kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Uhaineri nausi / Xabier Iratzeder / Ezkila, 1976

Uhaineri nausi eta Nor da hor Piarres Xarriton / Anaitasuna, 1976-11-01

Euskal Herriko astekari ta berriketari gehienak irakurtzen ditudalarik, ez dut uste bihi batek, dakidala, aipatu dituela “Ezkila” Belokeko argitaldariak agertu dituen bi liburu berriak: X. Iratzeder-en laugarren olerki sorta eta R. Muskarditz Belokeko atezain humilaren erranak. Aipaldi bat hartze dute, bada, batak ala besteak.

1. IRATZEDER-EN OLERKIAK

Ba du laster berrogei urte, Uztaritzeko ikastetxean genbiltzalarik, olerkari berri bat sortzen ikusi nuela: Orduan Gernika sugarretan zen, Aitzol eta Lauaxeta hilak zizkiguten, eta, Iparaldean, Lafitte, Oxobi Lhande, Jauregiberri, Mathieu eta holako euskaltzale bakar batzuz beste jauneria guztiak, beren frantses politikak itsuturik, euskal-abertzaleen belzten eta ehorzten ari ziren. Ybarnegaray eta bere iduriko artzain makurren ondotik, jende xehea ixilik zegoen. Gazte soil batzu ba ginen halere, hegoaldeko haurrideen alde mintzatzera ausartatzen ginenak. Bakar hauetarik bat genuen Ganix Diharce Donibane-Lohitzuneko gure laquna. Orduan zitzaigun “Le Courrier” Baionako kazetan agertu zituen bere lehen poemak, geroztik “Pindar eta Lano”-k bildu dituenak.
Beste behin Gandiaga batek abestu digun abestia: ‘Kezkatzen bait nau herstutzeraino neure Herriaren zoriak….”, kantatu digu beraz egundainotik gure lapurtar olerkariak. Baina bere Herrimina sekulan baztertu gabe, beste solasik ere ba darabil Iratzederrek bere olerkietan. Bere lanari esker, hegoaldeko uhain berria gertarengatik itotzera zihoan orduan, jarraipen bat eman dio euskal poemagintzari: Gero-hasi, Piarres Lafitte gure irakaslearen laguntzarekin bere euskara apurra aberasten eta lantzen. Bere eta gure Herrimina abestu beharrez egin zitzaigun laster olerkari. “Iratzeder” izenarekin, (…) geroxeago etorriko dira J. Mirande eta S. Mitxelena, bainan historiari buruz, Iratzeder izanen dugu, dirudienez, 40-60 tarte horretako ararteko eta ber denboran ipar eta hegoaldearen lokarri.

Bestalde, ararteko eta lokarri bizi dugu Iratzeder. Erran nahi dut ez duela bakarrik asaben kutxa zaindu eta begiratu ilobek balia zezaten, baina berak duela ere aiten alorra irauli eta ondu.

Nola liteke, bada, ezagutu dugun gazte kartsu, bipil, bihurria Euskaltzain ohoragarri eta Abade nagusi bilaka? Ez ote dio bide horretan burjes ideologiari amor eman eta elizkeriari? Goazen ikustera.

Egia erran, ordu haietan ez genekien elizkeriarik zenentz ere, eta ideologiak zer ziren, ez zen ikasten oraino gure ikastegietan. Ohartuak ginen halere, ez zierela elizgizon guztiak ebanjelio hutsetik ari. Ba genekien ere erran hutsalak heldu direla askotan egitate ilunen edergarri.
Dena dela, Iratzeder-en olerki sail luzeari begirada bat ematen badiozu “Pindar eta Lano” – “Zeru menditik” eta orai “Uhaineri Nausi”, ohartuko zara gaztaroko hildo berari jarraikitzen zaiola gaurko poeta.

Olerki horietan ba dira batzu, zuk eta nik gogotik sal genitzakeenak: konplimenduzko olerkiak, literatura guztietan aurkitzen direnak bizkitartean: Montevideo-ko desherrian Mendiaga hazpandarrak egin ahi zuen bezala, donibandar bertsolariak ere, “kantuz” eman dizkigu Belokeko Zeru-menditik bere haurride eta adizkideen berriak. Aldi honetan aipatzen dizkigu, beraz, Philippe Veyriren heriotzea, Lafitte jaun apezaren kalonje sartzea, Aitatxiren urte betetzea, eta holako…

Ba ditu ere liburu berriak, urrun eta barnago doazen bertsoak, poetaren muinetako kezkak agertzen eta argitzen dizkigutenak:

“Fraide sartzean, seruletzean
nere ustez nihortua,
Bota nituen uhain artean
bai bihotza bai burua.
Uhainez uhain eman naiz eman
Jainkoaren itsasoan.
Nintzan nihauri eginez uko,
nahi-t-ez naiz norbait egin.
Orduan berriz bakeratzeko,
zer borrokak uhainekin!”
(p. 5)

Alderdi asko izan ditzake bihotz-gogoen gudu dorpe horrek: hala nola Beloke bera, hainbeste euskaldunentzat egun ilunetako ihesleku eta aterbe izan dena, Iratzeder-i bere bihotz eta bizi guztia hartu dion etxea, ba daki gure poeta euskaldunak ez dela Beloke sekulan izan “soilki
euskalduna” (p. 52). Ez menturaz, Iratzeder bera horko Abade eginen dutenean ere.

Funtsean historia bera gertatzen zaiguke Elizaren barrenean fededun askori. Eta maiz etorri zaigu ezpainetarat Abade poetaren galdea:

“Erdal jendeak zergatik ote,
Hek Jainko-seme egin ditezke
Erdaraz hariz gu suntsi arte?
Euskal semeak zergatik ote,
Jainko-semetu ezin ditezke
Euskaraz badute elgar maite?

Nahiz eliza-legeak diosesaren eskupeari kentzen dion Belokeko etxea, erran nezake, Belokeko Abadearen oihu horrek salbatzen duela Baionako eliza elkor eta motelaren ohorea.

Baionan aitormen horren ondotik neure adiskideari nola zaion beraz “nausitu uhaineri” galdetzen badiot ba dakit erantzuna zer izanen den:

“Hortan dut nik nere mina
Hortan nere ezina:
Zu maitatu nahi Jauna,
Eta Zurekin…. dena”
(p. 85)

Ederki errana, adiskidea, bainan zuhaurk diozun bezala

“Maita-bidea non aurki.
maiz bihotzak ez daki.”
(p. 85)

Zuk zurea aurkitu duzu eta horrela diozu:

“Bizi hau, zinez diot nik,
hastekoa gaur balitz,
Belokeraino iganik,
has nezake gaur berritz”.
(p. 86)

Asko burtzoratzen dituen mende honen erdian horrelako aitormena emaitea, zerbait ba da, baina, “bihotza beren asmuz hurbil-hurbilena daukatenetan da maiz handienik mina. (p. 77) Onhar ezazu, beraz, otoi adiskidea, zuk aintzinekoengandik hartu duzun bidea, ez dela menturaz maita-bide bakarra.

Hor nonbait aipatzen dira Karlisten gerratik etorri ihesliarrak, harmadatik lekora, saldoka komentura sartzen zirenak. Gaurko aberzale gazteek ez omen dute, fraideen bakea gozatzeko gogorik: gaurko Migel-Mari ainitzek gudua dute ezartzen bakea baino lehen, ekintza nahiago otoitza baino, hots askatasuna maiteago anaitasuna baino. Horik oro ikusten ditu Iratzeder-ek, baina ez onesten. Iduri luke, haren arauera ez dela salbabide bat baizik Belokeko atezainak, Rafael Muskarditz zenak, duela 35 urte berari zabaldu zion bidea.

2. R. MUSKARDITZ-EN ERRANAK.

Hain xuxen, Iratzeder-en olerkiekin batean eskuratzen ditugu R. Muskarditz zenaren erranak, Iratzeder-ek berak bilduak.

Hain xuxen ere, bigarren liburu berri honek argitan ematen dizkigu Iratzeder-ek ederresten duen eta gaurko gazte askok baztertzen duuen otoitzezko, ixiltasunezko eta anaitasunezko “zerule” bizi haren itzal eta lainoak.

Gauza ederra da, eta beharra, otoitza; bai eta ere ixiltasuna. Baina Belokeko atezain maitagarria hauxe erraiten entzuten dugularik: ‘Hala beharretik ez da eskapurik

kuraie beraz guzieri…” (p. 86) ba gaude Euskaldun edo Mahometar “fededun” handien fatalismoa baino, ez ote den hobe gaurko gazteen ekintza-sukarra.

Gaurko politika gauza nahasia da. Baina “Zerumendin” ala zen hura ere, ez ote zen guztiz laburra, prediku-aulkietarik entzuten genuenaren arauera irakurtzen dugularik, “gerra handia” hasten denean “Batzuek diote iraunen duela oraino ainitz denbora (gerla hunek), nahiz nehork ez dakien haur. Dena dela gauza klara da, haur Jainko onaren gaztigu bat dela, eta ontsa merezitua oraino”? (p. 62).

Ez da gaur gazterik, abertzaletasunak den gutiena kutsatu duenik, beste solas hau, fedearen izenean, onhartuko duenik: “Egin dezagun ainitz otoitz gure Jainko onari eta Andre Dena Mariari holako makurretik (“framazon”, “judu”, “protestant” eta holako etsaien eskuetan bozkatzen ondorioz erortzetik) Frantzia gaixoa izan dadin urrundua” (p. 62)

Ageri da, bestalde, Anaidiaren barrenean horrenbeste aipatzen den Anaitasun horrek, motz dituela hegalak: Erlijioaren etsaietarat ez da heltzen. Gehiago dena, fraideen etxekoek berek laguntza apurra hartzen ohi dute behar-orduetan anaiaren solas onetarik, berdin “etxe piltzar batean” daudelarik, Belokeko adiskide handi den Andere “handi” baten kontu.

Funtsean “Handien” eta “Ttipien” arteko parabola hori gogoratzearekin, adiskide Iratzeder bezala, Marx-en itzalak lotsatzen dituen neure adineko lagunei nahi nieke erran, Anai Rafaelen egunetarat nahi dutenentz itzuli. Bere nagusiak ederki baliatzen duen etxezainari behar ote genioke erran: “Nahi nuke urtatsez joan ziten zure emaztearekin… urte onaren desiratzerat, oilasko pollit bat eskainiz…

Ez duzue deus galduko. Enetzat ere arras ona da” (p. 123). Eta nagusi on horrek hitzik ez baitaki euskararik, ez haren andreak, ez haren haurrek, etxezainaren suhiak frantsesa mintzatzen duelakotz, idatziko diogu: “Zuk baitazkitzu jende handiaren manerak eta ongi mintzatzen baituzu frantsesa, arras kontent naiz” (p. 124).

Ez gaitezke beraz harri, hari berari lotuz, Anai Rafael-ek beste iloba bati erraten badio: “Segurki sehi egon ditekenak ongi egiten du sehi egoitea.. Egungo egunean haur da moienik (biderik) hoberena diruaren egiteko” (p. 110). Ez da ez holako gogoarekin Askatasuna gehiegi maitatzeko perilik, bainan ez ere Diruaren nausigoa garaitzeko menturarik.

Ba dauka, egia erran, R. Muskarditz eta X. Iratzeder-en liburuak beste gozorik: Belokeko haizpetan Anai Luis edo Anai Joanes gurutzatu dituztenentzat, zer zoriona ez den haien begitarte arraia berriz aurkitzea! Aiherrako gainetan edo Isturitzeko bazterretan ba daukate beren grazia Salaberriko-Bordak, Maiarteak eta Xelaittoak, Beltzuntzeko jauregiak bezain segur. Baina Belokeko hilerri baketsuan, Anai Rafaelen ondoan azken loaren hartzerat jiteko zoriona izan duten euskaldun anaien lerro luzea kurritzen dudalarik, gogoratzen zait nahitaez, beste guztien sail luzeagoa, mundu zabalaren bazter guztietan barreiaturik lurpetu diren euskal semeen saila. Belokeko lehen Abadeak uste bazuen ere, liburu honek aipu duen predikuaren arauera, “diru gosez” eta “zorion egarriz” doazela soilik euskal semeak desherrirat, gaurko. Abadeak ba dakite hori ez dela egia. Eta orduan Euskal Herrian, ezinbizia eta beharra garaitzeko, otoitza behar da eta bakea baina bai ekintza eta gudua ere.

Montreal-en 76-07-05

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak