kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Kaka esplikatzen / Juan Luis Zabala / Elkar, 1989

Aurrean papera eta atzean papera Anjel Lertxundi / El Diario Vasco, 1989-10-25

“Hemen”eko irakurleak badaki Juan Luis Zabala dela Nolotolon. Alderantziz irakurrita ere, Nolotolon. Palindromo bat. ORO hitza bezala. Eta kaka esplikatzera etorri zaigu, oro kaka bailitz. Baina galdera da KAKAK (beste palindromo bat) ORO eta ororen AMA esplika al ditzakeen NOLOTOLON horren eskutik.

Gure heziketa karrozagoak berehala jarri bait gaitu atezuan galdera honen aurrean: “Kaka esplikatu nahi hori noiz eta hogeita zortzi urterekin? Utikan! Edade horretan kaka sentitu egiten duk. Eta nozitu. Madarikatu. Esplikatu, ordea, esplikatu, nork bere hankak kaka horretatik ateratzen dituenean, eta batek hankak kaketatik ondo kostata bakarrik aterako dituela (eta ez dituela sekula erabat aterako, jakinda) sinesten hasten denean bakarrik hasten zaik tipoa kaka behar bezala esplikatu nahian”. Eta testua interes haundiz hartu dugu. Nolotolon-ek ere kaketan ikusten ote zuen bere burua jakin nahian. Baina inpresioa daukagu kaketan besteak daudela, inguratzen duen oro, baina ez bera. Eta ez zaigu, gutxienez, justua iruditzen.

Periodikuak letuz ilustratzen gara. Egia dela kantak dioena, eta bi urtetan “Hemen”en isuri dituen materialez baliatu da Zabala ere bere obra tajutzeko. Hasieran periodikoetako materialea zegoen, beraz. Ondoren, materiale guzti horren antolakuntza etorri da: Virginiari, narratzaileak bizi duen tristezian daukan helduleku bakarrari, idazten dion gutun luzea: “…Virginia, hiri idatzi behar dinat bestela nori idatzirik ez bait dinat inondik ere”. Badago sirenen kantuetatik ihes egin eta erroei atxikitzeko borondate ondo adierazia: “Jaioterrian negon, Virginia, hemen bizi naun orain berriz ere…”. Eta aurreraxeago: “Emaidan baimena mundu guztia ostikoz jo eta hire oinetara belaunikatzeko”. Autorea tristuraren apopilo bilakatuko zaigu eta tristura horretatik idatziko dizkigu orrialde ederrenak.

Nire ustez kazetaritza jeneroari buelta eman eta liburu tajukera hau osatzerakoan erakusten du Zabalak badagoela hor idazle ezpal nabarmena, nahiz, periodikuak letuz ilustratu beharrak beldur ematen digunez, periodikuetan idatzitakoak bilduz osatutakoek ere beldur ematen diguten.

Liburu honetan Zabalak erakutsi digu zer nahi lukeen. Ez diogu ikusi hain garbi zer eman dezakeen. Baina eman dezakeen hori ikusia eta ezagutua genion aurreragoko zenbait testuetan hemen baino gehiago. Eta horrexek penatzen gaitu, Zabalak bai bait daki zer den idaztea.

Periodikuetako lanekin ez da kaka esplikatzen. Kaketan bizitzeko aukera izaten da gehienez. Eta tituluak musika talde askorena oroitarazten digu: izena oso rupturista, baina gero elepeetan agertzen den musika ez da beste mundukoa izaten. Eta beti gelditzen da galdera bat gure ganbaretan halako zerbaiten aurrean: Benetan sintzeroa da edukiekin lotzen ez den rupturismo joera hori, edo titulu eta izenetan bakarrik gelditzen da erronka guztia?

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak