kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Koilara bete hitz / Josetxo Azkona / Alberdania, 2001

Otordu poetikoa Imanol Artola / Gara, 2001-07-14

Poesia sariketa pare batean —Iruñeko Udalak antolaturikoa eta Felipe Arrese Beitia saria— gailentzeagatik baino ezagunagoa izanen zaio ziurrenik Josetxo Azkona (Iruñea,1953) irakurleari kazetari gisa. Izan ere, irratigintzan (Paraiso, Eguzki, Herri Irratia eta Euskal Herria Irratian entzun ahal izan ditugu bere iritzi eta iruzkinak) zein egunkari eta aldizkarietan aritu izan da lanean. 1997an, esaterako, Rikardo Arregi Kazetaritza Saria eskuratu zuen, “Egunkaria”ren Nafarkaria gehigarrian argitaratutako artikulu batengatik.

Oraingoan, eta euskal poesiaren zaleen atseginerako, Koilara bete hitz izeneko poema bilduma berezi honekin datorkigu. Berezia diogu, menu bateko karta gisara egituratutako lana delako, eta poema bakoitza irakurle-bezeroak dastatu beharreko jaki literarioa bihurtu duelako Azkonak, egitasmo benetan original honetan. Abiaburuak, mokaduak, pizzadurak eta antzekoak aurki daitezke, besteak beste. Poesiaren eta sukaldaritzaren arteko lotura etengabea biltzen du orrialdez orrialde. Abiaburuetatik hasita, irakurleari jatetxe bateko bezero gisa ekiten dio egileak, eta zerbitzari prestua balitz bezala, ondoren mahairatuko dituen platerak gozatuko dituen kanela, albaraka, banilla, mendafina, salbia, oreganoa, estragoia, azafraia, intxaur muskatua, perrexila… eta gainerakoen berri ematen dio lehenik. Eta abiaburuen ostean, Azkonaren lanaren nondik norakoaren berri izanen du irakurleak, hurrengo poemetan aurkituko duen ironiarekin eta estiloarekin.

Aurrerantzean, eskaintza zabala duten menuetan bezala, astiro-astiro aseko da irakurlea. Liburuan aurrera egin ahala, gero eta beteagoa sentituko da, baina azken burukoetara iritsi arren, ez du sentituko betekada astunik. Ez. Otordu nahikoa arina baita hau. Gozagarri ederra, atsegina, baina gehiegi betetzen ez duena. Euskal sukaldaritza berria deitu izan denaren zenbait protagonistak sonatu egindako diseinuzko plateren menu bat dastatu ostean askotan geratu zaigun iritzi bera gailendu zaigu lan hau irakurri ostean ere. Aho-gozagarri ederrak dira bere horretan, kuriosoak, nolabait esateko, baina, azken orrialdetara iritsi eta mahaitik altxa ostean, betekada handirik gabe altxatzen da ira kurlea. Jaki bereziak, landuak eta goxoak dastatu dituela badaki, baina sabela, oro har, ez da inondik ere babarrun platerkada ederra jan duenarena bezain gustura gelditzen. Dena den, az ken batean, gustu kontua ere bada bataren zein bestearen aldeko hautua egitea.

Eta, zinez, sukaldaritza edo poesia berriaren aldeko hautua da Azkonak hemen egin duena. Diseinuzkoa, azken batean. Eta diseinuzko poesiak, sukaldaritzak bezala, batzuk liluratzen ditu, eta besteak bere horretan uzten ditu. Diseinuzko sukaldaritza gustuko ez duenak ere, hala ere, beti onartzen du dastatu duen zerbait —gutxienez— gustukoa izan zaiola eta harrigarria egin zaiola. Eta hala gertatzen da liburu honetan ere. Izan ere, mota guztietako bezeroak bereganatzeko moduko poemak zerbitzatu dizkigu egileak noizbehinka. “Olioz”, “Pitzadurak”, “Ogia eta kazeta”, “Esne gozokia” eta antzeko beste batzuk dira adibide. Ederrak, benetan.

Gainera, gure sukaldaritzatik haratago egiten du jauzi Azkonak, eta itsasoaren bestaldeko herrien ohiturak eta egoerak dakarzkigu esne gozokiz, zempuasuchitlez edota hamburgesez apainduriko poemetan. Azken batean, kartaz landako azken orrietan egileak berak aitortzen dizkigu lan hau egiteko erabili dituen osagaiak: hitz lirain eta ederrak, irribarreak, frustrazioa, harropuzkeria, amodioa, kikara erdi bat malko, itxaropen ongi zehetua, amorru salda, asmo freskoak, tristezia-purea, dozena bat galdera sakon eta hiruzpalau espezia exotiko. Eta osagaiok su motelean egosi osteko emaitza da lan hau. Erabat ase edo ez, mokadu berezirik probatu gabe ez da irtengo irakurlerik behintzat liburu bihurtutako jatetxe berezi honetatik.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak