kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Sokratikoek ere badute ama / Andoni Egaña / Erein, 1989

Aspaldiko ongi etorririk beroena Josu Landa / Argia, 1989-10-22

Lerrook irakurtzen dituzunerako, ez duzu oraindik Andoni Egañaren liburua dendetan salgai aurkituko. Espero dut halere zure erosteko inpazientzia, kritika hau argitaratzeko izan dudana baino txikiagoa izatea. Nire inpazientzia horren kausantea liburuak sortutako inpresio ona izan da. Egañaren ipuinak bigarrenez errepasatuta, are inpazientzia haundiagoa. Estrainekoz murgildu literaturan eta baita halako liburu dotorez murgildu ere.

Begibistakoa da Andoni Egañak, hein haundi batean, jolas modura planteatzen dituela ipuinak. Ahalmen narratibo haundiko egoera eta pertsonaiak asmatu, eta ahalmen hori esplotatzeko orduan ikuspegi ludiko batez idazten duela dirudi. Banaka trajikoak bihurtzen diren mementu dramatikoei uko egin gabe, umorez blaiturik desarroilatzen ditu narrazioak. Ironia finez mozorrozturik kritika-hari batzu ere tarteka antzeman daitezke zintzilik. Umorea eta dramaren arteko oreka hori da Egañaren estilo pertsonalaren azertu haundietako bat.

Gaitz da ipuinotan pertsona edota egoeren deskripzioak aurkitzea, gaiak derrigor hala eskatzen ez badu behintzat, eta halere kolore haundiko ipuinak dira. Pertsonaien nondik norakoa ez zaigu zuzenean azaltzen, egiten dutenaren bidez igertzen da. Esaldi luze eta korapilatuen zale ageri da, baina aise irakurtzen da. Detaile asko daude, liburu honen sekretua deskubritzearren bigarren irakurtaldira bultzatzen dutenak.

Lau ipuin biltzen ditu “Sokratikoek ere badute ama” liburuak. “Sokratesen mendekua”n, fotografo baten fisinomiarekiko zaletasuna gaisotasunaren mugetan dabil, indar gehiena protagonistak egiten dituen deskripzioetatik jasotzen duela. Neurosi horrek ingurukoen urruntasun zinikoan kausitzen du kontrapuntu umoretsua.

“Sokorroko Ama”, gure arteko DYA eta Gurutze Gorriaren arteko lehiaren parodiatzat jo genezake, eta klabe ironiko hutsean iharduteak beharbada lau ipuinen arteko nekagarriena izatea erakartzen dio.

“Itzalak” izenekoan, nostalgiari uzten zaio txanda, eta bromarako apenas lekurik dagoen. Haatik, ederrena dela esango nuke. Ironia errekurtso nagusi bezala erabili gabe ere, Andoniren trebetasuna da ageri.

“Lautadako bortxatzailea”, lehen ipuinaren klabe beretsuak erabiltzen ditu, baina pertsonaia ez digu bestean bezain garden trasmititzen. Oraingo paranoikoa gaiso sexuala da, eta Ertzantzaren kontura barre bat baino gehiago eragiten du.

Ohar bat: hainbeste elkar hizketa eta abarreko espainolez agertzea, zertara datorren ez da oso ongi ulertzen. Kasu ia-ia guztietan funtsik gabekoa dirudi. Kromatismoan lagundu badezake ere, oraingo egoera anormalagatik dateke. Errekurtso horretaz hainbeste baliatzea errazkeria-itxura ematen du.

Topikoa bihurtu daiteke Andoni Egañaren kasuan, bertsolaritzarekiko erlazioa eta haren liburuarekiko eraginaren leloa. Bada arrazoirik topikora jotzeko: bukaeren borobiltasuna, dozenaka lokuzio bertso zaharren mundutik jasotakoak, estrukturak eraikitzeko erraztasuna, erderakaden xarma izkutua esplotatzen jakitea… Baina badira ere topikora ez jotzeko arrazoiak: literaturan saiatu baina batere luzitu ez diren beste bertsolariren kasurik ere ezagutzen da. Berandu hasi zen Egaña bertsotan ikasten, eta puntako dabil. Berandu argitaratu du lehen liburua, baina zaila da elegantzia haundiagoz egitea. Idazle liburudun berri bati agur egin behar, beraz; aspaldiko ongi etorririk beroena.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak