kritiken hemeroteka

6.995 kritika

Azken kritikak

« | »

Zergatik panpox / Arantxa Urretabizkaia / Hordago, 1979

Zergatik panpox Jon Kortazar / Jakin, 1979-12

Sarrera legez

Ez dut uste azken urteotan kritika ondo zuzendurik egon denik Euskal Herrian. Laudoriozalearen ala juezaren papera jokatu du urte askotzn. Argi dago ez duela horrela izan behar. Irakurriaz batera egiten dugu kritika; eta hau uztartua dago, ez bakarrik irakurleagaz, irakurtze ekintzagaz ere baizik. Nire eritziz, irakurle guztiok gara kritiko. Irakurtzeak berak ematen digu, gainera, kritikatzeko eskubidea.

Besterik da, gure kritikaz inor enteratzen den ala ez, argitaratzen dugun ala ez. Gauza bat daukat argi: kritikoa, irakurle ausart bat baino ez dela, bere eritzia argitaratzen duen irakurlea.

Honez gero, sarrera hau nora doan itaunduko duzue, beharbada. Liburu honek egin didan inpresioa azaldu nahi dut. Zergatik Panpox-en aurrean, irakurle gozatsu bat sentitu naiz. Bestetan ere gertatu zait hori, nobelarekin identifikatu naizenean. Eta orduan, ez dut uste kritika “objektiboa” egiteko behar den distantziarik lortu dudanik.

Identifikazio prozesu horrek, subjektibazioz bete du, agian, kritika hau. Asko gustatu zait nobela: aberatsa delako (geroago azalduko dut zer esan nahi dudan “aberatsa” rekin), giza bizitzaren erro bat ukitu duelako (edo, identifikazioarekin jarraituz, ukitu egin nauelako).

1. – Lehen irakurketa

Lehenengoz irakurri nuenean, bapatean, nobela honen berritasunaz ohartu nintzen. Ez, gaia edo berria egiten delako gaurko nobelagintzan; elementuok euskal literaturan inoiz agertu gabeak zirelako baizik.

1.1. Lehen berritasuna: protagonista, emakume bat izatea. Uste dut, inportantea dela datua, eta honen garrantziak ez du frogarik behar. Dena dela, berritasuna ez da kasu honetan protagonistaren figuran bakarrik agertzen; berak erabili duen ikuspuntua ere balioztatzekoa da.

Nobelaren kontalaria, emakumea bera da. Ikuspuntu konkretu honek posibilitate aberatsak eskaini dizkio idazleari.

Ikuspuntua bakarra izanik, izenik gabeko emakume protagonistaren barnerantz zuzendu du kontalariak haria; horrela, kontalari orojakilearengandik urrundu egin da, batetik, eta, bestetik, nobelaren pertsonaiaren barne intimista komunikatzea lortu du.

1.2. Barrokoaz hitzegiten hasten banaiz, zihur asko batek baino gehiagok pentsatuko du ez naizela gaurko nobela batetaz mintzatzen ari. Baina, gaur, literaturan behintzat, nahikoa agertzen da barrokoa: hegoamerikarren nobeletatik hasi eta gaurko euskal literaturaraino Nobelaren barrokismoa, zenbait estruktura, teknika eta testis egituratan nabaritzen da. Puntuok zehazkiago ikusiko ditugu geroago.

Aztertzen ari garen nobelan, formaren konplexutasunak esanahiaren konplexutasuna eskatzen du. Emakume baten psikologia aberatsa espresatzeak formaren aberastasuna eskatzen duen legez. Hainbat bider azpimarratu den hondo/formen ekilibrioa entseiatu duela idazleak, esango nuke.

Egia esan, barrokismoa ez da nobela honek dakarren orijinalitate bat. Nabarmenak dira barrokismo saioak Saizarbitoriarengan (liburu honen iturrietako bat, beharbada). Orijinalitatea, hemen, barrokismoa emakume baten bizitzari aplikatzean datza.

1.3. Erregistro ezberdinak, tonu ezberdinak erabiltzen dira, gauza normaletatik hasi (“kolakao”, “blandiblup”) eta olerki tonu, sexu alusioetara… Berezitasun hau ere ez nuke esango berri-berria denik. Baina, nire ustez, ez da inoiz erabili izan hizkuntzak hemen lortzen duen sentsibilitateaz.

2. – Gaia

Nobelak, emakume baten egun bat kontatzen du. Egun hori, ordea, ez da zehazki kontatzen. Haria zuzen doa, emakumea ohetik jaikitzen denetik, gauez berriro oheratuko den arte. Egoera berezi batetan dago emakume bat: senarra etxetik joana du, eta seme ttiki batekin geratu da. Klabe poetikoz eman du egoera hori Arantxa Urretabizkaiak; eta asmatu duelakoan nago: bakardadearen eta maitasun ezinezkoaren gai gogorrak espresatzea lortu bait du.

Eguun bat kontatzen zaigula esan dugu. Baina erdian ikaragarrizko hutsartea dago: 9etatik 3etara gertatzen denaz ez zaigu ezer esaten: ]an orduak dira. Hariaren apurketa honi, sentido bat bakarrik aurkitu diot: semearekiko eta senarrarekiko harremanez osatzen da nobelako emakumea; ez semearen eta ez senar ohiaren gogoramenik ez duenean, lanean ari denean, ez zaigu emakume horren deus heltzen: lanean, bera ez bailitzan, bizi ez bailitzan.

Horregatik, gaia ez da “eguna”; sakonago begiratuz, emakume horren maitasuna, edo maitasunak dira: senarra eta haurra. Senarrak bakarrik utzi zuen, eta orain bere semeari oratzen da bizitzeko behar duen indar bila.

Emakumeak leku garrantzizkoa du nobelan; baina berau adinakoak dira semea eta senar ohia. Bai semea eta bai senar ohia eragile dira nobelaren barruan: pentsaketan jartzen dute emakumea, pentsarazi egiten diote. Horretan datza horien garrantzia.

Hiru pertsonaion arteko harremanak ematen ditu idazleak, baina beti emakumeak ikusi bezala eta honek kontaturik. Dena dela, eta analisi psikologikotan sartu gabe, ohar bat egin nahi nuke: ez dakit emakume hori noraino den erreala. Bere fideltasun, bere maitemin luze horretan, bada zerbait anormalik. Lehen kapituluan dioskunez, semea izan eta laster joan zen Txema. Dirudienez, lau edo bost urte igaro dira; eta oraindik haregaz maitemindua jarraitzen du. Alderdi literariotik, ideia beretan iraute fidel horrek interesa sortzen du irakurleagan; interesa edo errukia. Baina errealitatean, ez dut uste horrelako sentimendu frustrate batek hainbat iraun dezakeenik.

3. – Estruktura. Teknika

Puntuok aztertzen hasi baino lehenago, komenigarria iruditzen zait gaia zein den azpimarratzea: emakume paten bizitzan egun bat. Egun bat deskribatzeko, linea zuzena erabili da, noizpehinka, gertatzen dena azaltzeko, begirada atzerantz itzuliz. Eta emakumearen bizitza adierazteko, “course of conscience” teknika erabili da: pentsamenduen jario hutsa dugu nobela; pertsonaiaren pentsainenduak aske geratu dira eta orrietan zehar zabaltzen da pentsamendu-errekaren uriola.

3.1. Estruktura

3.1.1. Estruktura linealak ondorio nabaria du nobelan: pertsonaiaren eboluzioa. Nire ustez, emakume izenbako hori ez da lehen orrialdean burutzen, nobela zehar osatuz doa: hasieran eta amaieran ez da emakume “bera”, bilakatu egin da.

Forster-en denominazioaren arabera, pertsonaia “borobila” dugu: nobelaren barruan eboluziotu egiten duen pertsonaia.

3.1.2. Estruktura linealak, bestetik, errepikapen larregirik ez egotera bultzatzen du nobela. Badago, hala ere, errepikapenik, batez ere ekintza ttikietan (semearen haserrea, kasurako). Estruktura ekilibratu bat lortu da horrela.

Bestalde, azpimatratzekoa da hiru pertsonaien jokua.. Lehen ere esana dugu, nobelak emakume baten barnea azaltzen duela, eta barne hori intimismotik begiratzen dela, beste pertsonaia biek emakumearengan eragiten dituzten pentsamenduen haritik. Pertsonaion arteko jokua ere aipatua dugu.

Delako jokua, nire ustez, hau da: emakume hau gizon biren artean bizi da: bata semea da; bestea senarra izan da (oraina,/iragana); semeak bizitzera bultzatzen du; senarrak, amets egitera (errealitatea/ametsa)

Guzti honek, zihurtasunik gabeko etorkizun baten aurrez aurre jartzen du. Emakumeak, eta hau argi agertzen da nobelaren azkenean, maite du oraindik bere senarra. Amets batez hasten da nobela: “zikina” ez da noski hitzik egokiena amets hori kalifikatzeko; liluragarria ez da behintzat. Azken kapituluko ametsak, ostera, mundu osoko lilura guztiak batu nahi ditu, senarra berriz etortzean emakumeak izango duen zoriona adierazteko. Hona eskema bidez:

Emakumea (feminitatea)
Txema Antxon
senarra semea
ametsa errealitatea
zikina liluragarria

3.2. Teknika

Definitua dago teknika. “Course of conscience” delakoa ongi doakio estrukturaren linealtasunari.

Baina teknika horrek barne mundu bat eskatzen duenez, ekintzek ez dute inoiz inportantzia larriegirik. Horrela gertatzen da nobela honetan. Nahiko arruntak dira ekintzak: semea ikastolara eraman, gosaltzera joan, pelukerian sartu, semearen bila berandu heldu, etxeratu, eta, azkenik, hilerokoa datorkiola eta, oheratu. Arruntasun hau dela bide, garrantzia lekuz aldatzen da: pentsamenduen mundura, alegia.

Bestalde, emakumearen erretratu fin bat lortzen du idazleak.

Teknika horren barruan, gainera, ekintza ttiki batzu errepikatu egiten dira: hilerokoaren ardura, ikastolara berandu heltzea, semearen haserrea…

4. – Idaztankera

Barne bakarrizketaz idatzirik dagoenez, kontutan hartzekoak dira bereziki hurrengo alor biok: tonuen erabilera eta esaldien joskera.

4.1. Tonuen aberastasunari buruz, zerbait esan dugu gorago; esandakoa konkretatzeko momentua dugu orain.

4.1.1. Nire ustez, tonu emotiboa agertzen da nobela osoan. Sentsibilitatez josia dago. Eta arrazoirik aipatzekotan, tituluan agertzen den izenlaguna aipatuko nuke: “panpox”. Hitz honek, sentimenduen mundura garamatza. Baina deus gutti zatekeen titulua bera, baldin nobela zehar beste hitz batzutan apoiatua egon ez balitz, egon dagoen bezala; begira beza irakurleak ama-semeen harremanetako hizkuntza maitakorra: “Anton, pirulero”, “Antxon, lehoi kumea”, “Zu ez zara batere tardona”.

Estiloaren emetasuna, era bitan lortzen da. Detaile ttikietan erreparatuz (kolakao, mantza, etab.) eta haur munduko hizkuntza erabiliz. Bai metafora xinplez (“lehoia”), bai ipuin “naif” bat sartuz nobelan; haurren munduko elementuak erabiliz (“Mazinger”, “kolakao”, “Blandiblup”); hitz-hotsen erabilera xinpleez (“Ale-hop”); eta haur jokuak tartekatuz (“pirulero”, “majia-borajia” ).

Estilo maitakor hori, oso naturalak egiten diren esaldi batzutan ere agertzen da: — “Bueno, Antxon, isiltzen ez bazara, alde egingo dut eta kito” (32 or.).

4.1.2. Tonu poetikoa ere kontutan hartzekoa da. Nire ustez, indartu egiten du honek tonu emotiboa, irakurlearengan sentsibilitatezko sentimendu liluragarria sortuz.

Poetikotasuna, edozein deskribapenetan agertzen da, baina batez ere azken kapituluan.

4.1.3. Arruntasun tonua: eguneroko gai arruntak erabiltzen dira.

4.1.4. Abkenik, aipatu bakarrik egingo dut, sexu mundua, zentzu zabalean; emakumearen hilerokoaren munduak batez ere, garrantzi handia du.

4.2. Sintaxiaren aldetik, esaldi luzeari ematen zaion tokia azpimarratuko nuke nik. Kapitulua, has eta amai, puntu eta alderik gabe agertzen da. Pentsamenduaren ilogikotasun zaindua lortzen da horrela. Dena dela, parrafoak ere luzeak dira: begira 42. orrialdeko zita hau: “Zergatik alde egin zuen Txemak, hoberena, ez pentsatu, kontuz gaisotuko zara, ez dut inoren beharrik zure sudurra pausatzeko, panpox, aski da nere eskua, baina zergatik, gaiso dagoenak ez du mugitu behar”.

Zati horrek salatzen duenez, lokarri faltaz definitzen da hemengo joskera. Perpausak saltoka ari dira pentsamenduen eraginez; baina beste aldetik, “zergatik” horrek esaldia borobiltzeko joera sortzen du. “Ilogikotasun zaindua” ren esanahia ulerkorrago dukegu orain: ilogikotasuna frenatu, zaindu egiten da esaldian, elementu baten bidez.

4.3. Estiloaren beste ezaugarri bat, elkarrizketarik eza da. Emakumeagaz berba egiten ari denaren erantzuna transkribatzen da batzutan, baina itaunik egon bagerik: “Podemos darle un reflejo que no tiene…” (28 or.). Horrela, elkarrizketaren objektibotasuna ere subjektibatu egiten da (Saizarbitorioak erabilia zuen teknika hau bere Egunero hasten delako-n).

4.4. 23. orrialdekn degoen jokua aipatu nahi nuke ondoren. Errepikapenak eta informazio berria nahasten dira hot. Pentsatzen ari da protagonista, zer egingo lukeen bere senar ohia agertuko balitz. Hiruna bider irakur daitezke “esango nuke” eta “edo, hobe”: argi dago errepikapena. Baina hasieran “atoz, nire ileak lore usaia dario” esango du, eta azkenean “irakurri ahal duzu EGINek dakairen editoriala”. Hoztasuneranzko prozesua dago kasu honetan, afektibitatetik arruntasunera, garrantzizko arazo batetatik tribialkeriara.

4.5. Bukatzeko, ohar bat nobelaren denborari buruz. Badira egun oso batez desarroilatzen diren nobelak; konkretuki, bai tonuan eta bai denboraren tratamenduan, beste nobela bat ekarri dit gogora: Delibesen El principe destronado. Erdarazko nobelan, ordea, ume bat da protagonista, eta hemen emakume bat. Ez dut uste berezitasun hau nobelaren organizaziorako garrantzizkoa dena frogatu beharra dagoenik.

5. – Azkena

Irakurle baten eritzia baino ez da artikulu hau. Amaitzerakoan, azterketa serio baten zain geratu beharra dugula pentsatzen dut; inoiz baino argiago ikusten dut honelako artikuluen partzialtasuna: alderdi batzu hartzen ditugu aztertzeko, beste batzu baztertuz. Eta nobelak baditu aztergai diren beste mila alderdi edo ikuspuntu.

Komentario hau, laguntza bat dateke nobelaren irakurlearentzat; baina honek ere bere lana du: irakurri eta eritzia sortu.

Azken kritikak

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen

Peru Iparragirre

Tiroa kontzertuaren erdian
Belen Gopegui

Aritz Galarraga

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Javier Rojo

Zauri Bolodia
Oier Guillan

Aiora Sampedro

Azala erre
Danele Sarriugarte

Joannes Jauregi

Jainkoen zigorra
Alberto Ladron Arana

Iratxe Esparza

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak