kritiken hemeroteka

6.995 kritika

Azken kritikak

« | »

Agirre zaharraren kartzelaldi berriak / Koldo Izagirre / Elkarlanean, 1999

Kanpotik barrura Igor Estankona / Hegats, 2003-10

Izagirreren liburuak iradokitakoa buruan zebilzkidan beste gai batzuekin lotuz artikulua idatzi nuen Barkatu amarako 1999ko azaroan, sortu zidan zirrara ezin ezkutatuz, nik uste. Koldo Izagirrek emezu bat idatzi zidan handik gutxira bere harridura eta poza adierazteko. Berak espero zuena baino harrera hobea izaten ari omen zen Agirre zaharraren kartzelaldi berriak, eta horrek liburuaren ibilbidea eta itzala luzatu egin zituen arean. Ni ere harrituta eta pozik nengoen nahiz eta nire arrazoiak azalekoagoak ziren: Koldo Izagirreren e-mezu bat neukan!

Aberdeeneko udagoiena luzea zen. Idazleen Elkartearen eskariz bigarrenez heldu diet orain, Arteako uda lehor honetan, Agirre’tar Nikolaren abenturei. Otu zaizkidan hausnarketa hauek ondorio bakarrera eraman naute. Agirre zaharraren kartzelaldi berriak askatasunari buruzko eleberria da. Kartzela askatasunaren antitesi legez tratatzeari uko egiten dion istorioa da Agirre zaharrarena. Nobelaren lehen orrialdeetan maisuki garbi uzten zaigu horixe dela hain zuzen idazlearen asmoa, horretarako irakurlea nahita nahastuz eta goitik-behera okerreratuz. Amorraturik zulogintzan ari den norbait aurkezten digu Koldo Izagirrek hasiera horretan, gure subkontzienteak iheslariaren irudi klasikoa antzemango duela jakitun, harik eta iheslaria kartzela bateko patioan agertzen den arte. Hara non daukagun kanpotik barrurako bidaia egin duen preso bolondresa. Irauli egin dira ezinbestean gatibutza eta zigorra bezalako kontzeptu inmediatoak, baina horiek ezezik irauli egin dira baita —edo iraultzen hasi— boterea, menekotasuna eta askatasuna bezalakoak ere. Markos Zapiainen hitzekin esatearren, “diziplinaren nagusitasunaren amaieran hasiera erakusten du Koldo Izagirrek.Berariaz doa Metxa protagonista espetxera, askatasuna barrualde zarratuan bilatzen du: akabo zigorraren eta askatasunaren irudi klasikoa. Liburu horrek zigorra ulertzeko era bat atzean utzi du, zabaldegi kontrolatuak igartzen ditu”. Zabaldegi kontrolatuak bihurtu diren kaleen eta antzera gobernatzen diren barrunbeen arteko marra lausoa zeinen fina den ezagutarazteko ahaleginak, egia esan, behin eta berriro agertzen dira:

— Beraz, Agirre jauna, zuk urteotan egindako zulo guztiak ez dira izan presoek kartzelatik ihes egin dezaten, ezta?

— Barkatu, ternó, ez duk konprenitu. Mundua aldatu nahi izateagatik kartzelaratu dutenak, zertarako itzuli nahi izanen du aldatu ez den mundura?

— Tira, ba… agian, mundua aldatzen saiatzeko berriz.

— Eta nork esan dizu hori ezin litekeela kartzelatik egin? Nelson Mandelak hogeita zazpi urte egin zituen kartzelan, eta lehendakari izateko atera zuten. Presorik gabe ezinezkoa da mundua aldatzea.

— Gaztigatzen diogu defentsari, ez dezala jarrai nazioarteko politikako ikastaldiak emateko aitzakiak eskaintzen bere defendatuari.

Agirre zaharraren kartzeladi berriak helburuak eta bitartekoak lekuz aldatuta agerrarazten dituen obra ere bada. Badirudi protagonistak berezko duen joerari soilik egiten diola kasu, ezelango helburu praktiko barik, eta irakurleak maiz ez daki agure burugogorrarren lehen ekintza horrek —kartzela-barrura ihes egiteak— zein ondorengo guztiek xede garbirik dutenentz. Kartzelak bisitatu eta euskal burrukalariak ezagutu ahala —ipurterreak ez baitu denbora lar egiten leku berberean— gero eta agerikoagoa da Agirre ez dela estetika burgesak marraztuko lukeen ekintzaile justu baina apala, ezpada lorpen konkretuen gainetik halako handiuste batek gidatzen duen norbait. Litekeena da handiuste hori alderdi axiologikoan bera nor den oso argi daukan edonork izan dezakeen malezi gabeko harrotasuna baino ez izatea.

Moral kristauak alde batetik askatasuna eta, bestetik, apeta edo aldartea bereizi ohi ditu, ez delakoan gauza bera askea eta mainontzia izatea. Bada, apeta hori berori erabiliko du Agirrek, kartzela barruan, askatasun-tresnatzat. Kasu honetan apetaren bi definizio eduki behar dira kontutan, bata positiboa eta bestea negatiboa. Positiboa hautatzeko libertatea litzateke; negatiboa, berriz, barnetik zein kanpotik kontrakoa egitera derrigortuko gaituen ezer ez edukitzea. Agirreren jokaerak bi baldintzak biltzen ditu testuinguru oso berezi batean, hots, bata ez bestea ematen ez diren kartzelako erregimenaren pean. Orduan zergatik esan dugu askatasun kristauak barik apeta, demagun, libertarioak gidatzen duela Agirre? Hain zuzen bere kasketaldia izan delako, daukan adinean, Santoñan eta Dueson eta frankismoaren kartzela erraldoian egon eta gero askatasun formalak berriro galduz askeago sentitzea.

Izan ere Agirrek anaia abertzaleekin, anarkistekin, sozialekin —preso guztiak dira funtsean politikoak— sufritzea aukeratu du, kartzelarik kartzela ibiltze hori bere askatasun-hauturik sakonena baino ez da, bizirik sentiarazten duen egiteko lehena. Koldo Izagirrek pertsonaia buruaski bat sortu du eta eguzki baten antzera ezarri eleberriaren erdi-erdian. Darion argiak ingurukoengan distiratzen du eta bera, ostera, behe lainoz egina dagoela dirudi.

Berakatz-korda baten antzera jarrai dezakegu galderak pausatzen. Zelan alda dezake orduan errealitatea hain aldaezina den norbaitek? Zelan eskatu aldaketa, zelan zirikatu beste presoak norbera beti zurrun mantentzen bada? Behar bada Agirreren kasua ez delako argia ikusi duen Mesiasarena, ezpada gaur egungo burrukalari presoei aske izateko modu aski xelebreak opatzen dizkienarena. Burruka arrazoiaren orbitatik ateratzeko gai delako onartzen dute Agirre haietan barruetan. Apurka-apurka ulertu behar diren hainbat gauza jadanik barneratuak dituen agurearen aurrean egoteak sortzen duen lasaitasun berberetik edaten du irakurleak ere, ilogikoa logiko iruditzen zaion arte, eta iraultza etengabe irauli beharrean aurkitzen den zerbait.

Bestalde, Agirreren logikarik ezak edo Agirreren iraultzak ez du kanpoko epailerik behar. Ezagutzarik eta aitorpenik behar ez duten batailetan sartuta ibili gurako balu bezala, katu uxoen legez egiten du ihes kartzela batetik bestera, lorpen minimo batzuk egin dituela ikusten duen bakoitzean. Pasarte asko jar daitezke adibidetzat baina behar bada bizarra luze uzten duenekoa izan daiteke argienetako bat: presondegian galerazota egon arren Agirrek bizarra hazten uzten du. Isolamenduan sartzen dute araudia urratzeagatik. Kartzela hartako euskal burrukalari gazteek ere, elkartasun-seinaletzat, bizarra mozteari uzten diote eta zigor berbera jaso. Helburua lortutzat emanda edo, bizarra mozten du azkenean Agirrek, gustura moztu ere. Behin isolamendutik kanpo gazteekin biltzen denean madarikatuak ez die esker onik adierazten eta bizarra zigarroak egiteko behar-beharrezkoa zuela botatzen die, tabakorik ezean horixe ei zelako euren bizioa Duesoko kartzelako denboretan. Funtsean engaiamendu politikoa baino ez denari gertaldi edo pasadizo hutsaren kategoria eman gura dio etengabe.

Ezin esan genezake, beraz, lotura afektibo handiegirik dagoenik liburuko pertsonaien artean, nahiz eta idazlea hoztasun sentsazio hori epeltzen ahalegindu den behin baino gehiagotan. Gogoan izan behar da, baita, kartzelarik kartzela darabilen bide errarian Agirreri ez zaiola komeni karga astunegirik, lotura estuegirik. Esan barik doa horrek pertsonaia desgizakoitu ere egiten duela. Liburua bukatzerako irakurleak bere buruari galde diezaioke ia Agirre erreala den edo bigarren mailako pertsonaien kontzientziaren ahots hezurmamitua. Agirreren zorakeriak ulertzera iristen direnak —presoak zein errepresoreak izan— mundu honetakoa ez den zerbait ukitu dutela dirudi eta konturatu, azkenean, eguneroko ekintza partikularretan gizakiaren balore gorenen sekretua gordetzen dela. Halako zeredozer esan gura digu Koldo Izagirrek Agirre zaharraren kartzeladi berriak osoan egiten duen hizkuntzaren erabilerarekin, hots, keinurik sinpleenean ezkutatzen dela garrantzitsua dena. Ebasleak abesleak dira, iraultzaileak arraultzaileak, eta jagoleek hagindu egiten dute agindu beharrekoan.

Oharkabean pasatzeko moduko joko semantikoetaz aparte badago eleberri honetarako bereziki landutako beste hiztegi trinkoago bat, ihitoen erromintxelatik hartutako hainbat mailegu merkez osatua, idazleak berak aitortzen duen legez. Irakurleak liburuaren hasieran dauzka breja, mahutu, piratu edo txungaló berben definizioak, testuinguruari begira ere ulergarri egiten ez zaizkion kasuetarako. Jakina da espainiar kartzela-sistemaren izaera arrazista dela eta ihitoak direla oxtabenetako bezero ohikoenak. Euskaldunari bezala ihitoari eta, areago, espainiar herriari berari ere dagokiona eman behar zaiola oharturik edo, Agirrek oso gutxitan egiten du aurretiko epaiketarik. Gizateria osoak etorkizunerantz daraman maleta pisutsuenetarikoa da errepresioarena, kartzelaratu eta iheslariena. Harritzeko modukoa da, honi gagozkiolarik, euskal literaturak presondegien gaiari heltzeko izan duen gogo edo abilezia-falta, poesiari esker hutsune bat baino gehiago bete den arren. Aberdeenetik Koldo Izagirreri esan niona berresten dut. Liburu hau ez da inor hunkitzeko idatzi, zirikatzeko eta dena hankaz gora jartzeko baino. Aurrerantzean ere gatz koilarakada bat eta azukrezko bi dastatuko ditu pasa den hamarkadako liburu gogoangarrienetakoa den honen orrialdeetan barneratzen denak.

Azken kritikak

Biennale
Beatriz Chivite

Igor Estankona

Demokraziaren pribatizazioa
Jule Goikoetxea

Peru Iparragirre

Azala erre
Danele Sarriugarte

Javier Rojo

6012
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Filiala
Sergei Dovlatov

Joannes Jauregi

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Iratxe Esparza

Bihotz handiegia
Eider Rodriguez

Hasier Rekondo

Pelegrinak
J.E. Urrutia Capeau

Javier Rojo

Zaldi beltzak zeruan
Txomin Peillen

Peru Iparragirre

Tiroa kontzertuaren erdian
Belen Gopegui

Aritz Galarraga

Zaldi mamarroa
Ekaitz Goienetxea

Javier Rojo

Zauri Bolodia
Oier Guillan

Aiora Sampedro

Azala erre
Danele Sarriugarte

Joannes Jauregi

Jainkoen zigorra
Alberto Ladron Arana

Iratxe Esparza

Artxiboa

Apirila 2018

Martxoa 2018

Otsaila 2018

Urtarrila 2018

Abendua 2017

Azaroa 2017

Urria 2017

Iraila 2017

Abuztua 2017

Uztaila 2017

Ekaina 2017

Maiatza 2017

Hedabideak