Horrela, gure literatur kritikak ere emergentzi lanen hainbat tasun agertzen ditu halabeharrez. Hildo honetan, gure betebehar lehena oinegitura bat prestatzea da, hau da, erreferentzi puntu sare bat eraikitzea, gero lan zehatzagoren aurrerabidea posibletuko duena.

Gauzak horrela, denetik aurkituko du irakurleak Zer dugu Orixeren alde-n: literatur soziologia teorikoa (Lenin irakurri eta Orixe interpretatu osoa, adibidez) eta praktikoa, azterketa formalistak, sarrera historikoak, dibagaketa guztiz sugeritzaileak (azken hau Azurmendiren iharduki solasalditarrari berez darion gauza) eta abar. Izan ere, Azurmendiren saioek, gau pare batetan etengabe eta eskutitz bat idazten den eran taxututako lanak dirudite (nola bestela Joxerena bezalako produkzio harrigarriki ugari hori?), gaia hartuz, utziz eta, zenbait dozena orrialde geroago, beste alde batetik berrartuz. Eta nik behintzat ez dut ihardunbide hori gaitzetsiko, besteak beste, autoreak idazten dituen helburuei egoki lotzen zaielako eta darabilen gaiari buruz erakusten duen ezaguera ia exhaustiboari (gonbaraketen eta paralerrotasunen zuhurtasunean, adibidez, nabari denari) bide erosoa eskaintzen diolako.

Irakurlearen gidari izan, eskola ordezkatu, ahaztuegi dugun idazle bat birgureganatu. Ezin hobeki betetzen du zeregin hori Azurmendiren saioak. Ez guztioi baina bai bati baino gehiagori sortuko dio Orixe zuzenean ezagutzeko grina. Eta Orixe irakurri nahi duenak, eta are gehiago Orixe aztertu nahi duenak, nahi-ta-ez hartu beharko du esku artean liburu hau, baina baita gerra aurreko euskaldungoaz eta literaturgintzaz oraindik erabiltzen ditugun lau topikoak baino zerbait gehiago jakin nahi duenak ere. “Baserri literaturaz” edo “Barne muinetan” zatietan egiten diren gogoetak lekuko. Aipamen berezi bat merezi du alde honetatik Santa Kruz apaiza-ri eskaintzen zaion estudioak; euskal prosaz arduratzen den orok irakurri beharko luke. Eta ez euskal prosak izan behar lukeenera heltzeko urrezko giltza bertan miraritsuki ematen zaigulako, ez horixe: Orixeren idazkeran gainbegiratu presazko batek ohartarazi ez digun zer ikasirik asko ikusarazten digulako baizik.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak