kritiken hemeroteka

6.936 kritika

Azken kritikak

« | »

Bi anai / Bernardo Atxaga / Erein, 1985

“Bi anai”, errugabearen eskaintza Jon Kortazar / Jakin, 1986-09

Ziur asko, nere formalista-fama ez doakit ongiegi. Halaxe uste dut behintzat, eta aspaldiko partez isilik mantendu badut nere luma, nere barrualdeko kezkak ezin askaturik ibili naizelako izan da batez ere. Beste askok bezala, eta beste askori esker, nik ere ez mon nahikoa erizten formalismoari. Handitzean, Hölderlin izan nahiko duen B. Atxagaren Bi anai nobelak ematen dit parada, eta patxada, plazan dantza honetan hasteko (bidenabar esan beharko nuke, honelako azterketetan saioren bat edo beste egina nuela; baina kritikarik ez dagoen herrian, ezin da kritikoen kritikari larregirik eskatu).

Bi anai liburuak ezinbesteko zirrara egin zidan. Zer ote dago liburu honen bestaldean? Ispiluaren hemendiko aldean argi dago zer dagoen: errugabearen eskaintza, herriko tontoaren sakrifizioa, erru guztiz burutua, maitasun-istorio bat, adoleszentzi aroko maitasunaren inguruan sorturiko konplota, eta, azkenik, istorio arrosa bat, ala istorio arrosen gurutze bat? Aspaldiko adiskide batek esaten zidanez, Bi anai-k mantentzen duen gaia ez zatekeen mantengarria, tratamenduagatik izan ez balitz. Orduan, zein da tratamendua?

“Camilo Lizardi” ipuinean hasi eta “Sugeak txoriari”n jarraitutako tratamenduen burutzea, fintzea. Bi anai, istorio miresgarria da: Maitagarrien, haden, ipuinetan oinarritutako istorioa, azken batean. Hasiera: ipuin mitikoetan bezala, abereak ere mintzatzen ziren denbora, urre-aroetatik hain hurbil. Bukaera: “Azkenez trenbidera begiratu nuenean bi antzarra ikusi nituen trena pasatako lekuan; bat oso handia bestea arrunta”. Bi anaia, antzara bihurturik, antzara nagusiaren atzetik beste erresuma baterantz (agian, zoriontsuagorantz, nork jakin?) abiatzen dira, “Sugeak txoriari” ipuinean aitonarekin gertatzen zen bezala, edo beste poema batean aipatzen den bezalatsu: “Eta antzarrek V bat egin zuten zeruan”. Garaipenaren ikurra, V liluragarri hori. Zorionaren erresumarantz abiatuko ote dira antzarak urtero? Ez dakit, baina bai, ostera, bi anaiok, edozein ipuin miresgarritan gertatzen den bezala, itxuraldaketa izan dutela. Arrazoi gabeko itxuraldaketa, ipuinetan bakarrik gertatzen ohi dena.

Tratamendua, beraz, horixe da: helburuarentzat oso desegokia zirudien maitagarrien ipuinen tonua eman tragedia bat kontatuko duen ipuinari. Eta hemen hasten da nobela txiki honen handitasuna.

A, bai! Nola ahaztuko ditut, ba, narratzaileen ugaritasuna eta, hori baino gehiago, narratzaile-papera animaliei’ematea, urre-aroan abereek ere hitza zutelako sinesmenarekin baturik; eta ez bakarrik hori: abere bakoitzak, narratzaile bakoitzak, bere mintzaira propioa eta berezia duela: katagorrien hizkera xamurra, sugearen mintzaira soseguzko eta ironikoa, txoriaren tonu ekilibrista hori… Baina guztiau ezaguna da, logikoa, Atxagaren trebetasuna kontutan hartzen bada.

Azpian, ordea, tragedia dago: anaia biren tragedia. Baina itzul gaitezen berriro teknikara. Oso ezaguna da (eta ez bakarrik “Camilo Lizardi”n, baita Ipuin bat bost minuttutan iskribatzeko ezezagunagoan ere) Atxagak maite duela narrazio bat beste narrazio baten barnean kontatzea. Bi anaien historia, txorien, katagorrien eta sugearen istorioak zehar kontatzea, oraingoan. Paralelismo honek nobela osoan du eragina. Deigarria dugu anekdota-pare hau: abere guztiak Mintzoaren menpe daude. Hark agintzen duena egiten dute. Oraindik ez dakigu zehatz eta mehatz zer ote den Mintzo hori, eta mereziko luke astiro aztertzeak; baina gainbegiratu batean badirudi, kontzientzia, kontaketaren oinarria, Bibliako hasierako Hitzarekin loturik agertzen zaigula: fikzioa eta ezaguera sortzen duen hitza. Baina ez hori bakarrik: baita ere kode genetikoa, adua, patua, Jainkoa eta Diktadorea, batera. Bi anaien mailan, ostera, abadea agertzen denean Pauloren etxera (apaiza, jainkoaren hitzaren eramailea, narratzailea), orduan hasten dira okertzen anaia bien harremanak. Lotura honek badu zeresanik. Eta formalismotik hain urrun dagoen N. Frye-k dioenez, Jainkoa tirano bihurtzen den mundu batean aurkitzen gara honelako ipuinetan. Maitagarrien ipuinaren ironia bat dugu B. Atxagaren Bi anai. Eta zertara dator aldaketa hori, hitzaren zentzurik osoenean ironia hori, sinesmen-falta hori? Mundu desegoki bat aztertzera. Betor berriro Frye gure laguntzan (aipu guztiak, N. Frye-ren Anatomía de la crítica liburutik hartuak dira):

“El mundo de la pesadilla y del chivo expiatorio, del cautiverio, del dolor, de la confusión… infierno existencial… parodia, la burla del juego exhuberante de la vida al sugerir su imitación en términos de vida real”.

Ifernua azaltzen ari zaigu Atxaga. Honelako parodiek badituzte bere arauak ere. Edo, hobeto esateko, gaiak lotzen ari den hari erritualizatu bat, mitikoa. Lehenbiziko gai lotua, aduarena dugu. Pertsonaiengandik at dagoen indar ezezagun eta erabilezin batek adierazten du pertsonaien nondik-norakoa. Paulo eta Danielen bizitza, beren gainetik dagoen gizarte baten pean eta mutil koskor baten sorbaldak eramateko modukoa ez den aitaren aginduaren pean agertzen da. Eta trenak… Trenak! Hasieran lilura-joko zena, askatasun-bide bihurtzen da.

Anaia biek —ahantz ditzakegu oraingoz abereak— iniziazio erritual bat eraman beharko dute aurrera. Danielek, bere gizaixotasunez jantzia, buru-ahuleziak joa, bere izaerak eskatzen dion gurari bakarra ase nahi du: gurari sexuala, hain zuzen, eta horrek ekarriko du beraren eta bere anaiaren galera. Paulo ere, bere gainetik dagoen agindu bati ezin erantzunez, heroe tragiko bat dugu: “La tragedia de la inocencia, en el sentido de la inexperiencia”. Pauloren tragedia beste hau da, ostera: ezin diola aginduari erantzun, ez dakiela helduen munduari dagozkion legeei erantzuten. Eta berari helduentzat den legea ezarri zion aitak. Paulo, Frye-k deskribaturiko heroe bezala agertzen zaigu: ezagutzen ez duen mundu baten aurrean harrituta. Anaiak nahi duenaren eta gizarteak eskatzen duen eta egitera behartzen duenaren artean harrituta, zer egin jakin gabe, edo, hobe, oreka nola lortu jakin gabe.

Eta Carmen? Ai, Carmen! Bai mingotsa Carmenen izaera. Haurtzaro zoriontsu baten ostean, bapatean mantxa bat aurpegian. Bere okerkeriaren sinbolo den mantxa, eta, une berean, mantxa duelako, bere burua oker bihurtzen. Ai Carmen! Tragediaren bultzatzailea! Carmenen izaera eta portaeraren oinarria, bere zentzu erotikoan dago. Paulo maite du eta ez dio esaten. Zentzu erotikoa pertsonaia antzekoetan agertzen da beti honelako parodietan: “La simboliza, por lo general, una ramera, bruja, sirena… y la relación erótica se convierte en pasión feroz y destructora que obra en contra de la lealtad o deja frustrada a la que lo posee”.

Carmenen izaera, hitz laburretan: leialtasun-falta bi, bere adiskide Teresarekin eta berak hain maite duen lehengusuarekin. Eta frustrazioa, bere frustrazio pertsonala, bere mantxa, bere zuzengabetasuna fiero eta okerrago bihurtzen duena.

Itzul gaitezen hasierara. Nobela ipuin miresgarrien parodia da, ikuspen ironikoa. Beraz, ez da maitagarrien mundukoa, haien bestaldekoa baizik. Hau da, deabruen munduari buruz ari da. Eta deabrukeriaren ikuspegia onartu nahi izan du Atxagak, Euskal Herriak bere buruaz dituen mitoak apurtzeko: ez da hau paradisuen lurraldea, hemen borrokatu egiten da, eta hil. Eta nobelan Obaba oraindik izadi liluragarriz hornitua agertzen bada, ez da ipuin miresgarrietako topikoa jarraitzeko. Baina topikoa, gizartearen krudeltasuna gogorrago salatzeko baino ez da erabiltzen. Ankerkeria gogorragoa, zorionerako aproposagoa den giro batean.

Bi anai nobelak errugabe biren istorioa kontatzen du. Bata bere izaeraz dugu errugabe (Daniel); bestea, heldutasunera iritsi denean, berari ez dagokion agindua jarri zaiolako. Gizarteak behin eta berriro gogoraraziko dion agindua: “Zaindu Daniel”; eta Daniel, bere gizaixotasunean, izadiaren indar askatua da. Nola erantzungo zion, ba, desafioari Paulok? Ezin. Eta gizarteak bere neurriak hartuko ditu:

“la maquinaria del destino es administrada por una serie de dioses remotos e invisibles, cuya libertad y placer son irónicos porque excluyen al hombre. Exigen sacrificios, castigan la arroganccia y constriñen a obedecer la ley moral natural como un fin en si mismo… El otro polo está representado por el pharmacos o víctima sacrificada, quien debe morir para fortalecer a los demás”.

Zita luzeska honetan, nobelaren gaia taxuturik dago. Bakarrik zehazpen bat: bi anaiak ez dira hiltzen edo ez diote beren burua trenari botatzen; antzara bihurtzen ditu idazleak. Azken batean, ipuin miresgarri batean gaude; eta azkenago batean, poesian ez da ezer egia eta dena da egia, poetak egin behar duen gauza bakarra, berak jarritako legeei eustea baino ez bait da.

B. Atxagaren Bi anai, hain ipuin eskizofrenikoa, biolentziaz ari da, biolentziari buruzko burutapen batzu eskaini nahi ditu, era mitiko batez, biolentziaz sermoneatu gabe, biolentzia kontatuz, arketipo bat jarraituz, errugabeen istorioak moldatzen dituzten istorioen era tragikoari atxekiz.

Borges zaharrak, literaturaren metafora bihurturik dugun Borges itsuak, aspaldi esan zuen, otu omen zitzaiola behin, bakarrik istorio bi kontatzen ditugula: bere irla maltearen bila abiatzen den marinel mediterranearrarena, eta bere burua Golgotan gurutziltzatzen uzten duen Jainkoarena. Oraingo honetan, bigarrena kontatu digu B. Atxagak.

Bi anai nobelaren gakoa, pertsonaia honen taxueran dagoela uste dut. Ez bakarrik taxueran; bere itxurak gure gizartearekin lotzeko ematen dituen aukeretan ere bai, jakina.

Ohar luze hau laburtzeko. Nik nobela honetan ondorio hauek azpimarratu nahi ditut (zalantzarik ez, beste asko ere badira, beste ikuspuntuetatik aztertuz gero nobela). Lehenik, nobelak tragedia bat kontatzen duela, errugabeen tragedia. Bigarren, era ironikoz egina dagoela, Naden ipuinei itzulia emanez: klasifikazio mitiko batean mattagarriak giza seme-alabok baino gorago badaude, bi anaiak gu baino beherago daude. Eta hau tragedia ironikoak eskatzen duen araua dugu: pertsonaiak neurriz beherakoak izan behar dute; Danielen kasua, aipagarria da honetan; baina era berean dira aipagarri Atxagaren ipuinetan agertu diren herriko gizaixo guztiak, leloak, marginatuak… Hirugarren, ez dago moralejarik: “El arte irónico no despierta piedad ni temor… La total objetividad y la supresión de cualesquiera juicios morales explícitos son elementos esenciales del método”. Laugarren, pertsonaiak gu bezalakoak dira, eta, hortaz, gure gizartearen ispilu bilakatzen dira. Ironiako heroeak ez du hutsik, ez du obsesiorik, bere erru bakarra gizarteak alboratua izatea da, errugabea, baina gizarteak urkatuko duena: “El pharmacos no es inocente ni culpable. Es inocente en el sentido de que lo que le acontece es mucho más grave que cualquier cosa que pudiese provocar lo que él haya hecho. Es culpable en el sentido de que es miembro de una sociedad culpable o habitante de un mundo en que tales injusticias son parte inevitable de la existencia”. Esaten genuen, gure gizarteak aurrera egiteko behar dituen errugabeen eskaintza egiten dutela Daniel eta Paulok. Esaten genuen, B. Atxaga gure herriko biolentzia kontatzen ari dela.

Errugabeentzat ez dago errukirik.

Azken kritikak

Hirutter
Nerea Arrien

Peru Iparragirre

Joanak joan
Jon Etxaide

Aritz Galarraga

Hadji-Murat
Lev Tolstoi

Javier Rojo

Populismoaz
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Hitzontziak
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Gailur ekaiztsuak
Emily Bronte

Joannes Jauregi

Honetara ezkero
Arantxa Iturbe

Iratxe Esparza

Barbaroak baratzean
Luis Garde

Hasier Rekondo

Goldsmithen ikaslea
Joxean Agirre

Javier Rojo

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Alaitz Andreu Eizagirre

Horma
Anjel Lertxundi

Jose Luis Padron

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Elurra ikusi dut
Xabier Lete

Felipe Juaristi

Gu orduko hauek
Garazi Arrula Ruiz

Estibalitz Ezkerra

Artxiboa

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Apirila 2017

Martxoa 2017

Otsaila 2017

Hedabideak