kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Olerki galduak / Antonio Arruti / Elkarlanean, 1998

Katebegi galdua Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1998-11-07

1882tik 1919ra bitartean bizi izan zen Arruti frantziskotar zarauztarra, eta 1908tik 1919ra bitartean idatzi zituen olerkiak ezagutzea ezusteko harrigarria bezain atsegina izan da literaturzaleontzat. Antonio Arruti ez genuen ezagutzen egundaino. Ez dugu ukatuko. Eta horregatik izan da ezusteko ederra euskaraz hainbat olerki idatzi zituen gizonaren lanaren berri ez ezik, haren lanen bilduma ere jasotzea. Salbatore Mitxelenak, Santi Onaindiak, aita Villasantek, Bitoriano Gandiagak ederki ezagutzen zituzten Arrutiren lanak, baina, sarritan bezala, gure memoria historikoaren transmisioak huts egin du eta iraganaren zuloetan galduxea genuen frantziskotarraren izena. Hainbat lagunen lanak eta, batez ere, Joseba Intxaustiren ahaleginak, olerkari galduaren arrastoa berreskuratu digu euskal irakurleoi, eta, beraz, badugu gogoan izan beharreko beste euskal idazle bat.

Liburuan bertan adierazten zaigun moduan, Zaragoza, Bilbo, Donostia eta Tolosan sariztatu zuten Antonio Arruti, lehenengo gaztelaniaz eta gero baita euskaraz ere, behin eta berriz. Haren lanak, ordea, erabat sakabanaturik egon dira gaur egun arte. Batetik, Sevillan eta Bartzelonatik Habanaraino gaztelaniazkoak, eta bestetik, Euskal Herriko aldizkarietan euskarazkoak. Orain, guztiak bildu dizkigute liburu honen apailatzaileek, eta denak batera eskaini hirurehun orrialdetik gorako liburu mardulean.

Liburuak hiruzpalau zati baditu ere, hiru dira nabarmendu beharrekoak. Lehenengoan, Joseba Intxaustik Antonio Arrutiren biografia eskaintzen digu hirurogeita hamar orrialde ingurutan. Ondoren, Arrutiren beraren okerkiak datoz, gaztelaniazkoak zein euskarazkoak. Hirugarrenik, Joxe Azurmendik, zeinak frantziskotar zarauztarraren lanaren azterketa kritikoa egin duen, Arrutiren poesiaz ohar batzuk eskaintzen dizkigu berrogeita hamar bat orrialdetan barrena.

Ez dago esan beharrik Antonio Arrutiren olerkiak direla liburu honen muina. Hala ere, ez izan zalantzarik, liburua zeharo herren geratuko zaio edozeini Intxaustiren edota Azurmendiren hitzak irakurri gabe. Arrutiren bizitza ezagutzea beharrezkoa da zinez haren olerkigintza ulertzeko. Mutil kozkor bat zela umezurtz geratu zen —ama hiltzen ikusi zuen artean haurra zela—, eta ia itsu geratu zen gazterik. Hil ere gazterik hil zen, 1919an, 36 urte zituela, gripe espainola deituarekin. Haurtzaro eta gaztaro latz haren berri ematen digu olerkariak bere testuetan, eta, horregatik, eskertzekoa da Intxaustiren lan ederra. Azurmendirena ere, ordea, ahaztezina da liburu hau hizpide hartzen badugu. Arrutiren garaiaren, mende berriaren, kontzientzia berriaren, azterketa egiten du zegamarrak, eta Arrutiren poesia areago ulertzeko argibideak ematen dizkigu.

Arrutiren beraren olerkiei, gainontzean, ez diegu balio literario aipagarririk topatu. Gustura irakurri ditugu, baina hurrengo urteotan iritsi ziren euskal olerkarien ondoan, motz geratu zaizkigu zarauztarraren lanak. Azurmendik liburuaren aurkezpenean gogoratu zuena, ordea, aipagarria iruditzen zaigu. Hots, Arruti ez dela Lizardi bat, baina Lizardirenganaino iristeko bidea egin zuela. Arruti izan zelako izan zirela beste batzuk, alegia. Frantziskotar askok, Gandiagak berak kasu, Arrutirengandik ikusi omen zuten euskaraz poesia egin zitekeela. Hori da, gure iritzirako, liburu honen tamaina neurtzeko irizpidea. Ikuspegi literariotik, beharbada, ez du asko eskaintzen —baditu, ordea, olerki eder askoak—, baina historikoki garrantzi handikoa da. Katebegi galdua genuen Arruti. Topatu dugu, zorionez.

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak