kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Gurutzearen oñetan / Deustuko Aita Pasionistak / Etxenagusia irarkola, 1950

Gurutzearen oñetan Ibinagabeitia'tar Andima'k / Euzko Gogoa, 1951-02

Gaurkoa bezelako eskukariak (erregaloak) ez dira noiz-nai jasotzen: euskerazko liburuak alegia. Adiskide on eta euskaltzale gartsu batek biali dit: azalez beltz, ertzez gorri, barnez txuri-beltz, bainan mamitsu ta goxoa. “Gurutzearen oñetan” deritza.

Alaxe da izan ere, Gurutzea duzute liburutxoaren ezaugarria, Gurutze Santua eta Kristo Gure Jaunaren Nekauste samiña. Deusto’ko Aita Pasioniste’k argitara dute, beren mixiño eta anaidientzako zuzendua, batez ere. Bizkai’ko berbeta eder eta argiz idatzia. Elizkoi diranek, bere bosteun orrialde txukunenetan arki ditzakete, mezai, aitorpenari eta beste eraspen guziei dagozkien otoitz eta gertu-bideak, baita ere eliz-kanta oituenak.

Liburu onen xedea ordea, besterik duzute. Kristoren pasioa kristauen gogo-biotzetan sartzea, sakon eta barren, alegia. Xede ori atzemateko, ilabete barneko egun bakoitzerako, gogarte edo meditazio ederrak dakazki, benetan biotz-erdiragarriak.

Ba’du kristauak nun bere biotza irakaspen iakingarriz bete. Orrez gainera, gogarte bakoitzaren ondoren, jarraibide edo ejemplo eder bana jartzen digu egilleak, auek ere egoki ta mugonez ekarriak, kristau-irakurlearen zirigarri. Jarraibide oiek ordea, Kristo’k berak, bere pausu naigabetsuen bitartez damakigunaren ondoan, beti ere uts eta exkax gelditzen dira, batez ere nekauste santua gogartzen oiturik dauden kristauentzako. Ain kristautasun sakonaren iabe ez diranentzat, eta oriek samaldan dituzute, bizigarri eta adoregarri ditezke eta izango ere dira noski.

Bainan pozgarrienik, gere lekaide maiteak euskeraz saiatzen ikustea duzute noski. Orain arte, ez dakit zergatik (Bai ba’dakit) ez dizkigute bear beste liburu euskeraz eman. Ez ori bakarrik, lekaide eta eliz-gizon asko gobernuaren makilaren aurrean makurtuta ibili zaizkigu. Eta ibillera alkegarri orrek nolako sarraskia sortu digu euskal baratzean baita ere kristautasunean.

Ardiak, beti ere artzaiak zuzendu toki eta bazka-egokietara joan oi dira. Bainan oraingoan, zoritxarrez, apaiz askotxok bazka pozoituetara eraman nai izan ditute artaldeak, ez elizak egokitutako belardietara, Franco eta aren zerbitzari makurrak aukeratutako lapar artera baizik. Eta ardiek, naiz mantxoak izan, ez dute laparrik maite, belar guria baizik. Euskal-bazka goxoaren ordez, erdel-bazka nazkagarria eman nai izan diete. Bildurrez, erosokeriz, politikaz? Ez dakit zergatik: bainan iru zio oriek euskeraren aurka jokatu diralakoan nago, eta bidenabar, kristautasunaren aurka ere bai.

Orrela jokatzen diranek ez dira benetako artzai Kristoren artaldean, mausari edo ardi-lapur baizik. Eta zenbat mausari edo ardi-lapur izan ditugu Euskalerriko eliz-gizonen artean. Apaiz askoren izen eta izanak emango nituke, ez nituke mindu nai ordea, damu-zindo batek bide-oneratuko ditualako noski.

Ala ere ez nuke nai ixilli Bizkai’ko erritxo baten gertatua, nere erritxotik urrexamarrean. Ango apaiza gogo-bidean gartsu ta jainkozale omen da. Ala izango ere da. Baña politikaren garra bere izate guziaz iabetu zan, eta gar orrek zearo itsutu zigun apaiztxoa. Itsukeri orrek ezin esan alako bidegabekeriak eragin zizkion, eta artzaia artaldetik bereiz gelditu zitzaigun. Eta artalde mantxoagorik ezin zezakean iñungo artzaiek opa. Apaiz orrek, artaldea sakabanatzeko edo, pulpitu-txuntxurrean, Espiritu Santuari dagokion tokian, Franco’ren ikurriña ipini zun, ayek sartu egunean bertan, eta ikurrin ori an dago oraindik, eta nik sarri ikusi nuen. Ez ori bakarrik, eliz-otoitzak, itzaldiak, Kristau-Ikasbidea t. a., erderaz ematen asi zan, ez noski Elizaren legeei iarraituz, politika okerrenari baizik. Erritxo ori euskaldun-utsa izanik, ez ote duzute bidegabekeri negargarria? Zer iritxi ote du apaiz orrek bere artaldea bide makurretan sartuazirik? Gorrotoa eta nazka, besterik ez.

Orra beste gertaritxo polit bat. Apaiztxo bat San Juan Gaztelugatxeko ermitatxuan jai egun batez, meza-ondoko iru agurmariak erderaz esaten ari zan. Meza-entzule guziak euskaldunak ziran. Bermio’ko andratxu batek ori ikusi-ta, eliz-barrenetik altareko San Juan’i deiez asi zan: “San Juan, zuk be euskera aztu dozu ala?“. Eta apaiztxoa, lotsatuta, aldaretik aldendu zan.

Eta zenbat eta zenbat apaiz eta lekaidek, aldi negargarri onetan euskera ta euskaldunen lepotik parra egin duten, jauntxoen aurrean makurtu bearrez.

Zorionez bañan, ari dira gure eliz-gizon azkar zenbait bidegabekeri orren ondorenak ikusten eta bide zuzenetik sartzen. Euskeraz idazten, euzkeraz Jainkoaren itza ematen. Euskaldunei, euzkeraz. Orra berriz ere ernemindu ta garatzen asi zaigu Kardaberaz’en agindua. Ekin apaiz jaun eta lekaideak, euskerari indar ematen, euskeraren bidez oitura on ta zintzoak ere obeki sendotuko dituzute-ta.

Ori ez duzute aski, ordea. Aien lan ederrari kristauek ere erantzu bearrean arkitzen gera. Nola erantzun ordea? Aiek ematen diguten janaritik gogoz janaz. “Gurutzearen oñetan”, orra liburu ederra, kristauek garizuma santu ontan Kristo’ren samin eta atsekabeak gogoan erabiliaz, biotzak xuspertzeko. Euskera errikoia, goxua darabil egileak, eta benetan jatorra.

Zorionik gartsuenak ar bitzate Deusto’ko Pasionistak, adiskide onak, eta aurrerantzian ere bide ortatik jarrai ditezela, adorez eta kemenez.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak